T4 eta beste ostatu batzuk
Badaude metamorfosi oso harrigarriak. Horra hor nire lagun bikote batena: pisukide izaten hasi eta urte batzuk geroxeago ezkondu ziren. Ba, denborak, errutinak... biok pisukide bihurtu ditu berriro. Hori izan da, behintzat, neskak bere bikotekideari, nire lagunari, leporatzen diona: pisukide bihurtu dela. Horra hor, T4arena ere: Madril Barajas aireportuko hotel bihurtu den terminala. Eraldaketa batzuk gauetik goizera gertatzen dira; beste batzuk polikiago doaz. Aireportuarenak, dirudienez, bigarren bilakaera hori jarraitu izan du: hasieran hogeiren bat baino ez ziren, baina gauetik gauera kopurua handituz joan zen. Azken bolada honetan bazeuden laurehun bat etxerik gabe han lo egiten.
Adierazgarriena da eten barik leku batetik bestera doazenen eta inora ez doazenen arteko elkarganatze, talka, kontraesan hori: azken finean, denak, nolabait, bidaiariak dira; denak, zentzuren batean, pasadizoan daude, gaude. Batzuek zein besteek beren lekua bilatzen dute munduan.
Panorama gordin hori ikusita, ez zitzaidan konponbide hain burugabea iruditzen: aireportuan erroldatzearena diot. Gainera helbide oso dotorea −politikari hori gustukoa daukat− deritzot: Adolfo Suarez aireportua, Av. de la Hispanidad, s/n, 28042 Madril. Baina, ChatGPTek argi utzi dit hasiera-hasieratik: «Ez dago aireportu batean erroldatzerik. Erroldatzeko, benetako eta ohiko bizilekua han izan behar dituzu».
«Baina», erantzun diot, Chat horrekin konfiantza gero eta gehiago daukat eta, «jende horrek bai badaukala T4an ‘bere benetako eta ohiko bizilekua’, bere bizileku bakarra: iluntzean, gainerakook etxeratzen garelarik, beraiek, naturaltasun osoz, aireporturatzen dira. Etxe, aterpe, hotel bihurtu dute terminala... Gainera ‘casoplona’ da: hain zuzen ere», gehitu diot, «Richard Rogers, arkitekto italiar-britainiarra, izan zen T4 eraiki zuena, gizagaixo horien apartako egoitza diseinatu zuena: aire girotua, igogailua, eskailera mekanikoak, bista ezin hobeak, luxuzko dendak eraikuntzan bertan eta, batez ere, zaintza pribatua hogeita lau orduetan... Ez zaio ezer falta. Gainera hortxe luzaroan bizi daitekeela adibide bikaina daukazu», erakutsi diot Chati, «Wikipedian: Mehran Karimi Nasseri, (Sir Alfred) errefuxiatu irandarra, Paris-Charles de Gaulle aireportuko 1. terminaleko aretoan bizi izan zen 1988ko abuztuaren 8tik 2006ko uztailean ospitaleratu zuten arte. Nasseriren eskarmentuan oinarrituz, Philippe Lioretek “En tránsito” filmatu zuen.
T4an film luze askotarako bilbe sobera daude; han Karimi ugari elkartzen dira, errealitatetik ihesi, hegal egiteko loak hartu nahian. Baina ez, nire argudioek ez dute Chat konbentzitu eta aireportu bat iragaitzaz egoteko leku bat baino ez dela erantzun dit maitekiro.
T4 terminaleko ostatuak agerian utzi du hilabete hauetan herrialde honetako −bereziki Madrilgoa− espekulazioa, giza zerbitzuen prekaritatea eta, bereziki, metamorfosi ikaragarriak daudela: asteazken batean zure eguneroko bizitza daramazu eta ostegunean aireportuan erroldatzekotan zaude zerbaitek «errepidetik» atera zaituelako.
Hedabideek diotenez, Aena eta Udala berriro ezusteko hotel hori aireportu bihurtzekotan daude, bere «bezeroak» kanporaturik, solairutik aldaturik edo alfonbrapean ezkutaturik: ez dute ulertzen benetako metamorfosia aireportutik kanpo sorrarazi behar dela.
Nire laguna, eskerrak, pisukide oso ona omen da: dagokion alokairua ordaintzen du hilero eta etxeko lan gehiengoetan parte hartzen du.
Bai, lisatzea da gutxien gustatzen zaiona.
En fin.