Santomasak neguaren atarian

Santomasak abenduaren 21ean ospatzen dira, neguko solstizioaren garai berean. Idazleak bestaren jatorriaren inguruko informazioa azaldu du. Horrez gain, San Tomas eguneko ezaugarriak zeintzuk diren aipatu ditu. "San Tomas Eguna da egun, zalantzarik gabe, Euskal Herriko neguko besten gurpilari hasiera ematen dion lehen ekitaldi garrantzitsua".

2015/12/17 | Iruzkin 1

Europako kultura zahar guztietan eguzkiaren gurtzea arront zabaldurik izan da. Eguzkia zen herri horientzat dibinitate handia eta bizi-emailea. Kultu horren inguruan baziren besta eta erritualak urte osoan zehar, baina batez ere, bi solstizioen inguruan. Neguko solstizioan eguzki zaharra hiltzen zela uste zuten eta baita eguzki jaio berri bat sortzen zela ere. Sinesmen hori zuten antzinako erromatarrek, zeltek eta baita euskaldun jentilek ere.

Euskaldunok Eki edo Eguzki jainkosa gurtzen genuen eta neguko solstizioan hil eta berri bat pizten zela uste genuen. Eguzki zaharraren heriotza eta eguzki berriaren piztea zela eta, gure arbasoek su-metak pizten zituzten mendi gailurretan eta baita herriko plazetan ere. Animalia, fruitu eta barazki eskaintzak egiten zituzten, ama-lurraren esker ona irudikatu nahian. Ongi bete beharreko errituak ziren, urtearen iraupena ahalbideratzen zutenak.

Giristinoen etorrera eta hedapenarekin, sinesmenen arteko sinkretismoa sortu zen Europa osoan, baita gure Euskal Herrian ere. Lehen jentila zena giristino izatera pasatu zen, baina izenak eta kultuak erabat aldatuz. Hori bera gertatu zen neguko solstizioaren inguruan ospatzen ziren besta eta erritual magiko guztiekin. Eliza katolikoak Jesukristoren sortze eguna neguko solstiziotik gertu kokatu zuen, lehen eguzki jaio berriaren besta zena Jesus Hau rraren sortze eguna bilaka zedin.


1- San Tomas eguneko bestaren sorrera

Sinesmenen arteko sinkretismoan bilatu behar ditugu gaur ospatzen ditugun besta ainitzen sorrera. Eta hortxe kokatuko nuke nik, gaur Santo Tomas edo Santomasak izenez ospatzen dugun besta arrakastatsua. Besta hau Euskal Herriko herri askotan ospatzen da: Arrasaten, Donostian, Bilbon, Azpeitian, Lekeition, Zaldibarren, Errenterian, Lezon, Irunen… Lehen ikusi dugu neguko solstizioaren inguruan eta eguzki sortu berria gurtzeko, hainbat erritual egiten zituztela, horietako bat, animalia, fruitu eta barazkien eskaintza zelarik.

Horrelako eskaintzak ziren ber egunetan, geroxeago, azokak egin zituztela pentsa dezakegu eta azoka horietako batean oinarriturik sortu zela gaur egun San Tomas izenaz ospatzen dugun azoka famatua. Hau ez dago dokumentaturik baina logikak irudikatzen digun gogoeta dela, erran genezake. Zaharrena Arrasatekoa da, XIV. mendekoa. Bada 1.351ko irailaren 20an dataturik den dokumentu bat horretaz mintzo zaiguna. Agiri honen bidez, baimena eman zitzaion Arrasate herriari Santomasetako feria abenduaren 21, 22 eta 23n ospa zezan. Ez dakigu data horren aitzinetik ospatzen ote zen. Agian izen horrekin ez, baina pentsa dezakegu, bazela aitzin-aitzinetik egiten zen azoka.

Donostiako bestaz dugun lehen aipamena XIX. mendekoa da. Garai hartan Euskal Herriko biztanle gehienak baserritarrak edo laborariak ziren, eta gehien-gehienak maizter edo bordari, eta urtero errenta edo saria ordaindu behar izaten zioten nagusi edo lurren jabeari. Badirudi horretarako erabiltzen zuten eguna azaroaren 11 zela, hau da, San Martin eguna, baina laborari ainitzek ordaina egiteko arazoak izaten zituztenez gero, abenduaren 21a arte, hau da, Santo Tomas egunera arte luzatzen zen epea. Azkenean, errenta ordaintzeko ohitura edo usai hori abenduaren 21era pasatu zen. Nagusiek, normalean, ez zituzten lurrak lantzen eta Donostian bizi ziren. Errenta ordaintzeko laborariek sosak eta kapoi pare bat eramaten zizkieten eta ordainetan, nagusiek bazkari bat ematen zieten. Bazkari horietan makailua edo bakailaoa izaten zen jakirik ohikoena.

Donostian zirela baliatuz, laborariek heien mozkinak (barazkiak, kapoiak, oilaskoak, lapinak, fruituak…) saldu eta heien herrietako dendetan izaten ez zituzten produktuak eta lanabesak erosten zituzten. Urteak joan, urteak etorri, feria edo merkatua antolatzeko beharra ikusi omen zuten, edo agian lehenagotik egiten zen azoka hura indartzeko abagune egokia zela zuten ikusi. Gauza da, ordutik Donostiako Plaza Berrian, berantago Konstituzio Plaza deitu izan den horretan, egiten dela.

Badirudi Bilbokoa eta gainerako herrietako feriak edo merkatuak berriagoak direla. Baina zergatik lerratu zen errenta ordaintzeko eguna San Martin egunetik San Tomas egunera? Epearen azken eguna zelako? Eta zergatik zen epearen azken eguna? Hortxe dago gakoa. Neguko solstizioaren inguruan egiten ziren eskaintzak, opak, merkatuak… zahar-zaharrak ziren eta garrantzi handikoak euskal lurretan. Horregatik hautatu zuten, nire ustez, egun hori, errentaren ordaina egiteko azken egun gisa. Epea hilabetekoa zen, eta San Martin egunetik San Tomas egunera luzatzen zen, hau da, Euskal Herrian ospetsuak ziren bi merkatu edo ferien arteko denbora zehatza zen.

2- Santomasetako ezaugarriak

Arrasaten bestak hiru egun irauten du, eta abenduaren 22an izaten da egunik handiena. Egun horretan izaten da ganadu edo azienda feria eta hegazti eta fruitu eta barazkien erakusketa eta salmenta. Egun berean, beste plaza batean, artisauen erakusketa eta salmenta izaten da. Herriko plazan sagarnoa, taloak eta txistorra dastatzen dira. Herri zozketarako prestatu duten urdea edo zerria ere erakusgai egoten da.

Horretaz gain, herri bazkariak, txistulariak, dantzariak, bertsolariak, aizkolariak, harri-jasotzaileak eta horrelakoak nonahi ikus eta entzun daitezke. Ospetsua da egun horietan kaleetan barna dantzatzen eta kantatzen den Txarri Dantza. Horra hor: Gizendu jaku txarrixa / saltoka dabil herrixa / aintxinako iturrixa / umore barri-barrixa / Talua arto uruna / eta baserriko lanak / erakusten bagabiltz baña / lekutan daz horreik danak. / Sasoi bateko ohitturak / etortzen jaku gogura / tertulian egoteko / bazan nahikua denpora. / Orduko erromerixan / dantza suelto eta ardau / haxe zan jaixa sanua / oin barriz dana libre dau. Donostian ohitura edo usaia zena tradizio bilakatu zen. Gipuzkoako garraiobideak hobetu zirenean, garai batean bordari izandako laborariak lur jabe edo nagusi bilakaturik ziren, hala eta guztiz ere, tradizio zaharrari heldu zioten eta Santomasetan Donostiara joaten jarraitu zuten. Horrela feriak bizirik iraun du gaur arte.

Garai zaharretan bezala, gaur ere, Kontituzio Plaza izaten da bestaren gune nagusia, eta bertan egiten dira azienda edo ganadu feria eta baita hegazti, fruitu eta barazkien azoka edo merkatu aberatsa ere. Santo Tomas eguna egun handia bilakatu da Donostian, eta aipatu plaza ttipia gelditu denez gero, inguruetako kale eta plazetan, baita bulebarrean ere, txorizo eta talo salmahaiak ipintzen dituzte. Zozketatzen den urde edo zerri lodikotea Konstituzio Plazan izaten da egun osoan, bertara joaten diren guztien begien erakargarri. Bada erran zahar bat “Santo Tomaseko feriya, txorizo eta ogiya” erraten duena, bi produktu horiek –txistorra eta ogia izaten baitira, sagarnoarekin batera, bestan gehien jan eta edaten direnak. Azken berrogei urte hauetan taloa ikaragarri zabaldu da eta ogia nolabait baztertu.

Jendea gipuzkoar laborarien arropaz jantzirik joaten da hiria kolorez eta alaitasunez zipriztinduz. Donostiarako erran dudana gainerako herrietarako errepikatzen ahal da, bai Bilborako eta bai gainerako herri guzti-guztietarako. Ganadu feria, hegazti, fruitu eta barazkien erakusketa eta salmenta, artisauen produktuak, sagarno dastatzea, zerriaren zozketa, txistorra eta taloa, bertsolariak, euskal kantuak, herri kirolak, erromeriak, laborarien janzkerak… izaten dira egun honetan nonahi ikus eta goza daitezkeenak. Besta borobila da, bere baitan indartzeko eta zabaltzeko hazi oparoa duena. Azken hogei urteetan izugarri zabaltzen ari da, eta gaur herri ainitzetan ospatzen da. San Tomas Eguna da egun, zalantzarik gabe, Euskal Herriko neguko besten gurpilari hasiera ematen dion lehen ekitaldi garrantzitsua.

Artikuluak
Joxe Iriarte, Bikila
2018/10/18
Gutunak
Juan Manuel Erasun
2018/10/18
Ainhoa Irigibel Irotz
2018/10/18
Josu Jimenez Maia | Idazlea
2018/10/17
Javier Orcajada del Castillo
2018/10/17
Azken post-ak
Ander Edo
2018/10/18
Ander Edo
2018/10/18
Martin Garitano
2018/10/18
Martin Garitano
2018/10/17