Joseba Aurkenerena

Sarako kabalkada, lehena omen

Idazleak urriaren 9an Saran eskaini zuten kabalkadaz hausnartu du. Oroitarazi du ez dela herrian eskaini duten lehena, 1815ean kabalkada-tobera bat jokatu zuten hain zuzen. Aurkenerenak etorkizunean beste kabalkadak prestatzen ari direla iragarri du. Hala nola, Bidarrain.

Azken urte hauetan kabalkadak, toberak, zintzarrotsak… zabaltzen ari dira Lapurdiko eta Nafarroa Behereko herrietan. Aurten, bi izan ditugu, biak Lapurdin, Lehena agorrilaren 28an eta irailaren 3an Makean jokatu zutena eta bigarrena, urriaren 9an Saran jokatu zutena. Hurrengo urteari begira ere, badira proiektu berriak, Bidarrai kabalkada prestatzen ari baita.
Baxenabarrek  tobera munstra deitzen diote eta Lapurdin kabalkada edota kabalkada-zintzarrotsa, azken izen hau, gehien bat, itsas-hegiko herrietan erabili delarik.

    Fartsa modukoa izaten da eta bertan hainbat gai epaitzen dituzte. Horregatik Jaun Jujea, Jaun Abokata eta Jaun Usierra izeneko pertsonaiak agertzen dira. Gaiak, ontsalaz, herrian gertatu edo gertatzen diren kontuak izaten dira, modu irringarrian jorratuak. Beti ez da horrela izaten, eta azken hamarkadetan, ikusgarri moduko kabalkadak ere azaldu dira. Hauetan gaia ez da epaiketa baten inguruan garatzen, hainbat istoriotan baizik. Istorio hauek fikziotik gertu egon daitezke. Kabalkada guztietan antzerkia, dantzak, bertsoak eta kantuak ezinbesteko osagaiak izaten dira. Kabalkaden inguruan, Zuberoako pastoraletan gertatzen den bezala, herritarren arteko auzolana eta adiskidetasuna izugarri indartzen dira, herri giro ederra piztuz.

    Aurtengo kabalkadetan, egitura ezberdina jorratu dute. Makeakoan antzerkiak toki zabala hartu du, biziki irringarria, gainera. Lau gertalditan banatuta, baina lau gertakizun ezberdin jorratuz, inolako auzirik gabe. Sarakoan, berriz, ohiko egiturari eutsi diote. Izan dira auzia, epailea eta ohiko pertsonaiak.


1.- 1815eko kabalkada-tobera Saran

    Saratarrek azken tobera 1815ean jokatu zuten. Saran bizi zen Wentworth Webster britaniar euskaltzaleak ikusi eta ongi dokumentatu zuen eskuz idatzitako izkribu batean. Nik orain Dantzan.eus-etik ateratako testua eskainiko dizuet:
       Wentworth Webster-ek jaso zuen Sarako Turrut-Arrosaren berri. Saran bertan bizi izan zen Webster hainbat urtez, eta berak jasotako dokumentazioaren artean, 1815 urte inguruan Saran egin zen toberaren berri ematen zuen esku-idatzia aurkitu zuen Xarles Bidegain-ek.
       1815 urte inguruan, Sarako Arrosa etxeko jauna, Turrut-Arrosa gaitzizenez ezagutua, laugarren aldiz ezkontzera zihoan. Aurreko hiru emazteak erditzerakoan hil ziren, eta gizonak, adinean aurrera joan arren, laugarren aldiz ezkontzea erabaki zuen. Hainbat gautan, Sarako gazteak Arrosa etxearen inguruan batu eta adar-turrutak jotzen zituzten. Senpereko eta Zuraideko gazteak ere etorri ziren beren soinu tresnekin zarata egitera. Gizonak entzungor egin eta laugarren aldiz ezkondu zen. Orduan gazteek erabaki zuten toberak egin behar zizkiotela.
      Turrut-Arrosaren epaiketaren egunean Sarako plaza jendez gainezka zegoen ezarritako egunean. Jean Louis Mikeleperitz makilaria aurretik zela sartu zen plazan kabalkada. Dantzari eta pertsonaien artean, ezkon-berrien plantak egiten zituen bikote mozorrotua zen. Urtxokok egin zituen Turrut-Arrosa-ren plantak. Tribunala prest, epaiketarako dokumentazioa zekarren kurrierra, zaldun-postaria falta zen, eta epaileak beste kurrier bat bidali zuen bila.
     Piarres Adamek kantatu zuen lehen bertsoa:
Jaun jujeak igorri du Kurrier berria
Ustez eta izanen den lehengoa baino hobia
Sorhoteneko atean dago zalditik eroria.
      Gertaerak eta frogak, irriz eta trufaz antzeztu ondoren, tribunalak ebatzi zuen Turrut-Arrosa zikiratu egin behar zela. Piarres Urttek egin zituen zikiratzaile lanak. Bortxaz mahai baten gainean etzan zuten Turrut-Arrosaren plantak egiten zituen Urtxoko, eta oihu eta zalaparta handiz zikiratu zuen Urttek, indarrez jaurtiz jendartera txekor batek barrabilak Turrut-Arrosarenak zirelakoan.
      Piarres Adamek egin zuen bertsotan:
Berriz gertatzen bada okasione horretan
Bizirik ehortzi beharko dik teilariako errekan
Eta besta eder bat egin jaun horren ohoretan.
      Turrut-en emaztea haurdun itxuran ageri zen, eta Senpereko medikua, Latapei deitu zuten. Medikuak lagunduta katu bat erditu zuen. Piarres Adamek segi zuen bertsotan:
Latapie jaunak ederki
Nola futre sakerdi
Gizon gibel zurien andrerik
Ez ditake ongi erdi.

2.- 2016ko kabalkadaren sorrera

    Dena den, badirudi 1815eko kabalkadaren oroitzapena arras galdua dela saratarren artean, nehork ez baitu oroitzen. Ainitzek nehoiz ez dela Saran kabalkadarik jokatu pentsatzen zuten, hori dela eta, aurtengo kabalkada Sarako lehena zelakoan zeuden. Eta neurri batean arrazoia bazutela aitortu behar dugu, mende honetako lehena izan baita eta izan duen arrakasta ikusirik, garbi dago ez dela azkena izanen. Pierre Latasa urruñar dantzari eta euskaltzale gaztea izan da 1815eko kabalkada izan zela denoi oroitarazi diguna. Beharrik!
    2011n Sarako Dantza Taldeak “Oroitzapenetik bidaiara” izeneko ikusgarria sortu eta plazaratu zuen, antzerkia, musika eta dantza uztartuz. Sona handiko ikusgarria izan zen saratarren artean eta horrek parte-hartzaileak animatu zituen beste zerbait egiteko. Hortik sortu zen kabalkada bat egiteko asmoa.

    Sarako kabalkada egituraz klasikoa izan da. Lau gertaldi izan ditu, ohikoetan izaten den bezala. Patrik Etxegarai “Saski” izan da lehen gertaldia idatzi duena. Pantxo Mitxelenak bigarrena idatzi du, eta Maider Olaso eta Philippe Gerarden artean hirugarrena egin dute. Laugarren gertaldian deliberoak eman dituzte.  Amadeo Arretxea izan da dantza-erakaslea eta Sebastian Zamora musikaz arduratu dena.

    Azter dezagun orain, gertaldiz gertaldi, kabalkada honen nondik norakoak.


3.- Lehen gertaldia

    Kabalkada arratsaldeko 3etan hastekoa zen eta ordu biak eta erdirako pilota-plazako aitzinalde guztia bate-beterik zegoen, eta jadanik, ezker eta eskuin aldeetan ezarritako harmailak betetzen ari ziren. Hiruretan, hasi zelarik, dena jendez mukuru zen. Ohiko kabalkada edo desfilea, poliki-poliki, pilota-plazara sartu zen. Hasieran zaldizkoak eta banderariak, gero kaskarotak, herritarrak, zirtzilak, arizaleak, bertsolariak eta musikariak. Osora ehun eta hogeita hamar bat lagun. Berehala Ainhoarrak mutxikoa dantzatzeari ekin zioten.

Hau eginik, lehen gertaldiari hasiera eman zioten.   Lehen auzi horretan, Jone Margola izeneko gaztea epaitu zuten. Saran, ba omen da Zimino deitzen duten gizona. Honek etxea frantses burges bati saldu dio, eta herriko gazteek hiru egunez okupatu egin dute. Jone Margola horietako gazte bat dugu. Gertaldi osoa horren inguruan gauzatu zuten, biziki momentu irringarriak sortuz.

Gertaldiari bukaera emanez, Gabota eta Azkaindarrak izeneko dantzak burutu zituzten. Dantzari onak, baina horien artean mutil dantzari gutti.

4.- Bigarren gertaldia

    Bigarren gertaldian Saran den apez eskasia hartu zuten ardatz. Herritarrek apeza eskatzen duten arren, Baionako apezpikuak apezik ez duela erraiten die. Eskaintzen dien irtenbidea apeza inguruko herriekin partekatzea da eta hori ez da saratarren gustukoa. Manex Kaiolar izeneko bizilagunak Monsinore Batxuri Fresko apezpikua auzira eraman du, biziki une polit eta irringarriak sortuz.  Antzezkizuna bukatzean Ellande Alfaro eta Karlos Aizpurua bertsolariak aritu ziren bazterrak zirikatzen eta berotzen. Ondoren, Makil ttiki eta Sebastian Zamorak sorturiko Saratarrak mutxikoa airoski dantzatu zituzten.

5.- Hirugarren gertaldia

    Azken urte honetan konpainia frantses bat urre bila aritu da Lapurdiko eta Baxenabarreko eremu zabal batean, eta ainitzetan neholako baimenik gabe. Hauxe izan zen gertaldiaren istorioa. Sarako mendietan barrena ibili omen dira bilatzaile hauek Txinako zerrien laguntzaz eta saratar ehiztari batzuek horietako zerri beltz bat ikusi eta basurdea delakoan, tiroz josi eta hil egin dute. Konpainiako buruak ehiztari bat auzira eraman du.

    Gertaldiaren amaieran, bertsolari saioa, eta dantzak, oraingoan: Scotish-a, kadrilak eta Makeako soka-dantza.

6.- Laugarren gertaldia

    Laugarren gertaldian epaileak aitzineko hiru auzietako delibero edo erabakiak ematen ditu. Sarako Kabalkadako Jaun Jujeak honako epaiak edo deliberoak eman zituen:
auzia: Herriko Etxeak Zimino Jaunaren etxea erosi beharko du eta bertan gaztetxea egin.
auzia: Epaileak bi hilabete eman dizkio Batxuri Fresko apezpikuari Sarako parrokian apez euskaldun bat jar dezan. Epe hori ez badu betetzen, herritarrek eskubidea ukanen dute nahi duten apeza jartzeko, gizona edo emazteki. Horretaz gain, eta zigor moduan, apezpikuak bi aldiz egin beharko du Done Jakue bidea.
auzia: Urre bilatzaileei bost mila urteko debekua eman zaie inolako baimenik aritzeagatik. Ehiztariek, berriz, ikastaro bat egin beharko dute Txinako zerri beltzak eta basurdeak ongi bereizten ikas dezaten.


Deliberoak eman ondoren, dantzariak aritu ziren fandango eta arin-arin eder eta koloretsuak eskainiz. Gero, parte-hartzaile guztiek, oholtzaren aitzinena bilduta, Ellande Alfarok “Agure zahar batek zion…” aireaz egindako kantua abestu zuten. Honatx:

1.- Auzolanean egin da gauza ikusgarria,
     bakotxak eman du bere kolorezko harria,
     hau da esperientzia, bu! Ikaragarria,
     agerian uzten baitu bizi dela herria!

          2.- Lagun batzuen ideia gan da gotti loratuz,
     testuan idatzi eta antzerkia obratuz,
     dantzari neskak ta… neskak! Zazpiak bat goratuz,
     hemen bilduak ta faltan direnak gogoratuz!

 Errepika:
 
    Hau da gure kabalkada
    eta ainitz kabal bada,
    zimino, apez, urrezerri,
    gure esku da Sara!

----------------------------

    Gero denentzako dantzen tenorea izan zen: Ttipitto, fandangoa…
Hauek bukatzean, jendea pilota-plazako izkina batean jarritako ostatura hurbildu zen. Jan eta edateko garaia zen. Hortxe sortu ziren lehen solasak eta entzun ahal izan genituen lehen iritziak. Bertara hurbildutakoek arras maitatu zutela  garbi geratu zen. Jendeak barre ainitz egin zuen eta izugarri gozatu zuten saratarrek eman ikusgarriaz. Mende honetako lehena izan bada, garbi dago ez dela azkena izanen, bidea ederki zabaldu baitute.

Bilatu