Agustin Agote Garmendia
Tolosaldea Sahararekin GKE

SEADen 45. urteurrena

Joan den azaroaren 13tik, marokoarren enegarren probokazioen ondorioz, Fronte Polisarioak ekintza militarri bide ematea erabaki du, okupatutako lurraldea berreskuratzeko asmoz.

Gaur 45 urte betetzen dira Fronte Polisarioak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zuenetik.

Une kritikoa zen saharar nazioarentzat. Espainiako potentzia kolonialaren presentziaren azken egunak ziren eta Marokok eta Mauritaniak okupazio saiakerak hasi zituzten. Fronte Polisarioak Mauritaniakoen saiakerak geldiaraztea lortu zuen, baina Marokoko tropak ezin izan zituen gainditu; besteak beste, Frantzia bezalako herrialdeen lankidetza erabakigarriari esker. Izan ere, Mendebaldeko Sahararen lurraldea okupatzeaz aparte,  garbiketa etnikoa egiteko helburu argia erakutsi zuen, behin eta berriz napalmarekin edo fosforo zuria bezalako produktu kimikoekin bonbardatuz Aljeriara babes bila ihesi zihoazen agure, emakume eta umeak, baita beren lurraldean mantentzen ziren sahararrak ere. Hamabost urte luzeko gerraren ondoren, 1991n Marokok eta Mendebaldeko Saharak NBEn babespean bake akordio bat sinatu zuen; besteak beste, saharar herriaren autodeterminazio erreferenduma egiteko konpromisoa hartuz.

Harrezkero guztiok dakigu zer gertatu den. Marokok ez du deialdia egin eta NBE ez da hitzartutakoa betearazteko gai izan. Horrela, justiziarik gabeko egoera ez ezik legez kanpokoa ere bihurtu da, nazioarteko auzitegiak adierazi bezala.
Sahararrek soilik errespetatu dute bake akordioa, eurak dira gaur arte estrategia bakezalea defendatu duten bakarrak. Marokok 2.720 kilometro baino luzeagoa den harresia eraikitzen jarraitu du, Israel, Estatu Batuak, Frantzia eta beste hainbat herrialderen kolaborazioari esker, harresi ingurua munduko eremurik minatuena bihurtuz. Marokok Saharako baliabide naturalen espoliazioaren legez kontrako negozioarekin jarraitu du, bere burua aberasten, eta Mendebaldeko Saharako lurraldean bizi diren sahararren giza eskubide eta eskubide zibilak erabat ezabatu ditu.

Joan den azaroaren 13tik, marokoarren enegarren probokazioen ondorioz, Fronte Polisarioak ekintza militarri bide ematea erabaki du, okupatutako lurraldea berreskuratzeko asmoz. Ehun egunetik gora daramate «Lotsaren Harresian» dauden Marokoko kontrol postuak bonbardatzen, eta estrategia aldaketa horren erantzule bakarrak Maroko okupatzailea, beraren herrialde kolaboratzaileak eta nazioarteko hainbat erakunderen (NBE, adibidez) eragingabetasuna eta konplizitatea dira.

Egoera honetan Sanchez buru duen Espainiako Gobernuaren jarrera tamalgarriarekin egiten dugu topo. Batetik, ezinbesteko deskolonizazio prozesua hastea planteatzen ez duelako eta, bestetik, Espainiak Mendebaldeko Saharan erantzukizun legal edo administratiborik ez duela defendatzen duelako. Horrekin, nazioarteko legezkotasunaren aurka egiteaz gain, bere Barne ministro Marlascarekin kontraesanean aurkitzen da, 2014ko Auzitegi Nazionalaren auto batean Espainiari bere betebehar kolonialak gogorarazi baitzizkion, baita saharar herritarrak babestu beharra ere.

Bukatzeko, gure babes eta elkartasun osoa eskaintzen diogu herri sahararrari. Batetik, urte guztiotan errefuxiatu kanpalekuetan muturreko baldintzetan biziraun duten eta egun Fronte Polisarioa hornitzen duten biztanleei. Bestetik eta bereziki, eremu okupatuan bizi direnei, egunotan areagotutako errepresiopean, une oroko jipoiak, torturak, atxiloketak eta etxebizitzen aurkako  erasoak jasoz.

Zuen duintasun eta jarrera irmoak garaipenera eramango zaituzte.

Honekin lotuta, gonbidatuta zaudete gaur Tolosako Triangulon eguerdiko 12etan egingo den kontzentraziora. Azaldu zure elkartasuna. Sahara hurra!

Bilatu