Pello Zabala
Eguraldian aditua

San Fermin, eulien festa

Parean egokitu, halaxe. Uztaileko lehen ostiral honek San Fermin izen altuko festa eguna ekarri digu.

Euskal nekazarien historian, zenbat buruhauste, uda garai zabalean batipat, giroarekiko! Zenbat begiratu behar izan dion zeruari euskal nekazari ta laborariak! Haize eta laino, hodei eta trumoi, ostotsak nondik apuntatu eta noiz lehertuko, beti lepoa atzera jasota, goialde ta zeharraldeen zesuman...! Eta ez soilik landako uztalan denetarikoa zaintzeko... baita hainbat herritako santu ta santa patroien festegunak ospatzeko ere. Garaian garaikoak nahi, eta aldi bakoitza seinalatzeko, nola ez, santu eta santa guztiak behar zituen lagun, laboreak eta fruituak garaiz eta sano umoturik eskuetara iritsiko bazitzaizkion.

Horrela, hortxe gelditu zaizkigu hainbat egun eta esaldi, santu eta santen egunetakoak, uda aldi zabala edertzen eta dotoretzen dutenak. Zerrenda asko luza bagenezake ere, Hiztegietan bila, gaurko San Fermin egunak harritu nau: Gotzon Garatek bat bakarra topatu dio santuen atsotitz esanguratsu horietan: San Fermin ondoko igandea, eulien festa! Argi dago, kale eta enparantza bazterrak orain baino gutxiago garbitzen ta zaintzen zireneko hondakin zabor zaramaz ari zaigula esaera nafar hau. Bero zakar eta erreak, aspaldi hartan ere, sasoi honetan izaten zirenaren seinale, nonbait, euliak berotan baitu ezti, aurten bezalaxe.

Beroari gagozkiola, aurtengo martxa berexian, aspaldiko beroaldirik erre eta sapatsuena egokitu –edo des-egokitu zaigula–, halaxe esan eta esan ari zaizkigu: aspaldiko maiatzik beroena izan dugula, baitere ekainik eguzkitsuen eta umelena aspaldiko partez; bero ittogarria datorrela Europan Alpe inguru horretara... eta Ekialde Ertainean ere, inoizko tenperatura altuena iritsi dutela: 53,7º izan berri dutela, hain zuzen, oraintxe aste bete...

Aurten, eulien festa, benetan!

Bilatu