Jose Luis Erdozia

Tashunka Uitko (Zaldi Ero) eta Iruña Veleia

Bistan da zaldi ero guztiek ez dutela, duintasunaren aldetik behintzat, berdin jokatu. XIX. mendekoa, orduko injustiziaren biktima; egungoa, aldiz, epaile hutsezin bihurtua.

Izen hauxe zuen XIX. mendeko laugarren hamarkadan sortu eta 1877an erail zuten arte ezagun egin zen Sioux herriaren buruzagia. Yankiek Estatu Batuetako erdialdeko lautadak bertan betidanik bizi ziren indiarrei lapurtu zizkietenean egin zen ospetsu Tashunka Uitko edo Zaldi Ero, siouxtarren buruzagia. Aurre egin zien lapur «zibilizatuei» behin eta berriz, baita indiarrei bake inposatua ezarri zietenean ere («Indian Reservation»), bizirik dauden arrainek egiten duten moduan korrontearen aurka, eta «Hoka hey!» (Gaur egun ona da hiltzeko!») irrintzi eginez. Tartean, garaitu ere garaitu zituen batzuetan yankiak (Little Big Horn ezagunena). Baina, «mundu zibilizatuan» gehiegitan gertatzen den modura, arrazoiaren indarra ez eta indarraren arrazoia suertatu zen garaile. Tashunka Uitko, gure Zaldi Ero, atxilo hartu eta ondoren baionetaz hil zuen zaintzaile yankietako batek. Eta hor jarraitzen dute geratzen diren indiarrek «Indian Reservation» horietan, nahikoa lanarekin, seguru asko, herri gisa iraute soilarekin amesteko.

Gurean ere, ia mende eta erdi beranduago, badabil beste «zaldieroa», arrantzaka, Iruña Veleia afera argitzearen kontra. Oso eroso ikusten zaio, aipatu aferan behintzat, bertan agertutako grafitoak faltsuak direla ondorioztatzeko inolako froga zehatzik erakutsi ez duen «korrontearen» alde. 2014an, batere gorritu gabe, hara non esan zuen berak garbi zuela grafitoak faltsuak zirela eta bere hantustea baliatuz (berak «soberbia» hitza erabili zuen), gaineratu zuen berdin zitzaiola laborategiek kontrakoa bazioten ere. Grafitoetan agertzen diren irudiak eta hitzak erabat modernoak omen dira bere ustean eta, orduan, berak ez du inongo laborategiaren azterketarik behar. Nahikoa zaio bere jakinduria, inspirazioa, artista grina. Hori da, hori, egoa! Hori, edo goi-isurizko jakituria, sortzetikoa («ciencia infusa»), izan behar! Lau urte pasatu dira dagoeneko, «zaldieroaren» orduko boutade edo ateraldi hartatik eta, lehengo batean, ekainaren 15ean, Berria egunkariko bere pulpitutik, oraingoan irudia baliaturik, lehengo lepotik duela burua erakutsi zigun, persona bat bihurkin batez ostraka batean idazten Iruña Veleia Argitu logoko argizariaren argipean. Lau urte eta gero, atzera berriz, ez du ezer aztertzerik behar Iruña Veleiako grafitoak faltsuak direla jakiteko. Ez dut uste halako jarraibideak mesede handirik eginen dionik kazetaritzari, ez behintzat ikerketan oinarritzen denari.

Nola erabil daitezke halako arinkeriaz, funtsezko arrazoi bat bera ere eman gabe («soberbia» baino ez zuen aipatu berak duela lau urte), profesional batzuen lanbidea eta bizibidea, jakinik dagoeneko 10 urte luze daramatzatela haien «lantokitik» egotziak eta ez edonolako isuna eta kartzela eskaera dutela? Bistan da zaldi ero guztiek ez dutela, duintasunaren aldetik behintzat, berdin jokatu. XIX. mendekoa, orduko injustiziaren biktima; egungoa, aldiz, epaile hutsezin bihurtua.

Gizalegearen izenean, gutxienik, hantusterik gabe, arrazoiaren indarra baliatu nahian eta Tashunka Uitko gure Zaldi Erok eginen zuenaren antzera, irrintzia bota beharra dago egunero helburua lortu arte: «Gaur egun ona da grafitoak aztertzera bidaltzeko!» Horixe bera da arkeologo auzipetuek ere eskatzen dutena.

Bilatu