Jokin Aranalde

"Torturak eraginiko oinazeak sufrimendura, lokamutsetara eta erotasunera eramaten zaitu"

Jokin Aranalde euskal preso ohiak apirilaren 4an Senperen Bagoazek antolatutako ekitaldian bere testigantza islatu du. Testu hunen bidez Aranaldek berarentzat torturak zer suposatu duen kontatzen du. ""Torturak eraginiko oinazeak sufrimendura, lokamutsetara eta erotasunera eramaten zaitu: hori ez du sekula ulertuko tortura nozitu ez duenak". 

Ni 2002-ko aste santuan 3 egunez egon nintzen atxilotua, Madrileko Guardia Zibilaren koartelean, Los Tres Cantosen, beraz, duela 13 urte juxtu.
Nire etxearen aintzinean atxilotu ninduten pistola buruan jarri, kaputxa sartu zidaten buruan, eta hortik lehendabizi Intxaurrondoko koartelera eta gero Madrilera. Beti kaputxa buruan sartuta, tartera burua hanka tartean sartuta eta momentuero meatxuka, kolpeka eta orruka, Madrilen gogorra izanen zela errepikatzen zidaten behin eta berriro. Inoiz ez dut ahantziko erruedak egiten zuten hotsa lurreko zoruaren kontra.
Gauez eta ziztu bizian izan zen bidaia. Nik neure buruari esaten nion: Jokin prestatu adi, Jokin prestatu adi datorrenaren aurrean. Madrilen datuak hartu eta antifaza jarri zidaten. Bi polizik jeitsi ninduten lanberintozko eskaileretan behera. Hemen, sotanoetan edo “tortura salan”, polizi batek argi eta garbi esan zidan informazio guztia onez ez banuen ematen benetan latzak izanen zirela han pasa behar nituen egunak. Nirekin zernahi egiteko eskuak libre zituztela, eta horrela gogoratuarazten zidan behin eta berriro Joxe Arregiren kasua, Gurutze Iantzi, Zabalza, etab. Eta horregatik beraiei ez zitzaiela ezer gertatu.
Hiru egunetan ez nuen inoiz aurpegi bat ikusi, antifaza kendu gabe egon nintzen hiru egunetan.
Berehala hasi ziren tortura saioak. Lehenengo ordu luzeetan ejerzizio fisikoak, kolpeak, garraxiak eta era guztietako umiliazioak jasan nituen, eta tarteka poltsa sartzen zidaten buruan. Azkenerako ezin nuen zutik ere egon eta erortzen nintzen, behin eta berriro bi edo hiru polizien artean zutitzen ninduten, hau guztia mehatxu, kolpe, garraxi eta mota guztietako umiliazio giro batean.
Kontutan izan behar da denboraren nozioa erabat galtzen duzula eta ez dakizula eguna ala gaua den.
Lehen ordu luzeak horrela pasa eta gero hasi ziren poltsaren tortura egiten. Aulki batean hankak eta eskuak lotuta poltsa sartu burutik behera, behin eta berriro itotzeraino. Arnasa hartu nahiean platikoa eztarriko zuloraino sartzen nuen.
Hori guztia abuso sexualekin konbinatzen hasi ziren: biluztu, lau hankean jarri eta objektu batekin ipurdian ukitzen, biolatuko nindutela meatxatuz momentuoro.
Gero hasi ziren ere esaten nere alaba atxilotua zutela, biolatu egingo zutela eta Guardia Zibilaren ume bat izanen zuela. Garraxiak eta zalapartak entzuten nituen aldi berean aldameneko geletan.
Giro honetan joan ziren hiru egunak minutuz minutu. Behin baino gehiagotan desiatu nuen bihotzak failatzea eta han bertan geratzea.
Epailearen aintzinerat eraman aintzin behin eta berriro esaten zidaten berriro ere atxilotua izanen nintzela. Behin eta berriro ere, gogorarazten zidaten kasu emateko zer deklaratzen nuen epailearen aintzinean., beste bi egunetan luzatzea posible zela eurak nahi bazuten inkomunikazioa.
Baita ere momentu horretan torturatzaile batek galdetu zidan Frankoren garaien sufritu nituen torturak edo oraingoak izan ziren gogorragoak, eta nik erantzun nion oraingoak. Erantzun zidan esanez: “ikusten duzu nola aintzineratzen duen demokraziak?”
Baltasar Garzon epailearen aintzinean deklaratu nuen. Erran zidaten Auzitegi Nazionalean konfidantzazko abokatua aukeratzeko. Epailearen aintzinera eraman nindutenean Garzonek esan zidan: “zuk deklaratuko duzu con este señor”. Pertsona hori nere saietsean atzekaldetik eseri zen, ez zidan hitz bat bera ere erran eta aurpegia ere ez nion ikusten.
Garzon epaileari kontatzen hasi nintzen sufritu nituen torturak eta berak erantzun zidan: “zuk libreki deklaratu duzu eta beraz nire galderei erantzun”. Esan behar dut ere nire konfidantzazko abokatua audientzian bertan zegoela. 12000 euroko bermearekin libre geratu nintzen.
Hiru edo bost egun tortura edo terrorepean minutuz minutu zinez luzeak dira.
Torturatzaileak ez dira psikopata kriminal hutsak, torturatzaileak biziki huntsa prestatutako profesionalak dira. Torturatzaile batek ez du inongo arazorik ezkerreko diskurtso ideologiko-politiko txukun bat egiteko.
Torturatzaileak argi eta garbi erakusten dute erabat babestuak direla eta botere politiko- militarrengandik lan horretarako aukeratuak izan direla.
Tortura ez da bakarrik estatuek erabiltzen duten errepresio mota bat informazioa lortzeko eta pertsonak edo militanteak xehatzeko psisiko eta psikologikoki. Torturak badu beste dimentsio politiko garrantzitsu bat, jendartean izua, terrorea eta etsipena sortzea da. Beraz torturak herriengan duen eragina benetan sakona da.
Tortura era masiboan Europaren bihotzean azken 35 urtetan erabili ahal izateko ezinbesteko baldintza izan da epaile, politiko eta komunikabideen babesa. Babes hori gabe ezinezkoa egingo litzateke torturaren erabilpena.
Torturatzaileak baino errenpontsabilitate haundiagoa dute agintari politiko, militar, epaile eta komunikabideak.
Beraz, torturaren aurkako borroka politikoa, sakona eta luzea geratzen zaigu oraindik.
Nik espero dut Euskal Herria Europaren bihotzean isla bat bihurtzea torturaren aurkako borrokan, izar distiratsu batek argitua.

Bilatu