Joseba Barriola

Sarriegi, Beethoven, Europako Troika

1.- Sarriegik musika jarri zion militarismoa umorez erridikuloan uzten duen tanborradari. Beethoven-ek musika jarri zion bortizki haragitzen ari zen askatasunari. Europako Troika askatasunaren kulturaren enterradore militarista da. Nola joan daitezke hiru elementu hauek batera donostiarren bihotzean?

2.- Troika-ko buruzagitzako bi pertsonai izan dira 2016koa dela eta Donostian, beren jakinduria hitzaldi banatan zabaltzen: Barroso jauna (Europako Komisioaren buruaizandakoa) eta Solana jauna (NATO-ren burua izan da). Barroso jaunaren demboran «Lotsaren Direktiba» europearra eta Frontex erakunde militarra indartu ziren. Direktibak trabak jartzen ditu etorkinak europaratzeko, Frontex militarrak erabiltzen ditu «ilegalak» ehizatzeko. Lampedusako katastrofeak (eta Melillakoak) eta gaur egungo Europako mugetako katastrofea… ez al dute ezer ikustekorik Barrosorekin eta Solanarekin, hau da, Europako Troikarekin? Hori ez al da «kultura», eta ez al da «zapalkuntzaren kultura eta arrazakeriaren kultura»? Solana jaunaren demboran «Serbiako bonbardaketa» burutu zen. Solanak eman zuen NATOren gerra horretarako baimena. Zenbat hildako, haurrak eta agureak barne? Nola neurtu bombardaketa haiek sorrarazitako «terrorea». Terrorea eragiten duena terrorista bada, esan beharko al dugu Solana (eta berarekin bat etorri zirenak) terrorista bat izan zela? Gauza bera esan behar al dugu Bush-Blair-Aznarri buruz? Gauza bera Hollanderi buruz? Helburu politikoak lortzeko terrorea erabiltzea onartezina da, Ezenarro eta Urkulluren arabera… Bada, hori dena al da «pakearen kultura»?

3.- Baldin eta Europako Troika duintasunaren, bizikidetzaren eta pakearen enterradorea bada, nor da Troika hori «Europako Kulturaren Hiriburua» izendatzeko duen autoritatea? Duten autoritate bakarra da… diruaren erabilera! Eta non dauden donostiarrak horrelako «titulo lotsagabea» onartzeko?  Dilista plater batengadik onartuko al dugu horrorearen zuritzaileak izatea?

4.- Edo ez gara enteratu? Norentzako atera dira duela aste pare bat donostiarrak kalera danborra joaz? Nor esan die ateratzeko? Zer ospatzeko? Nork mogitu ditu hariak Donostia antzoki erraldoia eta donostiarrak antzoki horretako txontxongilo bihurtzeko?

5.- Zer nahi dugu? Donostia turismo-herria bihurtu, dirua ematen duen turismoaren gogokoa? Donostia turista aberatsentzat? Eta horientzako urbanismoa eta garraioak eta festak… eta donostiarrak, berriz, aberatsentzat dantzak eta erritoak egiten duen «herri indiotua»?

6.- Sarriegik herriko indignazioa modu ironikoz festa bihurtu zuen. Beethoven-ek askatasunari (Frantziako Iraultzako «sans culottes»-en eta Haitiako esklabu beltz-en askatasunari) jarri zion musika. 2016ean, Troikaren eskutik donostiarrek baztertuko al dute gure tradizio ironiko-umoretsu antimilitarista eta gure herriko «baztertuenak» eta «etorkinak» duten askatasun- eta duintasun-premia?

Bilatu