Ramon Sola
GAUR8

Urkulluren fede eskasiarekin, kontuz

Bada pasarte oso argigarri bat Iñigo Urkulluren jarduera politikoan. 2009ko urtarrilean mozorroa kendu zuen gainetik, Maria Antonia Iglesias Madrilgo kazetariari emandako elkarrizketa luze eta mamitsuan.

Ordura arte, Josu Jon Imazek eta Juan Jose Ibarretxek ordezkatzen zituzten EAJren bi arimen artean zubi lana egiten zuen buruzagia irudikatzen zuen Urkulluk. Baina suhiltzaile jantzia bortizki kendu eta larrugorritan ageri zen liburuan, inolako lotsarik gabe: «Ibarretxerekin dudan harremana zailtasun handikoa zait. Egun askotan, berarekin batera segitzeko eta ataka honetatik duintasunez ateratzeko fedea erabili behar dut».

Fede gutxikoaren arazoa ez da ulertu behar, noski, Ibarretxerekiko (dakigunaren arabera, ez zuen berarekin inolako arazo pertsonalik izan), bere estrategia eta helburu politikoarekiko baizik. Burujabetza prozesuari zion fede gutxi Urkulluk.

Elkarrizketa berean, hain eskandalagarri izan ziren adierazpen horiez gain, PSErekin akordioak berreskuratzeko hautu garbia egiten zuen oraingo lehendakariak. Lau urte eta erdi beranduago, lortu egin du. Egia da itunaren paperetan jasotakoak ez duela askorako ematen eta ez duela berez ezer aldaraziko: Itxaso Atutxak berak onartu du, «gutxi da, baina gutxi ezerezaren bikoitza da», esan duenean. Esango nuke kalean guztiz oharkabean pasatuko zela ituna, bere aldeko propaganda mediatikoa hain astuna izan ez balitz (adierazgarria oso asteartean ‘‘El Correo’’-k Patxi Lopez, Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzarren irudia lehenetsi izana, San Mames Barriko estreinaldi ikusgarriarenaren gainetik, to apustu editoriala!).

Hortaz, akordioaren edukiak baino, Urkulluren gogoak pizten du kezka. Akordioarekin egin nahi duena (duela hamabost urteko agertokira itzuli) espresuki aitortu du, eta ez dirudi strep-tease hau Iglesiasen aurrean egindakoa baino light-agoa izan denik. Diadaren arrakastaren ondoren, porno gogortzat ere har genezake. Urkulluk egin nahi duenaz, beraz, zalantza gutxi dago: burujabetzarako «abenturak» alboratu (hitza ere berea da, aipatutako liburuan) eta asko jota neoestatutismo hutsala landu, PSEren eskutik, hau guztia EAJren mesederako izango delakoan (duda izpirik gabe, alderdiko gizona izan ohi da eta bada oraindik ere Urkullu; bolada baterako behintzat, eta antza bere nahiaren aurka, EBBko makila utzi eta Ajuria Enekoa hartu badu ere). Horixe da beti egin nahi izan duena eta oraintxe egiteko aukera buruan darabilena. Beste kontu bat izango da egin dezakeena, politikagintza «daitekeenaren artea» da, ezta?

Alderdi barruko egoera inork baino hobeto ezagutzen du Urkulluk, eta ondorioztatu beharko da, beraz, alde horretatik ez duela arazo gaindiezinik ikusi. Alderdi kanpokoa ez dago bere esku; haren asmoa ekiditeko erronka ez da makala EH Bildurentzat eta oro har burujabetzarako garaiak direla uste duten eragile eta herritar guztientzat. Baina kontuz, Estatuko botere nagusiak alde izan ditzakeela Urkulluk nabarmentzen hasia da. Kataluniako prozesuak abiada hartu duen honetan, irekiago ageri dira PPko buruzagiak, ezinbestean eredu autonomikoaren moldaketak egiteko prest, eta Konstituzioa bera aldatzeko prestutasunez PSOEkoak.

Ez dirudi politika-fikzioa denik legealdi honetan bertan EAJk eta PSEk –PPren oniritziarekin, jakina– Gasteizko Legebiltzarrean sortuko den lantaldean Estatutua berritzeko akordioa eskuratzea, eta gero, Ibarretxek egin zuenaren antzera, Urkulluk Madrilgo Gorteetara eramatea. Emango al liokete orduko ate-kolpea PPk eta PSEk? Ezetz apustu egingo nuke. Urkulluren fede eskasia eta Estatuaren konbertsioa erraz uztar litezke (konbertsoak fededun handienak izan ohi direla ahaztu gabe).

Bilatu