Urtzi Ugalde Notario
Politologoa, EGKko Teknikaria, Bilboko alde zaharreko bizilaguna

Txakur gutxiago eta 7Katu gehiago

Ezin jakin denboraren harian non-nola landatu ote zen hazia. Agian, 86.ko apirilean, larruzko ‘txupa¸dun gazteek Bilboko Gaztetxe zaharreko ateak ireki zituztenean. Izan daiteke ere, egun bizi dugun historiaren atala, 90. hamarkadako protesta-barrikada suteetan piztu edota ‘jai pirata’ horietako ron botila baten barruan hartzitu izana.

Akaso, ‘maileguan’ utzitako Bilbiko Kultur etxeko pankarta kaseroetan edo Likiniano zein Bihotzean auzo elkarteko mahaietan idatzita geratuko zen etorkizuna nonbait. Bai eta Atxuriko gazte lokaleko hormetan ere, berde koloreko aldarrikapenekin nahasturik.

Ez dago asmatzerik, Dolaretxe gaztetxeko lanetan isuritako izerdiek elikatu ote zuten hamarkada amaierako gazte mugimenduaren kimuak. Gazte errebelde, langile, parrandero/a eta apur bat makarrak ere. Banketxeen aurka oldartu, ETT-ak gelditu eta Euskal Herrian loratzen ziren borrokaldien jarrai-tzaile konprometituak.

Jakin badakigu ordea, mende berriarekin batera hazitako landaretxoa pasarte guzti hauen ongarria xurgatu zuela eta hauen protagonistak izan ziren ekintzaileen irakaspenez ureztatu zela, hostoz hosto, enborra indarrez betez.

Oraindik txiki baina indartsu ekin zion bideari gazteen proiektu berriak. Dejabu bat bailitzan, auzo elkartean burutzen ziren asanbladetan inprobisaturiko kaleko ekintzak, errondabiden programaturiko iratxo gazteen jaia eta hamaika eztabaida, harreman, txutxumutxu,... den dena berde kolorearekin zipriztindurik.

2004. urteko abenduan, atrebentziaren trena hartu eta etxebarrieta anaien plazan kokaturiko Lezamako Geltoki zaharra okupatu zen, bi saiakera, bi egun, eta milaka asmo, ideia,... guzti guztiak dida batean txakurren zaunkadaz zapuztutakoak. Hala ere, bizitza osoan ahaztezina izango den ekimena bihurtu zen hura, duda barik. Kukutzako kide batzuen laguntzaz emandako pauso honek, alde zaharreko gazte mugimenduarentzat inflexio puntua suposatu zuen, ia hamarkada bat eta gero, laranja kolorearen loraldi berria bazetorren.

Berriro kalean, krisiak krisi eta oztopoak oztopo, belaunaldien arteko irakaspen zubia suposatuko zuen hurrengo erronka abiatuta zegoen. 2006.ko udaberriak ekarri zuen bere fruitua, plaza berean, antzeko eszenan eta aurreko eguneko akojonoari aurre egin eta gero... ttak! BBK gaineko lokala Zazpi katuen esku geratu zen. Minutu batzuk besterik ez, eta bi aste. Bi aste luze bezain oparoak. Eta beti bezala, betikoek, mina eragin nahiean, popatik hartzera bidali zuten katutxoen ametsa.

Landareak jada zuhaixka itxura hartua zuen, kolpeen irakaspen latzek forma eman baitzioten enborrari. Fruituek hazi berriak botatzen hasi ziren eta loreak loretxoekin elkartu. Horrela heldu zen 2007.ko urtarrilaren 13a, solokoetxeko eskailerak zeharkatu zuen kalejirak eman zion paso gaur egun hain ezaguna den 7Katu gaztetxearen sorrerari.

Zenbat lagun, irribarre eta borroka partekatu diren bertan, zenbat kontzertu, ikastaro eta kalejira egin diren. Zenbat hanka sartze eta garaipentxo. Hainbeste kolpe jasan arren (kontua kasik galdu arte ere) oraindik bizirik irauten du. Sei urte bete dira zapiarekin aurpegia eztali eta okupa-banderola zintzilikatu zenetik. Txakurrek lau aldiz saiatu dira adarrak mozten, baina enborrak tinko jarraitzen du, eta sustraiak auzoari, historiari sendoki errotuak.

Milesker bihotz bihotzez hor egoteagatik, zapalduen arteko elkartasuna ahalbidetzeagatik, antolatzeko gunea emateagatik, auzoari alternatibak eskaintzeagatik eta garrantzitsuena: gure ondorengoei iraultzaren bidea argitzeagatik. Segi horrela, gaurko zuhaitza biharko basoa bihurtu arte!!!

Bilatu