Imanol Osinaga

Salbaiguzu arabisagar!

Astean behineko nano-bilerekin nahikoa, txorakeriak besterik esaten ez zutenentzat. Bazirudien –zioen Inuxentziok– behin-behineko langilegoaren desestrukturazioa, eta ondorioz, kudeaketen kalitatearen gainbehera ez zela lehentasunezkoa.

Urte pare bat edo izango dira Inuxentziok karrika kantoi batean ahopean kontatu zidala ixa istituzio publiko txit goren bateko sail batean, jadanik gogoratu nahi ez duena, beste birus kutsakor bat bazegoela bertan sendoki txertatua, ez zoonosikoa ordea. Beraren estruktura eta sistema, eta nork jakin, akaso oinarrizko kosmogonia ere, aspalditik larriki kaltetuak zituela.
   
Hasieratik ohartarazi zioten jardun hura oso zaila izanda ere bazuela bere ordaina, barne giroa oso ona zela. Ondo ulertu altzuen? Termostatoaren prestazioei buruz ariko ote ziren? Sufrimenduaren azpimundu dionisiakoarekin nahiko sensibilizatua zegoenez, eta bere ekarpena egitea mereziko zuelakoan, aurrera egin zuen. Hara ba ezustekoa! lehenengo egunean, kalejiran ikusi, ikasi eta ondo entzungo zuenaren aurkezpen txalogarria. Azefalek, haserre, erdeinuz eta ozen –! yo no te voy a explicar nada que estoy muy atareada!– hots –zoaz antzarrak perratzea!–. Lehen zaplaztekoak bere kopeta marradun ximurtua hareagotu egin zuen, auskalo zer etorriko aurrerantzean...

Eskarmentu gehiena zeukanak, Turgentzik, lehen egunetako harremana ona izan bazen ere, bigarrenetik aurrera egoera korapilatzen hasi zuen. Eginbeharreko andanen irakaspenak murrizten joan ziren, noraino egiten zion galdera beldurti bakoitzak gogaitu egiten baitzuen. Azefaleri galderak egitea ausartzen zitzaionean, irtenbiderik ezean noski, modu arbuiagarrian eta seinaletikaz erantzuten zion. Beste batzuk ordea prest zeuden egitekoen xehetasunak adierazteko, justizia naturalaren Themis jainkosak gomendatzen zuen bezala. Tartean, zainetatik zerabilkion kortisola eta kortisonarekin –hamaika hezur txikituta baitzuen– zirku-malabareak egiten, egun baterako nahikotxo izaten dituzun horiekin. Ene ber hiru telefono dei eguneko, egoera kognitibo eta emozional oso kaxkarreko eguneko hogeika herritar zorrotz eta haserre artatzen, eta ezkerreko oineko behatz lodiaren puntarekin izapide errepikakor eta aldrebestuak kudeatzen...

Ondoan zuen Turgentziren aldetik, transformer eta misantropa zegoeneko, etengabeko isilpeko errieta maltzurrak jasotzen hasi zituen. Zergaitik ote? ba berak nahi zuen azkartasunarekin telefonoa hartzen ez omen zuelako, herritarrak artatzen denbora gehiegiz egoten ei zelako –beharrezkoa, larritasunak ikusita– eta dudak zituelako izapideen kudeaketan hilabetea besterik etzeraman giro magiko horretan. Baaa, huskeriak… nork esango eta non ikusiko! …zeren eta egoera tamalgarri hauetan, herritar andana zai, deiak hartu gabe, izapideak nonahi eta nolanahi…ba Azefale eta Turgentzi bere etxeko-lanetan zebiltzan, hala nola, oporren erreserbak internetez egiten, familiarekin hitzegiten, sare sozialetan solasten, beraien artean edota tartean harrapatzen zutenarekin gauza interesgarri eta pertsonaletaz hitz eta pitzean, eta abar luzeak.

Antsiedadeaz blaiturik, sinistu ezinik, mespretxuzko komentarioak gora zihoazen telefonoak markatutako belarri gorritura beste hau –te la vas a cargar–. Hurrengo batean, artatzeko itxoiten zeuden herritar multzoaren aurrean, gogoz eta ozen –¡oye guapo, a ver si atiendes a los demás y estás menos tiempo con cada uno!– edota Azalorek, listu-guruinak ikusten zitzaizkiola –¿tú me vas a organizar la agenda o qué?– Inuxentziok zioen hori etzuela inoiz zuzenean entzun, ezta eraikuntzan lan egiten zuenean ere -sentiberagoak ziren. Arimak merke saltzen diren muntai-kate horietako batean sartu ote zen? Berez, herritar ugarik eskeintzen zizkieten sasiesplikazio kodifikatuak deszifratu ahal izateko –Alan Turing kriptografo handiak ere izerdiak botako zituenekin– beharrezkoa zutela Michael Endek Momon ederki deskribatutako eta Ibex35ean kotizatzen zuen aldagai preziatu hori. Nolanahi artatzea helburu, zenbat ez-ulertu hainbat akats, komunikazio-inkomunikazioaren lausoan bihar konpondu beharrekoak eguneko menuarekin nahastuta koktel eztandagarriak errazten.   

Ostiraletako nano-bileretan estu eta larri lortzen zituzten elkarren arteko argitzeak: arazo, protokolo eta izapide berriak, kasu bereziak, txukunketak, tirabirak, e.a. Bertan, Hyde Jaunaren ondorengo hurbila, Turgentzi, jarrera despotikoetan ongi murgiltzen omen zen. Kamorra lez, koordinaziotik zetozen betearazpenak bere modura desegiten -akaso, honetan eta soilik honetan, arrazoi apur bat, eta soilik apur bat, ematen zion Inuxenek. Hala ere, ezin ulertu hierarkiarik gabeko horizontaltasuna etzela eguzkitako kremaz zopatuta hondartzan bezela etzanda egotea, ezta abakoz zein grafikoz adierazita ere. Entalpia sudurretatik zerion eta une batean, gaztetan fakultateko laborategian espektroskopiaz aztertutako kortikoesteroideen egiturazko formula bertan zuzenean zainetan zehar nabigatzen hiru dimentsiotan antzeman zuela zin egiten zidan. Nahitaezko aste beteko bere lehen bajaren bueltan, jakina, jasangaitza egiten zitziolako lan-martxa frenetiko eta ukuilu giro hura, nardagarritasunean pole position irabazita zuenak, beste ostiraleko nano-bilera batean, ea zer moduz pasa ote zuen oporretan galdetu ei ziola isekaz. Azkenean, Turgentzi, ‘lankide’ berriei oka egiteak jadanik etzuelako kitzikatzen edo, beste sail batera joan egin zitzaien –ufff… a ze pena…bejondeiela!–.

Hala nola, beste sail batetik hebainduta etorri berria eta auskalo zer nolako ‘adiskidantzaz’ ugertuta, Hezurti, hasieran aldarte ona izan bazuen ere, ziztu bizian abduzitua izan zen aldendutako jazarlerik gabe geratzen zen beste izkineko aleagatik. Lehen minutuan jada laguntxoak ziren eta bata bestearentzat prestu zeuden, Inuxentziorekin bezela… –jajaja…astemearen motxina!–. Hurrengo pausua, harrapazank, Inuxenen lan egiteko moduaren pittinkako estigmatizazio zakarra izan zen, burni gori batez egindako aipu txar edo esklabutzaren xakia bailitz. Edozein akats eginda ere, garrantzi handirik gabekoa eta etengabeko anabasa eta urduritasunaren ondorioz, biek ala biek ozenki, nabarmen uzten zuten edozein egoeratan ere. Beraien egintzak akatsik gabekoak ziren, eta egotekotan, bestearenak bai ala bai. Ondokoari norberak egindako lardaskeriak aurpegiratzea eta segidan hauen ukatzearen kirola, espartar diziplinatuak ere hantxe lurjota sumatzen zituen, normaltzat hartzen zuten. Eskerrak benetazko zenbait lankide zentzudunek erruez salbuesten zutela ageriegian zegoenetan. Hala ere, bikote berriak horrela zioen noizean behin -no le preguntes a este si ha metido la pata, porque se enfada- eta Inuxentzio barne-muinetaraino nazkatuta, mugak nola adierazi jakin ezinik.

Tartean behin, bere ondoan jarritako Hezurti kexatzen hasten zitzaion: gizaseme izanagatik zituen pribilegioez, berdinak baitziren denak noski. Haren frustrazioaren errua berriz ere Inuxenen gainean…gutxi izan ez balitz, bere lehen lan bileran, martxoak zortzian, amorruz eta irmo –non Inuxentzio ia ia aurreko egunean Husserl-en Haraindiko Fenomenologiaren ordezkari sutsuak afaldu zuen guztia asmatzera iritsi zen– gehienek greba egingo zutela bai ala bai, baina erregin-dekretoz Inuxenek lanean gelditu behar zuela gutxieneko zerbitzua betetzen. Kategoriazko inperatibo eztabaidaezina…txundituta eta sinistu ezinik, horrela egingo zuela erantzun zion beldurrez, baina borondate onez noski, nahiz eta une horretan berezko aiherra bestelakoa izan –Kant-i jaramon eginez– berdintasun ontologikoaren alde zegoelako, alegia, organuen ontikotasuna ezpaitzen funtsezkoa. Sexudun bizidunetan, zelulen unitate energetikoak diren mitokondriek emearengandik heredatzen omen zituzten Azido Desoxiribonukleikoa egituratzen zuten geneak, soilik euli, xagu eta ardietan ezik, arrarengandik jasoak nonbait, eta ondorioz, gainontzeko kasuetan ez omen zela ez energia ez bizitzarik. Hala sentitzen zen Inuxentzio, tripolartuta, noraezean, herrestan eta marraka. Bazpaere, etzuen huntaz eta hartaz txintik ere esango lepoa harrixkuan ikusten baitzuen gizarajoak.

Ezinhobezko giro honekin jarraituz, halako egun batean, Inuxentzioren atseden ordua iristean, sakratuak baitziren arnasgune eta uneak, Azefalek, ozenki eta beltz-tratulari ohikoen jarrera brodatuz –¡venga! ¡ospa de aquí que ya es tu hora!– goizean goiz gosaldutako babarrun eta odolki goxo eta beroak bere gainean okazteko gogoari eutsiz, solemnitate hutsal eta umoretsuaz begiratuz, soilik harritu aurpegia jaso zuen. Agian ohituta, horrelakoak esaten zizkioten gaztetan edo bere bikoteak…auskalo…sikoanalisiaren merkatu-hobi paregabea. Aurrera ba argiontziarekin! zioen Inuxenen aitonak. Bada hurrengoa, morea etzuen beste koskabiloan emango zioten. Bere bi ‘lankideak’ laneko baja hartu zuten aste bateko aldearekin –logismoak, bai, argi adierazten baitizkigu jardun onaren ondorioak– eta adituen larrialdiko lehen erabaki inprobisatua ona izan bazen ere, hots, funtzio bereko beste saileko lankideak harrerara eramatea –eta neurri honek besteen izapideak geldiarazi zituenez, beraz, dei eta kexa gehiago– handik gutxira, egoera jasanezina bihurtu ei zen, ezbaitzeuden ohituta bertako zentzugabetasunetara. Borondatea ona izanik ere, galdera amaiezinak denak batera zurrunbiloan, nolanahiko erantzunak eta ebazpenak izotz koxkor.

Bi astez jarraian hainbat ilustratuei egingo zizkien erreguak, egunak pasa hala haserrezko galdegiteak bihurtuz, hau da, langile gehiago behar zela eta egoera hauen aurrikuspena ere, antzu jarraituko zuten. Nola justifikatu Giza Ustiatze departamentuan langile gehiagoren beharra? legeak etzuela baimentzen…baina bai ordea langile xumeak bere onetik ateratzea, lanetik hanka egin behar izatea eta Rita oilasko-saltzaileak ordezkatzea. Bazirudien, zioen Inuxentziok, amildegira zihoan hegazkin baten gidaripean jarri omen zutela, baina ez simulazio-kabinatxo batetik ez. Kafkak oharrak hartzeaz zabartuta, bere ondoan Inuxen, Medikuntzaren historian murgilduta, trepanazioa eta lobotomiaren abantailak aztertzen.

Halandabe, kontakizunean sakondu nahiean, Afrikako ahuntzek aspaldi jan ohi zuten kafe-aleen infusio bat hartzera gonbidatu zuen Zentzugabeko Etorbidean hutsik zegoen eserleku preziatu batean. Beraien lanpostuaren maila eta prestakuntza etzetorrela bat ohiko jardunekin errepikatzen zidan saminduta. Alegia, arazo oso ezberdinak dituztenen egonezinari eutsi eta berau bideratu, askoren jarrera bortitzak pairatu, adierazteko zailtasunak dituztenekin hizkuntza anitzetan komunikatzen ahalegintzea, e.a.

Argi zuen oinarrian zetzala premiazko lehen harrera eta bideraketa gauzatzen zituztenen zaintza eza, eta ondorioz, kreazionisten antza, sikoadministrari lanpostuaren berezko-sorreran sinistea. Goiko solairuetako bizilagunen asteroko ikastaro sikodramatiko, kafez eta pasta goxuez hornitutako bilera amaigabe eta abar luzeetan, langile xumeek etzuten ez lekurik ez ahotsik ere. Astean behineko nano-bilerekin nahikoa, txorakeriak besterik esaten ez zutenentzat. Bazirudien –zioen Inuxentziok– behin-behineko langilegoaren desestrukturazioa, eta ondorioz, kudeaketen kalitatearen gainbehera ez zela lehentasunezkoa. Beti ere zenbakiek koadratuz, noizean behin galoidunen paparrean urrezko bereizgarriak zintzilikatuz eta hiritarren aurrerako formak mantenduz, marinelak ametsegaizto guzti hauek ur hotzetan uxatu nahiean kareletik jaurtitzen zirela ere. Eskasiaren justifikazioen gainlentzearekin batera –zegoena zela, dirurik etzegoela, beste lekuetan okerrago zeudela, begira bestela Palestinan, a ze egoera Juanitarena eta gu zeinen ondo bizi ginen, ezin ginela kexatu–, herritarren arazoak murriztea aski zaila zela zioen.

Finean, mistifikazio satrapikoak eta inprobisazioak nonahi, edo, litekeena zen, karmak etziola onartu iztarteak brasildar erara moztuak izatea…ongi ikasita zuen Haizeari tu eginez gero bi aldiz gogorragoa bueltatzen zela. Hala ere –gora bizitzaren zirkua!– zioen burua altxatuz bezala.

Bilatu