Trump-Putinen ituna internazional atzerakoi berriaren birmoldaketaren abiapuntua dugu
Ukraina, herrialde inbaditua, sakrifizio handiekin hiru urteko gerra izugarri honetan, erasotzaile inperialistaren armada izugarriaren aurrean gai izan da bere independentzia defendatzeko. Jakina, hori ez zen posible izango Mendebaldeak armaz hornitu izan ez balitu, baina faktore nagusia Ukrainako herritarren ausardia eta motibazio handia izan dira». Lya Budraitskis errusiar ezkerreko intelektualak horrela aipatzen du Ukrainaren sakrifizioa.
Michael Roberts ekonomialariak honako hau esaten du: «Errusiak Ukraina inbaditu izanak galera izugarriak eragin dizkio Ukrainako herriari. 46.000 zibil eta, agian, 500.000 soldadu hilak izan dira. Milioika pertsonak atzerrira ihes egin dute, eta beste milioi asko beren etxeetatik alde egitera behartuak izan dira. Kievek bere zerbitzuko langileen 50.000 kide galdu ditu. Ukrainako BPGa %25 jaitsi da, eta 7,1 milioi ukrainar pobrezian bizi dira orain».
Errusiak bere inbasio orokorra 2022ko otsailean abiarazi zuenean, AEBk Zelenskiri herrialdetik ihes egiteko aholkatu zion hasiera batean, uste baitzuen ez zegoela aukerarik Armada errusiarra oinetan gelditzeko. Hala ere, ukrainar herriak errusiar tropak atzeraraztea lortu zuen, AEB eta Putinen harridurarako. Orduan hasi ziren AEB eta NATO Ukrainari laguntza militarra eta ekonomikoa ematen. Dena den, laguntza mugatua, Ukrainak eutsi ahal izan zezan, baina ez nahikoa Errusia derrotatzeko. Helburu hori inoiz ez zen egon auziaren mamian.
Guzti hori kontuan izan beharko genuke Trump Estatu Batuetako presidentetzara heldu denetik izan den aldaketa ondo neurtzeko unean. Orain AEBk emandako laguntzaren ordainean (zeren izugarrizko negozioa izan da armagintza industriarako) bere lurretan dauden mineral arraroaren ustiaketa ezarri nahi dio Ukrainari, eta, gainera, labankada moduan Putinek lapurtutako eremu geografikoa ontzat hartzera behartu, «bakera» heldu nahi bada. Hau da, bi inperialismoren aliantzak Ukraina kolonizatu nahi du, bakoitzak beren interesen arabera.
Ez da lehen aldia potentzia inperialista handi batek norabidea aldatu eta bat egiten duena etsai zahar batekin. Gogora dezagun nola Richard Nixon bat-batean Txinara hurbildu zen 1970eko hamarkadaren hasieran, Vietnamgo gerra hainbat urtez luzatzea ekarri zuena (Maok laguntza murriztu zion Ipar Vietnami).
Baina bada aurrekari bat are harrigarriagoa; 1939ko Hitler-Stalin ituna izan zen. Alemania faxistaren eta Errusia estalinistaren arteko aliantzak argi berdea eman zion Bigarren Mundu Gerrari.
Orduan bezala, gaur egun, Ukrainaren patuak mundu osoari eragiten dio, estatu txikien eskubide eta subiranotasunaren auzia mahai gainean jarri baitu. Ukrainako lurraldearen eta baliabide naturalen zatiketari dagokionez, Trumpek Putinekin duen itunak aurrera jarraitzen badu, 1938ko Municheko itunaren antzeko aurrekari bat sortuko du, eta erakutsiko du estatu txikiak peoi hutsak direla potentzia handien jokoan. Horrek kezkatu beharko gintuzke.
Gaizki deitutako bake plan honek aurrera egingo balu, Ukrainaren zati batean Putinek anexioa bermatu eta oraindik kontrolatzen ez dituen lurraldearen zati batzuk lortuko lituzke, eta beste zatian inperialismo estatubatuarraren kolonia ekonomikoa bihurtuko litzateke. Errusiak, anexioa bermatzeaz gain, une honetan nahiko murriztua duen aparatu militarra berreraikiko luke –indar errusiarrak ia akituta daude jasan dituzten galera handiengatik, bereziki soldadu eta armamentu astunetatik, tankeak eta artilleria piezak kasu– etorkizun batean inguruko herrialdeen aurkako eraso berriak prestatzeko. Errusiak Europa osoa jazarriko duela asmakizun interesatua eta gezurrezko hipotesia izan arren, ez baitu horretarako indar eta interes nahikorik, ezin da ezkutatu ez duela interes inperialistarik bere bizilagunekiko, batez ere Finlandia eta Herritar Baltikoekiko. Moldavia eta Georgia ere bere jomugan egongo dira. Herrialde horien Errusiarekiko izuak guretzako gehiegizkoa lirudike, baina ez ustela. Historia lekuko.
Gurea ezin da izan «bakea nahi baduzu, prestatu gerra!» oligarken eta militaristen predikua. Aldiz, «Hiltzen gaituen gerrarik ez! Ezta zapaltzen gaituen bakeari ere ez!», edo Pax Romana gezurtia.
Alde horretatik, gauzak garbi. Europar Batasunak Ukrainari laguntzeko aitzakiaz armagintza lasterketan sartu nahi gaitu eta gerra giroa hauspotu. Armamentuan eta armadetan 800.000 milioi gastatu nahi dituzte. Horietatik 650.000 estatu bakoitzetik atera beharko dira; beste 150.000 milioi, berriz, Batasunaren aurrekontuak babestutako zor mankomunatuak izango dira.
Asmo horiei ezezko borobila adierazi behar diegu eta, aldi berean, gaitzetsi, NATOren presentzia gure lurraldeetan eta bere desegitearen alde lan egin. Bloke militar guzien aurka (NATO, OTSC, Aukus) mendebaleko edo ekialdeko blokea izan, eta desnuklearizazioaren alde.
Dena den, Ukraina auziaz haratago, komenigarria da antzematea zer dagoen Trump-Putin itunaren atzean. Aspaldi gaitzetsi izan dugu egungo Europar Batasun neoliberalaren edo AEBko Alderdi Demokrataren jarrera inperialista, baina adi! Bai Trumpek, bai Putinek nahi dutena da Europa eskuindarragoa, atzerakoiagoa! Zeinean Le Pen, Orban, Meloni, Abascal eta enparauak izango diren Europaren nagusi berriak.
Epe laburrean, plan honek, Ukraina zapaltzeaz gain, Mendebaldean dauden alderdi trumpistak eta eskuin muturreko subiranistak babestea du helburu.
Gurea beste bidea izan behar da: internazionalista, gerra inperialista eta arrazakeriaren aurkakoa. Erregai fosilik gabe, energia nuklearrik gabe eta agronegoziorik gabe. Bestelako Europa demokratikoa, soziala, feminista, irekia, eskuzabala eta ekologista. Gizarte-segurantza garatuz, zerbitzu publikoak indartuz, desberdintasunaren aurka borrokatuz eta pobrezia ezabatuko duen Europa eraikiz. Zeinak finantzak, energia, armamentu-industria (beste zereginetarako birmoldatuz) eta funtsezko beste sektore batzuk sozializatuko lituzkeen.
Hori da benetako bakea lortzeko biderik egokiena. Gurean eta edonon.