Iñaki Altuna
GAUR8

Traza bera hartuta ere, historia ez da errepikatzen

Ardanza lehendakariaren garaiko nostalgikoek indarra hartu dutela ikusi dugu azkenaldian. Eginiko adierazpenek eta eginiko urratsek erakusten dutenez, Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzar bikoteak atzera eginez egin nahi du aurrera, eta hori eragina izaten ari da eremu ezberdinetan, baita Jonan Fernandezen Bake Planean ere.

Eskema ezaguna da. Aspergarria ere bai. Frankismoaren erreformaren operazioa zuritu, ezker abertzaleari guztiaren errua leporatu, erabakitzeko eskubidea mugatu... Eta horretarako, jakina, hipokresia eta immobilismoa dituztela lanabes nagusi, bai indarkeriaren gaineko irakurketa egiteko orduan, bai etorkizuneko baldintzak jartzeko orduan.

Uda aurretik bazirudien, arazoak arazo eta ezintasunak ezintasun, eremu politikotik hasi zitekeela azken urteotan abiarazitako garai berriaren araberako jarduera berririk, gatazkaren konponbidean. Ezberdintasunak ezberdintasun. EAJren eta Sorturen arteko harremanak publiko egin izanak eta testuinguru horretan egindako hainbat adierazpenek hala erakusten zuten.

Mariano Rajoyk ez zion lehendakariari erantzun ere egiten, eta Euskal Herrian bertan marraztu behar zela egin beharreko bidea esaten hasi ziren batzuk eta besteak, bertako bidea aldarrikatuz baita presoen gaiari edo armagabetzeari proposamenak egiteko ere. Irailean hasitako lan urte berrian, ordea, uzkur, oso uzkur, bueltatu ziren lehendakaria eta alderdia, alderdia eta lehendakaria («bicefalia» gutxi jelkideen azken etapan, Ibarretxe erditik kendu ostean). Ortuzarrek «euskal konponbidea» lehendik aipatua bazuen ere, ezker abertzaleak «euskal bidea» aurkeztu izanak atsekabetu zituen jelkideak, besteak beste Kataluniako prozesuaz ahal bezain beste urrundu nahi dutelako. Ez baitute konfrontazio demokratikorako imintziorik ere egin nahi, eta Kataluniakoek ipurtageri uzten baitituzte. Abenturarik ez.

Eta horrela Aietetik hona atzera urratsak besterik egin ez dituen PSErekin egin du berriro ere topo EAJk, neurri handi batean haren mugak eta baldintzak bere eginez.

Antza, Ajuria Eneko Itunaren garaiei gorazarre egiteko gogoz ere badabil bat baino gehiago, orduko iluntasuna ahaztuta, nonbait. Horregatik gogoratu behar da zer alde handia dagoen gaur egungo aukeren eta orduko ezintasunen artean. Aurrera egiteko aukera dugu gaur, gatazka gordina besterik ez orduan.

Edonola ere, askok historia errepika baizik ez dela egiten badiote ere, errealitatea oso bestelakoa da. Urteak ez dira alferrik pasa, ezta orduz geroztik izandako eta garatutako zenbait urrats politiko ere (ELAren «Estatutua hilda dago», Lizarra-Garaziko «Euskal Herriak du hitza eta erabakia», 2005-2007ko bi negoziazio errailak edota Aieteko Adierazpenak abiarazitako garai berria). Gaur egungo egoerak ezer gutxi du ikusteko Mayor Oreja, Ramon Jauregi eta Jose Antonio Ardanza, besteak beste, elkarren ondoan eserita agertzen ziren argazki harekin.

Egiturazko faktoreek, hau da, baldintza objektiboek, konponbiderantz aldaketa erdiesteko aukera indartzen dute. Urteak ez direlako alferrik pasa. Estatu espainola modu eta era ezberdineko krisi sakonean dagoelako, euskal herritarrentzat ez duelako inolako eskaintzarik, egungo egitura autonomikoak agortuak direlako, euskal gizartean konponbidearen aldeko jarrera nagusi delako, gatazkaren arrazoiak eta konpondu beharreko ondorioak ondo baino hobeto identifikatuta daudelako...

Jakina, atzera begira eta, aldi berean, gertatutakoa desitxuratuz etorkizunari begiratu nahi diotenen indarra ez da nolanahikoa. Horregatik, hain zuzen, baldintza objektiboak ez ezik, baldintza subjektiboak ere landu behar dira. Herri gogoak eta aktibazioak baizik ez baitute etorkizuna modu eraikitzailean trenkatuko. Egoera berriak eraiki nahi dituzten indarrek egin beharko dute ahalegina, gero eta argiago, gero eta ozenago, gero eta nabarmenago, herri indarra pizteko. Besteek Ardanzaren garaia baitute amets. Atera kontuak.

Bilatu