Koldo Gracia eta Kepa Sarasola
UEUko zuzendaritzako kideak

UEU ikerkuntzan ere #ElkarEkin

UEUk bere eskarmentua, ikuspegia eta baliabideak eskuragarri jarri nahi dizkie Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko gainontzeko agenteei, herrigintzako agenteei eta euskal gizarte osoari

Urte berezia izaten ari da Udako Euskal Unibertsitatearentzat. Uda honetan UEUk Udako Ikastaroen 50. edizioa antolatu du eta efemeride biribil hori baliatuta, hainbat ekitaldi antolatu ditugu urtean zehar gure komunitatearekin, bidelagunekin eta euskal gizartearekin ospatzeko. Oso pozik gaude, baina etorkizunari arduraz eta gogoz begiratzen diogu. Horregatik, mende erdiko lanaren urteurren hau baliatu dugu ditugun erronkei modu egokian aurre egiteko beharrezkoak diren pausoak emateko. Horien artean kokatzen da orain dela gutxi lortu dugun akreditazioa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa.

Euskarazko ikerkuntzaren erregistratzaile eta eragilea: urte hauetan guztietan zehar UEUk harreman estua izan du ikerkuntzarekin eta euskal komunitate zientifiko-teknikoaren saretzea eta ikusgarritasuna bultzatu ditu.

Batetik, euskal komunitate zientifiko-teknikoaren egoera jaso dugu. Euskarazko produkzio zientifiko-teknikoa Inguma datu-basean jaso dugu (ia 12.500 egileren 45.000 erreferentziatik gora) hogei urte baino gehiagoz, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean. Gainera, Artizarra sare-soziala martxan jarri genuen, produkzio zientifiko-tekniko horren atzean dauden pertsonak ezagutzeko eta saretzeko (1.000 profesional baino gehiago biltzen dira bertan). Tesiker ere kudeatzen dugu, Eusko Jaurlaritzarekin batera, non euskaraz egindako tesiak jasotzen diren (900 baino gehiago dira).

Bestetik, euskal komunitate zientifiko-teknikoaren produkzioa eta saretzea erraztu ditugu. Adituen Topaketak antolatu ditugu hamaika jakintza-arlotan (ehun topaketatik gora). Ikergazte nazioarteko kongresuari esker ikertzaile euskaldun gazteek beren lana aurkezten dute (edizio bakoitzean ehun parte-hartzailetik gora) eta “Txiokatu zure tesia sei mezutan” lehiaketan, Txiotesia izenez ezagun denean, ikertzaile gazteek beren tesiak azaldu dituzte (240 parte-hartzaile inguru, egindako bost edizioetan). Azaroaren 22an beste edizio bat egingo da ikertzaile gazteek eta beren lanek merezi duten ikusgarritasuna izan dezaten. UEUk argitaratzen dituen liburu (450etik gora urte hauetan guztietan) eta sustatzen dituen aldizkariei esker (mila artikulutik gora) euskaraz egindako kalitate handiko ikerkuntza-lanak argitaratzen dira, jakintza-arlo ezberdinetako ezagumendua euskaraz bermatuta; eta UEUk Buruxkak deitutako liburutegi digitalean argitaratu duen materialaren zati bat eskuragarri jartzen du. Aipatutako jarduera eta egitasmo gehienak beste eragile eta erakunde batzuekin batera gauzatu ditugu, UEUk berea duen #ElkarEkin filosofiari jarraituta.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa akreditazioa lortzeak, aipatutako jarduerak bermatzeko eta sendotzeko aukerak eskaintzeaz gain, egitasmo berriak martxan jartzeko abagunea emango dio UEUri.

UEUren guneak, aukerak eta konpromisoak ikerkuntzan: azken urteetan, UEUk hainbat egitasmo abiatu ditu ikerkuntzarekin harremana dutenak. Horien artean daude Humanitate Digitalen Ikerketa Gunea (HDGunea, Errenteriako Udalak eta UEUk elkarlanean martxan jarritakoa) eta Goi-mailako Online Institutua (GOI, UEUk sortutako institutua, Euskal Herriko Unibertsitatearen ikastegi atxikia dena). Hala, abiapuntu gisa, hiru ikerketa-lerro nagusi landuko dira: hezkuntza-berrikuntza, humanitate digitalak eta generoaren ikuspegia eta hezkidetza. Ikerkuntza hori UEUren balioen arabera egiteaz gain, garatutako ikerkuntza-lanen zabalkundea egingo da, ekarpen berezia egiten duten lanak egongo direlako eta lan horiek tiradera batean edo USB batean ahaztuta gelditzea ez delako aukera bat guretzat.

Hala, 2020tik HDGuneak sustatuta “Humanitate Digitalak Euskal Herritik” urteroko gertakizuna antolatzen da; aurten, Humanitate Digitalen alorrean formatu, eduki eta norabideekin esperimentatzeko, eta Panglosaren kontzeptua problematizatuko dute. Gainera, GOItik sustatu nahi dira doktoregoko ikasleentzat formazio-ikastaroak, ikertzaile gazteentzat beren formakuntzan interesgarriak izan daitezkeen lanabes osagarriak eskaintzeko. Horrez gain, UEUren ondarea guztion eskura jarri nahi da esperimentazio eta ikerkuntzaren bidez, adibidez, Inguma eta Wikidataren arteko zubiak eraikiz. Azkenik, UEUren Ikerketa Guneek sortzen duten jakintza berri hori komunitate zientifikoan ere zabaltzen ari da: adibidez, Humanitate Digitalen azpiegiturei buruzko CLARIAH kongresuan lehen posterrak aurkeztu ziren.

Gainera, Europar Batasuneko Ikerkuntza Programek sustatuta, azken urteetan Ikerkuntza eta Berrikuntza Arduratsua kontzeptua hedatzen joan da. Kontzeptu horren bidez bermatu nahi da ikerkuntza zientifikoak eta garapen teknologikoak kontuan izan behar dutela ingurunean eta gizartean duten inpaktua. Hala, sei arlo lantzen dira: etika, berdintasuna, gobernantza, zientzia-hezkuntza, zientzia herritarra eta Sarbide Irekia. UEUren izaera, balioak eta eskarmentua arlo horiekin uztartzen dira eta ikerkuntza arduratsua sustatzeko eta hedatzeko konpromisoa hartzen du euskal gizartearekin.

Nabarmendu nahiko genuke hau guztia gauzatu ahal izateko UEUk oinarri sendoak dituela. Batetik, lantaldean eta bazkideen artean ikerkuntzan eta haren hedapenean eskarmentu handia duten profesionalak eta erreferenteak daude. Bestetik, bidelagun ditugun norbanako, eragile eta erakundeak iparrorratz ezin hobeak dira gure jardueren egokitasuna bermatzeko. Eta, nola ez, euskara, lurraldetasuna, kalitatea eta gertutasuna bermatuko ditugu, UEUn ohikoa den bezala.

Hortaz, UEUk bere eskarmentua, ikuspegia eta baliabideak eskuragarri jarri nahi dizkie Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko gainontzeko agenteei, herrigintzako agenteei eta euskal gizarte osoari zientzia zuzena, gertukoa eta arduratsua gauzatzeko.

Bilatu