Uxue Alberdi eta Miren Amuriza «La Sinsorgan»
Berandu nabil, berandutu egin zait idazten hasteko. Hilaren 17an hizketaldi bat emango digute Uxue Alberdik eta Miren Amurizak, «biak idazle, biak bertsolari, biak ama». Beraien azken bi liburuez arituko dira eszenatokitik.
Oso berandu egin zait. Nik hizketaldi horren inguruan esaldi batzuk, lerro batzuk idatzi nahi nituzke. Berandutu egin zait, nik oso denbora luzea behar izaten dut hitzak eta hitzon lekuak esaldi barruan behar den bezala kokatzeko. Lan neketsua da niretzat idaztea bai euskaraz bai edozein hizkuntzatan.
Kontuan hartu behar duzue oso praktika gutxi daukadala idazten. Nire eskolaldian, hamalau bete artekoan, behin bakarrik egin genuen erredakzio bat, San Isidro jaiaz idatzi behar izan genuen hura. Eskolako maisuak, Don Balentin zeritzonak, goraipatu zuen nire idazlana. Guk eta herrikideek jaietan eginikoaz idatziz kontatu beharrean, desbideratu eta entretenitu egin nintzen deskribatzen nola zetozen inguruko herrietako auzokideak bidezidor eta bideetatik, oinez ibilera arinarekin batzuk, asto gainean eroso beste batzuk, mandotan eta zalditan beste batzuk eta traktorean eserita beste gutxi batzuk. Hauek guzti hauek nola zetozen azkar, pozik eta dotore-dotore jantzita gure herriko plazara goiz-goiz heltzeko eta jaian parte hartzeko eta zernolako ilusio handiak zekartzaten asmatu eta kontatu nituen. Maisuak, lehen esan bezala, nire lantxoa goraipatu zuenez, harrotasuna sentitu nuen eskolako pupitrean.
Institutoan ez nuen inoiz idazlanik egin eta unibertsitatean bat ere ez, ezta behin ere. Beraz, jadanik ulertua duzue irakurtzen bai, ikasi egin nuela, baina idazten oraindik ez.
Miren Amurizaren eta Uxue Alberdiren azken lan biokin: "Hetero" eta "Pleibak" nobelekin emozionatu egiten nintzen eta orain ere emozionatu egiten naiz, eta birritan, hirutan, lautan, eta ez dakit zenbat aldiz berrirakurri ditudan.
Esan behar dut bi nobelak erosi, irakurtzen hasi eta berehala nobelak baino eskutitzak iruditu zitzaizkidala. Bai, ezbairik gabe, eskutitz eder eta luzeak dira biak: lagun batek beste bati idatzirikoak, behin eta berriz buruz eta bihotzez ikasteraino irakurtzen diren horietarikoak. Garai batean, ez oso aspaldian, idatzi egiten genituen eskutitzak.
Emozioa alde batera utzi behar dut gaur baina, aurkezpen ekitaldia hilaren hamazazpian La Sinsorgan (Bilbon) izango denez, bertan mintzatzeko aukera sortuko balitzait, nire balizko hizketalditxorako azterketa morfologiko bat prestatu dut, izenordainen erabileraz, hain zuzen ere.
Orrialdez orrialde, lerroz lerro eta esaldiz esaldi ikertu ditut bi liburuak. Denbora apur bat behar izan dut, jakina, baina merezi izan du, ondorio batera iritsi naizelako, honakoxea: esaldi gehienetako subjektuak, izenordain hauek izaten dira: «ni», «zu», «hura». Oso gutxitan agertzen den izenordaina «gu» da.
Zaila da, nire ustez, «gu» erabili gabe zoriontasuna sentitzea.
Harrotasuna sentitzea errazagoa da, eskolako pupitre hartan maisuaren laudorioaz sentitu nuen, niak harrotasuna senti dezakeelako ezer gutxirekin ere.
«Debido a las acciones de Israel en la Franja de Gaza, la Comisión Europea suspende su apoyo al país. La presidenta de la Comisión, Ursula von der Leyen, anunció en el Parlamento Europeo en Estrasburgo que se suspenderían todos los pagos pertinentes. Sin embargo, esto no debería afectar la colaboración con la sociedad civil israelí ni al Memorial del Holocausto Yad Vashem».
«Este artículo se seguirá actualizando».
Hara! une honetantxe, nire idazlan hau idazten nenbilela, nik ez dakit nola, sartu egin zait pantailan goiko testua.
Nik uste dut −nire erredakzioarekin jarraituz−, harrotasuna ez dela gutxiesteko sentipena. Zoriontasunak, aldiz, talde baten beharra dauka eta, niak, «gu» baten partaidea izan gabe, ez du inolaz ere zoriontasuna zer den somatuko.
Badira, bai, izan badira «gu» izenordaina nolabait baliatuz bi nobeletan deskribaturiko egoera, orrialde eta pasarte bakan batzuk.
Txiripaz zoriona adierazten dutenak ote!
Esaterako: «Jennyferren lepoaren kontra jarri dut burua, begiak itxi ditut, harrabotsa aditzen dut inguruan, izutu egin nau abiadak, «ezkerrera!» garrasi egin du Saioak, eta pentsatu gabe etzan dugu gure existentziaren zama guztia. Gorputz bakarra gara eta maldan behera goaz; ez dut beste inon egon nahi». "Hetero" liburuan, 45. orrialdean.
Miren Amurizaren liburuan, 15. orrialdean: «Ze, zu ta biok, zu eta biok gara, koño. Edo, behintzat, izan ginen. Ez?
95. orrialdean: «ni-nerabeaz pentsatzea, zu-nerabeaz pentsatzea da».
82. orrialdean: „Baina ni zeuri begira nago, eta zu neuri begira zaude, eta gure arteko maitasun originario hura intakto dago».
Nitasunaren esparru itxitik gutasunaren mundu zabalera iritsi ezinik, «animalia penatuen erresuman» (sic) jarraituko dugu.
NAIZetik, GARArako bidea egin barik, «ni-landian» «umezurtz-landian» biziko gara, alegia: «Homo hominis lupus» delako hori gure etxea dela, gure espetxea, gure gotorlekua.
Kontzertinak begietan jarrita aterako gara goiz-goizetik gure etxetik, gure kobazulotik. Harrokeriaz «Mar-a-Lago»-tik, gordelekutik, txaletetik.
Egunero, egunero aterako gara etxetik kalera gure lan indarra, gure lan intelektuala, gure bizitza saltzera ekonomia tiranikoko lan merkatuan.
Batzuek, eta ez dira gutxi, ekonomia tiranikoko lan merkatu honi kapitalismoa deritzote. Marx-ek eta Engels-ek inoiz ez.
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.