Andoni Egia Olaizola
Tokiko Garapeneko teknikaria

Tokiko garapen eraldatzailea

Gure herrian jorratu diren tokiko garapeneko prozesu gehien-gehienek, denek ez esatearren, eredu kapitalista sustatu dute, gure lurraldeetako enpresa kapitalisten lehiakortasuna azkartzera mugatu direlarik, ezinezkoa den garapen eredua bultzatzera, alegia.

Egungo eredu sozioekonomikoari (kapitalismo-patriarkal-koloniala) giza aurpegia jartzea ez da posible, ez herri eta ez eskualde bakar batean. Ez hemen, eta ez han. Ez gaur, eta ez bihar. Hau ez da iritzi politiko bat, eremu guztietatik iristen zaizkigun ebidentziak pentsamendu kritiko eta materialista minimo batekin aztertzetik begiztatzen zaigu. Aspaldi da akademia kritikoak kapitalismoak aurkezten dituen egiturazko hiru kontraesan nagusi identifikaturik dituela:

1. Kontraesan ekologikoa: Joan zen uztailaren 29an agortu genituen Lurrak urte bakoitzerako eskaintzen dizkigun baliabide guztiak. Egun horretatik aurrera erabiliko ditugunak beste latitude batzuetan bizi direnen edota etorkizuneko belaunaldien bizkar eskuratuko ditugu.

2. Kontraesan soziala: ekonomia feministak argiki erakusten duen moduan kapitalismoa ez da posible lan erreproduktiborik gabe, historikoki eta gaur egun ere, ia osoki emakumeek egiten dituzten eta ordainduak ez diren lan horiek guztiak gabe.

3. Kontraesan ekonomikoa: aberastasunaren etengabeko kontzentrazioak eta irabazien tasaren etengabeko jaitsierak ezinezkoa egiten du birbanaketa ekonomikoa ahalbidetzen zuen gaindikina. Hau da, ezinezkoa da Bigarren Mundu Gerraren ostean leku gutxi batzuetan izan zen ongizate estatuaren jarraipena. Eta honen ondorioak jada nabariak dira: txaleko horiak Frantzian, eskuineko populismoaren gorakada Europan eta AEBetan, politika austerizidak, eta abar.

Kapitalismoaren kontraesan hauen guztien agerpen sinkronizatuak egiturazko krisi baten aurrean kokatu gaitu, ondorio anbiental, sozial, politiko eta ekonomiko determinanteak dituen eta atzera bueltarik ez duen krisi sistemiko baten aurrean, alegia. Horrela bada, ezinbestekoa zaigu gure garapen eredua irauli eta trantsizio ekosozial(ista) eta feminista uztartzen hastea. Eta hori, esan gabe doa, ezinezkoa da ekonomia pribatua indartuz edo gure enpresa eta mikroenpresen lehiakortasuna sustatuz egitea.

Edonola ere, gure herrian jorratu diren tokiko garapeneko prozesu gehien-gehienek, denek ez esatearren, eredu kapitalista sustatu dute, gure lurraldeetako enpresa kapitalisten lehiakortasuna azkartzera mugatu direlarik, ezinezkoa den garapen eredua bultzatzera, alegia.

Tokiko garapena, ekonomistek hala uste duten arren, ez da garapen ekonomikora bakarrik mugatzen, baizik eta jendartearen autoeraketa sustatzea du helburu. Horrela, bada, zein da tokiko garapenaren zeregin nagusia? Bada jendarte eredu zehatz baterako egitura sozial, kultural, politiko eta ekonomiko koherenteak sustatzea, eskala guztietarako (tokikoa, lurraldekoa, autonomikoa, estatala, europarra eta mundiala) jardunbide integral eta koherenteak jorratuz.

Eta beraz, tokiko garapena eraldatzailea izan behar da? Bai, ezinbestean. Eta tokiko garapena eraldatzailea izan behar bada, ekonomia sozial eta eraldatzaileko egitasmoak sustatzera soilik mugatu behar da? Ez inola ere ez, baina hauek agendaren zentrora ekarri behar ditu, ezinbestean.

Ikusten denez, enpleguaren sustapenetik askoz ere harago doan jarduera esparru bat da tokiko garapena. Zehazki, hasieran aipatutako hiru kontraesan horiek gainditu, eta egun bizi dugun krisi sistemikoari irtenbide justu, jasangarri eta demokratikoa erdiestea izan behar da tokiko garapen eraldatzailearen zeregin nagusia. Bere baitan dituen limitazio guztien jabe izanik, baina tokian-tokian eragin gabe irtenbiderik ez dagoela argi eta garbi edukiz.

Horrela, bada, tokiko garapenerako eredu berri bat behar dugu, eredu kapitalista eta honek dakarren kontzertazio publiko-pribatua gainditu, eta gobernantza publiko-komunitario-kooperatiboan oinarrituko den garapenerako eredu iraunkor, demokratiko eta postkapitalista bat sustatuko duena, eta gaur bihar baino hobe.

Gobernantza publiko-komunitario-kooperatiboak hiru erpin edo subjektu nagusi ditu:

1. Administrazio publikoa: bere zeregin nagusia garapenerako baliabideen jabetza eskuratu (publifikazioa) eta hauen atzipen unibertsal, ekitatibo eta demokratikoa sustatzea da: Lurra, oinarrizko hornidurak eta ekoizpenerako baliabide estrategikoak denon eskura jartzea, alegia.

2. Komunitateak: publikoak diren ekoizpenerako baliabide hauen planifikazio estrategikoa egin behar du. Garapena jendartearen mesedetan egiteko irizpide nagusiak finkatu behar ditu.

3. Kooperatiboa: publikoak diren ekoizpenerako baliabideak, komunitateak markatutako norabidean dinamizatzeko helburuarekin modu kolektibo, ekitatibo eta demokratikoan erabili behar dira, eta sortzen diren irabaziak komunitatearen esku utzi, aberastasunaren sozializazioa helburu.

Tokiko garapen eraldatzaileak burujabetza prozesuak sustatu behar ditu, sektore estrategikoen jabetza publiko, planifikazio komunitario, eta kudeaketa kooperatiboan oinarrituko diren burujabetza sektorialak (elikadura, energia, finantzak, lana, teknologia, kultura…) lurraldean artikulatuz, eta eskala ezberdinetan egikarituko diren burujabetza territorialak sustatuz. Auzoko eskalan hasi, eta Euskal Herriaren burujabetza prozesua materialki egikarituz.

Zergatik ez Oñatiko eredu energetikoa Euskal Herrira hedatu eta Euskal Herria burujabetza energetikorantz bideratu? Zergatik ez Errigora, Laborantza Ganbera, Labore, Elika eta Ereindajan bezalako esperientziak sistematizatu eta Euskal Herriko elikadura burujabetzarantz pausoak eman? Zergatik ez dirua iparraldeko Eusko monetara pasa, desjabetu diguten Kutxabank-etik atera eta Fiare eta KOOP57 bezalako entitate finantzario propioen bidez Euskal Herriko moneta-finantza burujabetzan sakondu?

Zergatik ez Azpeitiko San Agustineko ereduari jarraituz, baliabide kultural publikoen planifikazio komunitarioa eta kudeaketa kooperatiboa hedatuz, Euskal Herriko burujabetza kulturala ipartzat hartu?

Egun, ehunka dira hemen eta orain eredu postkapitalista bat prefiguratzen duten esperientzia ekonomiko, politiko eta sozialak. Gure esku dago hauek guztiak artikulatu eta tokiko garapen eredu propio bat eraikiz kapitalismoaren kontraesanak gaindituko dituen Euskal Herri burujaberantz bideratzen hastea. Gaur, bihar baino hobe.

Bilatu