Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate
Alternatibako Mahai Internazionalista

Venezuela eta Latinoamerika une historikoan

Datorren igandean, apirilaren 14an, berriz ere izango dira presidentetzarako hauteskundeak Venezuelan, Hugo Chavez, azken 15 urteotan Amerikako herrien burujabetzaren eta euren arteko saretzearen aldeko borrokan ikur nabarmena izandakoaren heriotza dela eta.

Dirudienez, eta galdeketa gehienek adierazten duten bezala, bere ondorengoa, Nicolas Maduro, izango da Errepublika Bolivartarraren gobernuburu datozen urteotan. Zentzu honetan, bai eskumak zein ezkerrak argi omen dute irabaziko dutela, hainbat arrazoi direla medio: Chavezen heriotzaren ostean aurreikusi daitekeen Venezuelako sektore herrikoien mobilizazio soziala, hauteskundeen parte-hartzean islatuko dena; Gran Polo Patrioticoren (Polo Patriotiko Handia) erabateko garaipena –Maduro hautagai aurkeztu duen alderdi koalizioa- bai aurreko presidentetza hauteskundeetan zein eskualdeen gobernuak hautatzeko hauteskundeetan, non Chavezek ez zuen kanpainan parte hartu, bere gaixotasuna zela eta; oposizioaren ezintasuna gehiengo sozial handientzat aukera sinesgarri gisa agertzeko, etab.

Zentzu honetan, hauteskunde kanpainak ez du aurrekoetan bezain besteko nazioarteko arretarik lortu. Halaber, sakon hausnartzen badugu Venezuelako eskumaren –baita nazioartekoarena ere. Izan ere, Venezuelak eskuma ugari biltzea lortu du, jokoan dauden etekin ekonomiko eta geoestrategikoak direla eta- etorkizun hurbilerako estrategia asmatzen laguntzen gaituzten ideia garrantzitsu batzuk ondorioztatu ditzakegu. Eskumak, dagoeneko esan bezala, ez du irabazi nahi. Izan ere, bere xedea ahalik eta portzentajerik baxuenagatik galtzea da, estatuaren gobernagarritasuna oztopatzeko, eta Maduroren aurkako kanpaina indartzeko, era berean mugimendu Bolivartarraren barruko sektore politiko ezberdinen artean tirabirak sortuz.

Hala, Capriles eskumako hautagaiaren kanpaina honako gai hauetan oinarritzen ari da: Batetik Chavezen estatu-politikari eta estratega irudia berreskuratu -duela oso gutxi Luzifer eta Akerbeltzen nahasketa gisa saltzen zuten arren- Maduro ezgai eta ezjakin batekin alderatuz, Venezuelako oligarkiaren ikuspuntu arrazista eta klasista tipikoa azaleratuz; bestetik, kanpainaren arreta, itxuraz aurrerakoia den programa batean jarri, Hugo Chavezen presidentziaren garaian lortutako gizarte aurrerakuntza garrantzitsuak onartuz –eta bereganatuz-, eskuma neoliberalaren eta bere oinarrian dauden sektoreen agenda baztertzailea estaltzen saiatzen ari diren bitartean, klase herrikoiak erakartzeko asmoz; hirugarrenez, gizarte lan ugarietan aktiboki parte hartzen duten kubatarrenganako diskurtsoa leundu, bera gobernadore zen garaian, trabak besterik jarri ez zizkienean, estatutik kanporatzen saiatu zelarik; eta azkenik, herriaren segurtasun ezaren aurkako borrokaren buruzagitza bereganatu, Bolivarianismoa baino lehen, hamarkadetan eskuma hegemonikoen politikek sortutako desberdintasunek segurtasun eza hori bera sortu bazuten ere. Laburbilduz, aurrerakoitasuna eta herritarren segurtasun ezaren aurkako borroka, Maduro fidagarria ez dela eta Chavezen lanari jarraipenik emateko gaitasunik ez duela irudikatuz. Bere iritziz beraz, Capriles Chavezen ondorengorik hoberena da, ez Maduro.

Hala izanik, kolpista neoliberalak burutik jota al daude? Ez ba. Estrategia koherente bat landu dute, epe ertainera bere fruitua ematea espero dutena. Bere indar guztia desorekatzen eta gutxiesten jarriko dute, justu orain, Hugo Chavezen irudi indartsua falta denean: bai hauteskundeen bidetik (Madurorekiko aldea gutxitzen saiatuz), edota beste edozein bide dela medio (dagoeneko adierazi da hainbat sabotaje eta desorekatzeko saiakera egon direla, nazioarteko laguntzarekin). Eskumak badaki Venezuela zein garrantzitsua den, eta bere momentua ikusten du, ez apirilaren 14an, geroago baizik.

Horregatik, ezkerretatik jakin behar dugu Venezuela zein garrantzitsua den Amerikarentzat zein munduarentzat. Amerikako ezkerra gorputz bat izango balitz, dudarik gabe, Venezuela, bere baliabide eta esperientziagatik, bihotza izango litzake. Eta ezkerra gauza asko izan daiteke, baina batez ere bihotza da. Horregatik, igande honetan irabazten hasiko gara, eta ahalik eta tarterik handienarekin. Eta gero, Venezuelako herriak erakutsiko digu nola sakontzen den sozialismoaren eraikuntzan eta nola egiten dion aurre eskumari, kemenez. Eta hor egongo gara Euskal Herritik babesa emanez. Maduro, adiskide hori, eman gogor oligarkiari!

 

Bilatu