Taserra, udaltzain elektrikoak
Duela hiru urte, “Tamarindoen bideozaintza adimentsua” izenburuko iritzi artikulua plazaratu genuen PIZTU Donostia eragiletik, inolako eztabaida sozialik gabe bideokontrol-adimentsua isiltasunez zabaltzen ari zirelako, bai Donostian eta baita Euskal Herri osoan ere. Eta, orain “ez letala” omen den Taser pistola elektrikoa da zabaltzen hasi direna, oraingoan ere, inolako eztabaida sozialik gabe, Donostiako Udaleko Tokiko Gobernuak 2025eko abenduaren 16an onartu zuen “Donostiako Udaltzaingoak kontrolpeko gailu elektronikoak eta babes kamera batzuk erabiltzeko jarraibideak” izeneko txostenak azaltzen duen moduan.
Baina Taser pistola erabiltzea arriskutsua dela esan du Reuters berri agentziak. Eta Reuters berri agentzia ez da globalizazioaren aurkako mugimendu sozial kritiko susmagarria. “Taserra erabiltzea arriskutsua da osasunarentzat” ziurtatu du.
Hedabideak zabaldutako informazioaren arabera, Taserra egiten duen enpresa iparramerikarrak berak aitortu behar izan du bere pistolak erabiltzea arriskutsua izan daitekeela osasunerako. Taser Internationalek urriaren erdialdean argitaratu zuen eskuliburu batean zera dio: "Taser pistola bat erabiltzearen ondorioz bihotzeko gertakari negatibo bat gertatzeko arriskua oso txikia da". Baina egon badago, beraz. Lehen aldia izan da AEBetako fabrikatzaileak berak halako arriskua aitortzea.
Baina Taser enpresa ez da izan aitortza horretan murgildu dena bekarra. British Medical Journal aldizkariaren artikulu batek ere pistola elektrikoa erabiltzeak dakartzan arriskuak ere azpimarratu ditu. Aldizkariak argitaratutako artikulu batean, Owen Dyer kazetariak zientzialariek ezagutzen dituzten Taserren arriskuak aztertzen ditu. "Begietako zauriak, krisi toniko-klonikoak (giharretako espasmo bortitzak) pertsona osasuntsuengan, epilepsia krisiak, pneumotoraxak, larruazaleko erredurak, eta artikulazioetako lesioak", zehaztu ditu. Gainera, askatutako deskarga elektrikoak pertsona baten funtzio kognitiboak murrizten ditu ordubetez (ondoren normaltasunera itzultzen dira). "Arriskutsuena eroriko baten ondorioz buruan zauriak izateko arriskua da, eta horrek hainbat heriotza ere eragin ditu", gaineratu du kazetariak.
Owen Dyerren kazetariak azpimarratzen duenez, Taserra erabiltzeak dituen arriskuak ugariak dira eta oso gutxi dokumentatuta daude literatura zientifikoan. Gutxi balitz, ikerketa horietako asko Taser fabrikatzaileek beraiek finantzatutakoak dira. Gainera, lan eta proba horiek pertsona osasuntsuekin bakarrik egin dira, bereziki bihotzeko arazorik ez dutenekin. Owen Dyerrenek azaltzen duenez, "fabrikatzaileen kezka nagusia gizabanakoarengan bihotzeko arritmia iraunkorra eragiteko arriskua da".
2015eko uztailean, Britainia Handian, epaileek lehen aldiz inputatu zuten Taserra. "Jordon Begley 23 urteko langilea 2013an hil zen bihotzekoak jota, Greater Manchesterreko poliziak arma hori erabili eta bi ordura", idatzi du Owen Dyerrek. Erresuma Batuko ikertzaileek ondorioztatu zuten 9 segundoz deskarga elektrikoa zorigaiztokoa izan zela.
2019an, Frantzian, gutxienez bi heriotza gertatu ziren Bouches-du-Rhône eta Seine-Saint-Denisen, Taserra erabili ondoren. Frantziar Polizia Nazionalaren Ikuskaritza Nagusiak bere urteko txostenean dioenez, "bulkada elektrikoko pistolaren erabilera" da frantziar Estatuto heriotza bakar baten "arrazoia".
Amnesty Internationalek, berriz, 334 heriotza zerrendatu zituen AEBn 2001 eta 2008 artean. Gobernuz kanpoko erakundeak 100 biktimaren autopsia txostenak eskuratu zituen, eta 37 kasutan "medikuek Taser baten erabilera aipatu zuten heriotza eragin zuen kausa edo faktore gisa". Izan ere, Amnesty Internationalen arabera, 2001 eta 2008 artean 351 pertsona hil ziren Taserren deskarga bat jaso ondoren.
Hori guztia ezagututa, gaur arte Donostian Taserrik erabili gabe bere lana bete duen Udaltzaingoak zein premia du bide horretatik abiatzeko? Lehen pistola inposatu zitzaien udaltzainei. Orain, Taserra inposatuko zaie -erabil dezaten, noski-. Udaltzaingoaren Taserren bidezko lehen hildakoa itxaron beharko dugu orain arte egin ez dugun eztabaida egiteko?
Jon Insausti, Alkatea, Martin Ibabe segurtasun zinegotzia eta Jon Udakiola Udaltzain Burua zarete arma berri hori Udaltzaingoaren eskuetan jarriko duzuen ardurdadun politiko eta teknikoak. Zuena da hitza, baina herritarrona erabakia. Piztu dezagun eztabaida soziala eta bideratu ezazue, beranduegi izan aurretik.