Ibon Cabo Itoiz

Sputnik Irristailua

Garraiobide berriei buruz hutsune asko daude zirkulazio kodean eta horregatik oso komenigarria izango litzateke arautzea istripu berriak gerta ez daitezen

Donostiako udalak murrizketa batzuk indarrean jarri ditu irristailuak erabiltzeko. Irristailuen arauketa beharra dagoela onartu arren, erabat komenigarria izango litzateke histeria kolektibo batean ez erortzea, gaur egun, irristailuekin istripu oso gutxi egon dira eta.

Arautegi berriak oso argi finkatu ditu irristailuaren erabiltzeko mugak. Esaterako 25km orduko baino gehiagoko abiadura daukatenak galtzadatik joan behar dira. Motorrak izango balira bezala. Gainera, 16 urte baino gehiago eduki behar dituzte gidariek gidatzeko. Aldi berean, potentzia gutxiago daukatenak bidegorrietatik joan behar dira derrigorrez. Bi kasuetan espaloietatik ezin dira joan eta aparkatzeko bizikletentzako dauden lekuetan egitea debekatuta egongo da. Bestalde, udalak jardunbide egokiaren aldeko dekalogoa idatziko du, neurri guzti hauek hiritarren artean ondo baino hobeto azaltzeko.

Hori dela eta, arautzea kontrolpean jartzeko aukera izan daiteke garraiobide berriak ondo erabiltzeko. Izan ere, garraiobide berriei buruz hutsune asko daude zirkulazio kodean eta horregatik oso komenigarria izango litzateke arautzea istripu berriak gerta ez daitezen. Era teoriko horretan, Donostian istripu gutxiago egongo dira arautegi berri horrekin.

Beste ikus puntua aipatzeko, gure erlazioetan gizalegeak agindu behar du eta guztiarentzat arautegi berri bat egiteak gizalege eza adierazten duela uste dut. Gainera, Sputnik irristailua gaur egun asmatuta ez dagoen arren, erabilpenarentzat esparru berri batzuk irekitzea komenigarria izango litzatekeela uste dut eta bere erabilera ez murriztea. Bereziki gizarte jasangarriagoa eraikitzea nahi baldin badugu.

Hori dela eta, udalean lan egingo banu neurri bereziak indarrean jarriko nituzke. Lehen eta behin, eskoletan garraiobide berriak erabiltzeko ikastaro berezi batzuk antolatuko nituzke gizalegea eta bideko segurtasun arauak aldi berean ikasteko asmoarekin. Eta bestalde, espaloiak konpartitzeko gurdibide batzuk seinaleztatuko nituzke lehentasunak oso argi azalduz.

Askotan, batzuek Ñoñosti Donostiaren gainean jartzen dute eta arau berri batzuk asmatzen dituzte turistak hirian erosoago sentitzeko asmoarekin. Ez dago gaizki pentsatuta. Hala eta guztiz ere, gogoratzekoa da hiria hiritarrentzako pentsatuta egon behar dela. Sputniken garaia Donostiara heldu omen da. Ea noiz helduko den logika sozialarena.

Bilatu