Erik Juez Villar

‘Veganofobia’ artikuluari erantzuna

“Veganofobia” artikuluaren harira zenbait gauza argitu nahiko genituzke. Irainduak sentitu gara begano bezala idatzi honen aurrean, izan ere begano orori zuzendua dago, inolako ezberdintasunik egin gabe.

Nahiz eta pixka bat minduak sentitu, zure idatzitik zerbait positiboa ateratzen saiatu gara, autokritika egite aldera. Baina guztiak zaku berean ez sartzea eskatuko genizuke hurrengo baterako.

Elkar lotuta dauden baina ezberdinak diren bi gai lotu dituzu zure iritzi artikuluan. Alde batetik, janariaren produkziorako erabiltzen diren metodoak, eta beste alde batetik, ikuspuntu etiko batetik animaliak jatea zuzena den edo ez.

Biak lotuta daude, animalion askapenaren alde gaudenok ederki asko dakigu, orokorrean, mugimendu hau izan baita hein handi batean haragiaren, esnekien eta arraultzen industriaren miseriak azaleratu dituena. Hau gure lehentasuna izanik, beste produkzio era kapitalista batzuen alde ilunak ere argitaratu dira, hala nola sojarena, zeina animaliak elikatzeko erabiltzen den gehienbat.

Gu animalia guztion esplotazioan zentratzeak ez du esan nahi giza-animalion esplotazioa suposatzen duten produktuak ekiditen saiatzen ez garenik, ezta autoprodukzioa sustatzen ez dugunik ere. Guk ere gure kontraesanak baditugu, eta hauek lantzen ditugu, beraz eskertzen dizugu zure artikuluaren alde positibo hori, ez baikara inongo jainkoak. Egongo da hau pentsatzen duen beganoren bat, baina mesedez ez sartu denok zaku berean.

Bukatzeko, esan, guk ez dugula begi onez ikusten animaliak erailtzea jateko, eta noski, norbait erailtzen duen hura hiltzaile bat da. Hau esanik, beganook ere landareak akatzen ditugu jateko (ez dute mina sentitzeko ahalmenik, baina tira), eta baita ezinbestean xomorroren bat, baratzean lurrari goldea pasatzen zaionean, edota barraskiloren bat nahigabe zapaltzea nahiko ohikoa da. Ez da berdina animaliek esplotazio fabrika handi batean bizi duten egoera, edo zurekin bizi direnen egoera, guk hau ez dugu ukatzen. Baina ez ahaztu biak erraz ekidin daitezkeen erailketak direla, eta jada aski frogatua geratu dela ez dugula beharrezkoa haragia edo beste animalia jatorriko produktuak jatea bizitzeko, beraz, zergatik egin? Zure artikuluan ez diozu erantzunik eman honi, esan duzun bakarra izan da besteak (mataderotako langileak, adibidez) zu baino okerrago ari direla egiten, eta hau ez da inongo erantzuna..

Guk ere pendiente dugu, animaliak askatu ostean hauekin zer egin argitzea. Erantzun argirik ez badugu ere, ilusio handiz ekingo diogun lan bat izango da, animalia guztiok aske garen egunean!

Bilatu