Utzi ditzagun alderdikeriak
Eguna joan eta eguna etorri, Gipuzkoan egunero daukagu gure hondakinen inguruko informazio, iritzi eta gehienetan salketa dosia. Erakundeak eta komunikabideak borroka-toki bihurtuta ditugu, baina ia inoiz ez neutralak, aurrez aurre dauden politikoekiko duten hurbiltasuna edo higuinaren araberakoak baizik.
Borroka honetan ez da irabazlerik izango baina, aldatu ezean, Gipuzkoako biztanlean eta bertako ingurumena izango dira galtzaile seguruak.
Hauteskundeak hurbil ditugun honetan, alderdi desberdinek ahoa beteta aipatzen dituzte herritarren ongizatea eta aurrerapenak, baina gero hondakinen kudeaketan aurrerapen esanguratsua suposatu lukeen akordioetara –beti ere mundu guztiak teorian onartzen duen hierarkia jarraituz: murriztu, berrerabili, birziklatu...– heltzeko ez dira gai.
Bada garaia Gipuzkoa eta gipuzkoar garbiago eta hondakinekin arduratsuago jarduten dutenak lortzeko bidean denok gur aletxoa jar dezagun. Bada garaia bidean trabak eta burokraziak ipintzeari uzteko, honela lortzen den gauza bakarra aurrean dugun arazoaren konponbidea atzeratzea eta herritarren artean amorrua sortzea baita. Bada garaia bakoitzak bere ekarpena gehitzeko eta sortzen ari diren ideiak lagundu eta hobetzeko.
Zeren, batzuk bidean etenik gabe jartzen ari diren oztopoak gaindituz, ideiak badira, pausoak ematen ari gara, nahiz eta ez izan nahi genukeen abiadan. Guztia ez da alferrik izaten ari, Gipuzkoa Europaren buruan dago eta Estatua osoan ez dago hemengo birziklapen mailarik (%42a), eta aurreratzea oso azkarra izaten ari da. Honela, 2008an pertsonako 344 kilo zabor eman ziren zabortegira, 2013an 261 kilo eta 2014an 238 kilo. Bada zerbait, baina asko falta da!
Bestalde, herri desberdinen arteko diferentzia izugarriak nabarmendu beharra dago. Donostiar bakoitzak urtean zabortegira 274 kilo hondakin bidaltzen du, irundarrek 260 kilo, eibartar eta errenteriarrek 231 kilo; beste aldean ditugu Hernani 38 kg-rekin, Ordizia 74 kg-rekin, Oñati 32 kg-rekin, Azkoitia 81 kg-rekin, beti ere biztanle eta urteko. Emaitza hauen aurrean garbi geratzen da gipuzkoar guztiok ez dugula ardura berbera zabortegien betetzean edo zaborrei emango zaien beste edozein tratamendutan.
Egoera hau izanik, Errausketaren Aurkako Koordinadorak Foru Aldundiari, Hondakinen Partzuergo eta Mankomunitateei onartuta dauden instalazioak (Bergarako konpostatze planta) ahalik eta azkarren martxan jartzea eskatzen die. Bestalde, egungo egoeratik abiatuta eta kontuan izanik hondakinen sorrera eta birziklatzearen bilakaera itzulezinak direla, gobernu talde eta oposizio guztiei alderdikeriak utz ditzaten eskatzen diegu, eta prozesu hau azkarra eta ingurumenarekiko errespetuzkoa izaten lagun dezaten. Aipatutako guztiei, hondakinen gaiaren inguruan ari garen eragile sozialei eta eragina zuzenean jasoko duten Udalei (Bergara, Azpeitia, Zubieta, Zestoa..) deia luzatzen diegu ematen den pauso bakoitza kontrola dezaten ─ ez du oztopatu esan nahi ─ aurretik agindutakoa ez dadin hitz hutsetan gera, baizik eta ongi egindako lanaren bermea izan gaitezen denok.