Pello Zabala
Eguraldian aditua

Udazken seinaleak

Baserritarrak asko ta fijo errepara ohi zion ilargiari, eta baita ondorio batzuk atera ere.

Ez dugu asko asmatu beharrik gure aroaren emana zainduz, urtaro aldi bakoitzari bere giroan antzemateko. Gure lurralde honen txoko berexi eta nahiko apartekoan bizi garenez, dela Kantauri itsasoko haize ufadak, dela Pirinio mendi tontorretako napar nahiz aragoitar haizeak, edo Gaztelako meseta bero ta lehorretik datorkigun haize errea, giro gure naturalarekin konforme gara gehienetan.

Atzo, ilargi bete ederrez sartu ginen, herenegungo iñularretik aurrera, bi gauerdiak eta goiza argitzera arte, hortxe gainean dizdiz eta alai punttuan genuela; baina atzo lainateriak gaurko eta hurrengo pixka batzuen tonua erakutsi nahi izan digu.

Badiot nik deboziorik ilargi handi biribilari, hain juxtu ere, gauargiko egun horretan jaio nintzelako, ekaineko bazkalondo batean izan bazen ere. Poztu eta argitu egiten nau il-argi bizi-argiak.

Baserritarrak asko ta fijo errepara ohi zion ilargiari, eta baita ondorio batzuk atera ere. Aspaldiko latinean bada bat argia ta biribila, Euskera argian, ilargi egunei begira, honelatsu genukena: Hirugarrenak, seinale,/ laugarren eta bosgarren, antzerakoak,/ ilargialdi erdia berdin/ seigarrena mudatu ezean.

Latinetik hartua da, bai: Tertia signat, quarta eta quinta tallis… ikusten da hor, garai batean baserriko eskola, libururik gabe ere, bertso-modukoak aise ikasis, eta mahaiko otorduetan akordatuz, aise errepasatzen zituztela, hilabeteoro, ilargiari ikusitako pausajeen paisaiak. Gaur, irratiz ta telebistaz, ia dena nola gogorarazten zaigun, errexegi jarri zaigu, eta apenas errepasatzen dugun.

Gazteleraz ere bazizuten antzerako konturik. Begiraizu hauxe: La Luna no es como pinta,/ sino como tercia y quinta;/ y si como quinta octava,/ lo mismo que empieza acaba.

Bilatu