Josu Chueca, Sabino Cuadra, Aitor Garjon, Amaia Kowasch, Fermin Rodriguez eta Begoña Zabala
Sanferminak 78 Gogoan herri ekimeneko kideak

Uztailak 8: memoria eta inpunitatea aurrez aurre

Uztailaren 8an, urtero, Iruñeak oroitarazten du irekia segitzen duen zauria. 1978an, sanferminetan, Polizia Armatua zezen plazan indarrez sartu zen eta operazio errepresiboa eragin zuen, ehunka zauritu eta eraildako bat, German Rodriguez Saiz, utzi zituena. Egun batzuk beranduago, elkartasun mobilizazioetan, Poliziak Joseba Barandiaran Urkola hil zuen Donostian. Gertaera haiek ez ziren jazoera bakanak izan. Frankismoaren azken urteak eta trantsizioa markatu zituen estatu-indarkeriaren segidaren parte izan ziren.

Sekuentzia horren baitan hauek izan ziren: 1976an, Gasteizko sarraskia, zeinean poliziak bortz langile erail baitzituen; urte bereko Montejurrako krimenak; amnistiaren aldeko 1977ko astea, Euskal Herrian zazpi hildako utzi zituena. 2026an Gasteizko eta Montejurrako sarraskien 50 urte bete dira. Mende erdia iraganda, giza eskubideen urratze larri horietako bakar bat ere ez da epaitua izan. Inpunitateak konpondu gabeko arazoa izaten segitzen du demokrazia honetan. Nazio Batuek eta nazioarteko bertze erakunde batzuek behin eta berriro oroitarazi diote Espainiari konpondu gabe mantentzen dituela bere eginkizunak giza eskubideen urratze larriak ikertzeari dagokionez. Alta, fiskalek eta auzitegiek biktimei ateak ixten segitzen dute. 

Egia da zenbait aitzin-pauso eman direla. Biktimen eta memoria mugimenduen konstantziari esker, erakunde batzuek urrats garrantzizkoak egin dituzte. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Parlamentuak zeregin nabarmena izan dute 1978ko sanferminen aitortza publikoan, eta zenbait biktimak banakako aitortzak jaso dituzte Nafarroako Gobernuaren aldetik, memoriaren legeak aplikatuta. Hala ere, funtsezkoa falta da: Pedro Sanchezen Gobernuak Estatuaren erantzukizun zuzena esplizituki aitortzea, egia osoa eskuratu ahal izatea eta erantzukizunak ikertu eta garbituko dituen justizia. 

Testuinguru honetan, bereziki etsigarria da PSNk berriki hartutako jarrera. Sanferminak 78 Gogoan elkarteak Estatuaren erantzukizuna aitortzeko sustatutako mozioa Iruñeko Udalean sostengatu ondoren, joan den maiatzaren 28an, Nafarroako Parlamentuan abstentziora jo zuen eduki bertsuko ekimen batean. Abstentzio horrek ebazpena onestea galarazi zuen eta zapuztu egin zuen Gobernu espainolari zuzendutako eskaera instituzionala, Estatu krimen hura ofizialki aitor dezan. Hori suertatzen ez den artean, ordainak osatu gabe segituko du. 

Horregatik, egia, justizia, ordaina eta berriro ez gertatzeko bermeak erdiesteko borroka ez da iraganeko kontua bakarrik. Gaurkotasun handia duen borroka da, atzoko inpunitateak baldintzatzen baitu gaurko kalitate demokratikoa. Gazako genozidioa, gerrak, desparekotasun gero eta handiagoak, krisi klimatikoa eta giza eskubideen urraketa masiboak; horiek dira orainaldia zeharkatzen duten inguruabarrak. Orobat, finkaturik ziruditen askatasun eta garaipen sozialak zalantzan paratzen dituzten proiektu autoritarioak aitzina egiten ari dira. Halaber, menderatze ekonomiko eta sozialen forma berriak ikusten ari gara, diskurtso berrien azpian logika kolonial zaharrak betikotzen dituztenak. 

Panorama horren aitzinean, memoria ez da oroitzapen erritualera mugatzen ahal. Oroitarazteak orainaldiarekiko erantzukizuna gure gain hartzea erran nahi du. Amnistiaren, askatasun demokratikoen eta eskubide sozialen alde borrokatu zirenek ez zuten egin haien historia artxiboetan itxita geldi zedin. Jendarte justuagoa posible zela uste zutelako egin zuten. 

German Rodriguez, Joseba Barandiaran, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo, Bienvenido Pereda, Ricardo Garcia Pellejero, Aniano Jimenez Santos eta indarkeria haren biktima guztiak omentzeko modurik onena da uste oso hori bizirik mantentzea. Memoria tresna da inpunitateari aurre egiteko, giza eskubideak defendatzeko eta esperantza eraikitzen jarraitzeko. Zeren eta egia eta justizia erdiesteko borrokak ez du bakarrik duela ia 50 urte gertatu zenaz hitz egiten. Gaur eraiki nahi dugun munduaz ere mintzo da. 

Uztailaren 8an, urtero, erailak izan zirenak eta errepresioa jasan zutenak oroitarazten ditugu. Baina historia ez dagoela itxia ere oroitarazten dugu. Egia osoa, justizia eraginkorra eta erantzukizunen aitortza ez diren bitartean, zereginak gauzatu gabe segituko du. Eta memoria eta borroka kolektiboa bizirik mantentzen dituztenak hor dauden bitartean, mundu hau aldatzeko posibilitateak ere existitzen jarraituko du. 

Bilatu