Joseba Mikel Garmendia Albarracin
Ekonomialaria

(Sasi)ezkerreko kritikak gizarte ekonomiari

XIX. mendeaz geroztik, kooperatibismoak (eta, hedaduraz, ekonomia sozial, solidario, eraldatzaile, komunitarioak…) gizarte egiturak eraldatzeko dituen mugei buruz eztabaidatu da, baita sistema kapitalista menderatzailearen presioengatik jasaten duen baldintzatze mailari buruz ere. Hor aurkitzen dugu sozialismo utopikoaren eta sozialismo zientifikoaren arteko eztabaida zaharra ere.

Ekonomia sozialaren mugez kontziente izan arren, azkenaldian kritika suntsitzaile eta bidegabeak ugaritzen hasi dira, ekonomia sozialari helburu, ezaugarri eta funtzio idealizatuak esleitzen dizkiotenak eta beren printzipio eta lorpenak baliogabetzea bilatzen dutenak. Ikuspegi karikatureskoetan oinarritutako kritikak dira gehiago, ikuspegi ortodoxoetakoak baino. Analisiaren eta sen onaren bidez pentsamendu propiorik landu nahi ez duen pertsona nagiak Karl Marxen bigarren paragrafoa irakurri beharko luke Ekonomia Politikoaren Kritikari Ekarpenaren hitzaurrean, eta bide batez, Manifestu Komunistatik harago joan, “Luis Bonaparteren brumairearen hemezortzia” edo “Gerra zibila Frantzian” liburuen aberastasun analitikoari helduz, errealitatearen konplexutasun sozial guztia antzemateko.

Ohiko kritiketako bat da kooperatibek logika kapitalistaren pean jarduten dutela, merkatuan prezioetan eta kalitateetan lehiatzen direlako, eta, beraz, gainditzea bilatzen dituzten dinamika berdinak erreproduzitzen amaitzen dutela. Ikuspegi sinplista horrek ez du onartzen ekoizpen indarren garapena, berrikuntza teknologikoen eta produktibitatean egindako hobekuntzen bidez gauzatzen dena, gizartearen mesedetan erabil daitezkeen aurrerapen historikoak direla, oro har. Izaera kapitalista, funtsean, produkzio harremanetan datza, non klase sozial batek ekoizpen bitartekoen, ezagutzaren eta kudeaketaren kontrola kentzen dien langileei. Bada, hain zuzen ere, kooperatibetan eta gizarte ekonomian, harreman produktibo kapitalista horiek ez dira existitzen, edo nabarmen moldatuak dira. Langileak produkzio bitartekoen jabe kolektiboak dira, eta ekoizpenaren kudeaketa eta kontrola, gutxienez formalki, haien esku geratzen da, eta, gainera, modu demokratikoan (langile bat, boto bat).

Kooperatiben funtzionamenduaren errealitatea, kasu askotan, hobetu daiteke, eta, beraz, balorazioak eta kritikak beharrezkoak dira, baina abiapuntu hartuta kapitalismoaren menderakuntza harreman nagusiak presentzia ez duela eta beste izaera oso ezberdin bat duela. Beste alderdi eztabaidagarri bat da merkatuaren indarrek eta logikak behartu, presionatu edo tentatu ditzaketela aurrera eramatera ondasun komunen merkantilizaziorako praktikak edo deslokalizazio zein beste lurraldeetan esplotazio kapitalista hutseko praktikak. Ezin da alderdi hori ukatu, baina kooperatibismoaren izaera bera (bazkide kooperatibistak dira lehenak beren lanpostuak ez desagertzea nahi dutenak, irabaziak maximizatzeko logikei aurre eginez), printzipio arautzaileak eta elkartasun balioen sendotasuna kontrapisuak dira, eta praktika horiek tenkatu, geldiarazi edo ñabartu egiten dituzte. Gainera, logika kapitalistak irabaziak giza beharren gainetik jartzen ditu, baina kooperatibek ekoizpen eraginkortasuna ongizate kolektiboarekin orekatzea bilatzen dute.

Beste batzuetan proiektu komunitarioek enpresa pribatuen zerbitzuak, multinazionalenak kasurako, erabiltzea gaitzetsi egin izan da. Baina ahaztu egiten dute sarritan, bizitza pertsonalean ia egunero, eragile pribatuen lankidetza edo kontratazioa beharrezkoa dela sektore publikoan edo kooperatiboan eskuragarri ez dauden ekoizpen, merkataritza eta teknologia gaitasun espezifikoak eskuratzeko (adibidez, energia berriztagarria sortzeko proiektuak fabrikatzea eta instalatzea). Xehetasun horietan zentratu ordez, azpimarratu beharko genuke proiektu komunitarioek aurre egiten diotela merkantilizazio estentsiboaren logikari. Jarduera sindikalak ekoizpen prozesuan sortutako balioaren banaketa lehiatzen duen bezala.

Administrazio publikoei dagokienez, proiektu komunitarioak kooptatzeaz ohartarazi ohi da, lankidetza komunitario eta publikoa berez kaltegarria izango balitz bezala. Dirulaguntza publikoak jasotzea zentsuratzen duen puntura iritsiz, noiz eta baliabide komunitarioak direnean. Noski badirela esperientzia negatiboak, baina askoz gehiago dira lankidetza emankorrak.

Proiektu komunitario edo kooperatiboen ordez ekimen erabat publikoak jarri beharko liratekeela ere aurpegiratu izan ohi da, muturreko ikuspegi estatista batetik edo erantzukizun sozial ahul batetik. Esperientzia historikoek Estatu jabetzaren mugak, akatsak eta arriskuak erakutsi dituzte, eta horregatik eredu ekonomiko eta sozialeko eraldaketa historikoetan bultzatu izan da langileen jabetza kolektiboa zein ekimen pribatua eskala txikian edo erregulazio eta muga batzuei lotuta. Gainera, ikuspegi horrek gizartearen ahalmen eraldatzaileak eta erantzukizun kolektiboak hesitu egiten ditu.

Azkenik, komunitate eredu kooperatiboaren kontrako objekzio suntsitzaileak daude, ez direlako guztiz berdinzaleak, guztiz solidarioak, edo pribilegioak erreproduzitu eta segregatu egiten dutelako. Planteamendu horren alderdirik larriena da askotan ez dela bidezkoa, ez datorrela bat errealitatearekin, eta kasu partikularrak maila orokorrera estrapolatzen direla, aldagai esplikatzaile garrantzitsuei erreparatu gabe. Bitxiena da inperfekzio horiek anplifikatu egiten direla, logika kapitalistako sektore pribatuan erreproduzitzen diren desberdintasun eta klase zatiketa handien aurrean itsu geratu bitartean. Lan merkatuari buruzko literaturan, antzeko zerbait gertatzen da langile masaren barruan segmentu insiders eta outsider-ak kontrajartzen dituzten proposamen neoliberalekin, jabedunen eta gabetuen arteko harremanei jaramonik ez egin bitartean.
Kooperatibismoari eta gizarte ekonomiari egindako kritika horietako askok, sarritan, ulertezintasuna islatzen dute ekoizpeneko gizarte harremanen, ekoizpen indarren eta bien arteko interakzioaren inguruan.

Bilatu