Joseba Aurkenerena

Santibateak eta Libertimendua Donibane Garazin

Idazleak otsailaren 7an Donibane Garazin ospatu zuten libertimenduaz idatzi du. Eguneko kontaketa egiteaz gain, Aurkenerenak gerla handiek ihauterien etena eragin zutela azaldu du. Garaztarrek duela hamar urte ohitura nola berpiztu zuten kontatu du.

Inauteri garaian gaude. Neguaren indarrak apaltzen ari zaizkigu eta aurten inoiz baino azkarrago. Jadanik, bedatse edo udaberriaren lehen aztarnak gure artean daude. Urtarrilaren azken egunetan, neguaren nagusitasuna ekarri zuten gogora Donibane Garaziko karriketan. Maskarak, kantuak, dantzak, bertsoak... nonahi ikus eta entzun izan zitezkeen. Berriz ere, zirtzil giroa nagusi izan zen Garaziko ostatu eta kaleetan.

Otsailaren 7an, berriz, Libertimenduaren garaia izan zen eta zirtzilekin batera, basandereak, zapurrak, bolantak, makilariak eta gainerako pertsonaiak atera ziren plazara. Goizeko 10,30etan, bezperatik zeru gainean zegoen ekaitz handien arteko atergune bat baliatuz, kabalkada alaia karrikaz karrika ibili zen. 11,15etan merkatura iritsi ziren eta bertako aterpean, Lizeoko ikasleek urtero prestatzen duten antzezlan barregarriari hasiera eman zioten. Ontsalaz, urtean zehar Garazi aldean edota Nafarroa Beherean gertatutakoak izaten dira antzerkirako iturri, eta bertakoen barre algarak sortarazten dituzte. Inoiz ez dira jendarmeak eta guardia zibilak faltatzen. Aurten ere, hor izan dira Ortzaizeko gertaerak jokatu dituztelarik. Tarteka, nola ez, Garaztarrak taldeko dantzari trebeek Baxenafarroan horren ohikoak diren jauziak eskaini zituzten kolore eta trebezia handiaz: Dantza luze, Euskaldunak eta sorginak… Ekhi Erremundegi eta Patxi Hiriart bertsolari gazteek lauzpabost saio tartekatu zituzten han ginenon belarriak poztuz eta zorroztuz.

Bukaera aldean, neguko eta udaberriko indarren arteko talka idurikatu zuten, baita azkenean, bedatsearen erabateko garaipena ongi jokatu ere. Gero, gerokoak, kantina ondoko kantuak, solasak, bertsoak… eta amaiera ederra emateko, berandu arte luzatu zen herritarren arteko bazkari goxo eta alegera.

Santibateak eta Libertimendua ohiko inautea izan da Nafarroa Beherea osoan, nahiz eta herri eta eskualdeetan modu eta itxura ezberdinak ukan dituen. Bi gerla handiek inautearen etena ekarri zuten eta denboraldi luzea iragan behar izan da usadio zahar hauek berpiztu ahal izateko.
Lehenak garaztarrak izan ziren, duela hamar bat urte. Antton Luku izan da horretan pertsona garrantzitsua, ahantzitako oroitzapenak jaso, aztertu eta berriz plazaratu dituena, eta harekin batera, baita Garaztarrak dantza taldea eta Lizeoko antzerki atelierreko gazteak ere. Hiru eragile hauek izan dira, gehien bat, Baxenafarroako inautearen arrapiztea ekarri dutenak.

Geroxeago, Amikuze aldean hasi ziren, Donapaleuko Santibateak eta Libertimendua arrakasta handiaz arrapiztuz. Geroztik ere hor ari dira,  han-hemenka, eta ahal bezala, Baigorrin, Oztibarren eta beste zenbait eskualdetan.

Nire irudikoz, Nafarroa Behereko inauteria ederra eta duina da, gora doana, ospea Euskal Herri osoan hartzen ari dena. Antton Lukuk, Pamiela argitaletxearen bidez, 2014an plazaratu zuen “Libertitzeaz” izeneko saiakera mardul eta gogoangarriak badu zer ikusirik Euskal Herri osoan hedatzen ari den ezagupen eta onarpenarekin.

Denbora pittin bat eskas du. Hurrengo urteetan, egitura finkoak hartuko ditu eta euskal inauteriaren barruan toki zabala bereganatuko duelakoan nago. Hazia lur emankorretan ereiten jakin dute eta gazteek aitzina egiteko grina dagerkigute. Laster azalduko zaizkigu lili berri eta ederrak Baxenafarroako inautearen arloan. Neguko eta udaberriko indarren talka horrek badu zer erakutsi baxenafar herrietako inauterian. Hala bada, hala bedi!

Bilatu