Mikel Zubimendi
GAUR8

Satorraren etika, buztanaren truke begiak saltzea

Sorpresarik gabeko sorpresan, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak lau torturadore frankista atxilotzearen kontra egin du. Argentinako Maria Servini epaileak eskatutakoari uko egin eta hemen ez da ezer gertatu. Aspaldiko kontuak direla, preskribatuta eta amnistiatuta daudela argudiatu du. Kontua da gizateriaren aurkako krimenek zigorgabe jarraituko dutela, etika gorenaren pulpitutik eskolak ematen jarraitzen dutenei esker.

Servini epailearen urratsa ausarta izan da, errepresio frankistaren borreroen kontrako nazioarteko atxilotze aginduak tortura informazioaren lehen lerrora ekarri du. Etika makilkadak emateko, soluzio arrazional oro oztopatzeko erabiltzen dutenek ez dute ahotsa goratu, isiltasuna ezarri nahi izan dute, eta satorrarena egiten jarraitu. Torturaren errealitateari, bere oinazea sufritu duten milaka euskal herritarren begietara ez begiratzearren nahiago dute buztanaren truke beren begiak saldu, lurrazpian itsu bizitzera kondenatzen baditu ere.

Baina oker dabiltza. Tortura Euskal Herrian ezikusiarena egiten uzten ez duen errealitate bat da. Ez da praktika krudel eta aberrantea soilik izan; terrore eta jazarpen sistema oso bat eraiki da ezkerreko komunitate abertzaleari gizatasuna kendu eta umiliatzeko, bere ideal eta indarrenganako konfiantza kentzeko, bere borondate kolektiboa likidatzeko. Tortura gorputzaren toki intimoen gaineko muga eta eskrupulu etikorik gabeko botere baten erakusgarria da, Euskal Herriaren kontra erabili den masazko biolentzia mekanizatu baten adierazpena.

Izan ere, gure herria kasu bakana da Mendebaldea deitzen den eremuan. Hainbat hamarkadatan ikusi du estatu batek, bi errejimen ezberdinekin, tartean trantsizio batekin, modu sistematiko eta zigorgabean praktikatu duela tortura populazio zehatz baten kontra, lurralde zehatz batean. Sekulako sufrimendua ezarri zaien milaka euskal herritarren gorputzek, torturaren objektu izateaz gain, eraso baten pean, salbuespen egoera anker batean eta elkarbizitzarako parametro erregular edo arrazional orotik kanpo bizi izan den gizarte bat gorpuztu dute.

Sendatzen diren orbanak daude, baina beste orban batzuek, tortura bukatu eta denbora luzez, biktimen gorputza eta burua desitxuratzen jarraitzen dute. Bai, hautsitako hezurrak errazago sendatzen dira zauritutako arima bat baino. Eta torturaren infernura jaitsi eta bueltatu direnentzat bizitza ez da berriz iguala izaten. Ezta haren senide eta lagunentzat ere. Ezta partaide diren komunitatearentzat ere.

Estatu espainiarrak sinesgaitza den zinismo batez ukatu egiten du torturaren existentzia. Harentzat, Euskal Herrian, boterea gogortasunaren sinonimo da, mentalitate ireki eta demokratikoentzako nazkagarri suertatzen den populismo zigortzailea elikatzea, pasio baxuenak manipulatzea salbuespenezko egoera erregela edo normalitate egiteko, berraskidetzea eta erreparazioa xede duten dinamika oro blokeatzeko.

Torturak, iraganekoa eta oraingoa, azken 50 urteetan Euskal Herrian gertatukoaren inguruko kontakizun leial eta zuzen baten aukera baldintzatu eta aldatu egiten du. Gatazka politikoaren izaera eta biolentzien eta parteen existentzia bera ukatzen dutenek –kasualki, tortura ukatu eta sekula salatu ez duten berberak– erretratatuak geratzen dira bertsio faltsu eta partziala eta, batez ere, konponbide justu eta iraunkor baten oztopatzailea inposatu nahi dutenean. Mentalitateen monolaborantzaren aldeko temak ez die lagunduko. Are, beren ustezko nagusitasun moral eta etikoa eroriarazten du. Horregatik ukatzen dituzte tortura eta beren konplizitatea.

«Errezeta antiterroristak» ongarritzen duen zoru etiko hori lur emankorra da iraganeko, oraingo eta etorkizuneko torturaren praktika bertan sustraitu dadin. Legalizatua edo ez, boterea adierazteko talisman bezala onartzen duelako, eta zigorgabetasun sistema tabu egiten duelako. Euskal Herriarentzat etorkizun berri batek, abiapuntu kolektibo berri eta bizigarri batek, bake eta justiziazko oinarrietan eraikitako elkarbizitza zibilizatu batek ekuazio hondagarri hori alboratzea eskatzen du. Tortura hain masiboki bultzatu eta babestu dutenek eragindako mina aitortzea eskatzen du. Baita umiltasun nahikoa izatea ere etika gorenaren pulpitutik jaitsi eta tormentu honi eta berau pairatu duten milaka biktimei begietara begiratzeko. Ez gehiago, ezta gutxiago ere

Bilatu