Venezuelar herriarekin bat
Idazki hau sinatzen dugunok, garai desberdinetan Venezuelan euskal errefuxiatu edo deportatu politiko izan garenok, urtarrilaren 3an Ameriketako Estatu Batuek Venezuelaren aurka egindako aldebakarreko eraso militarra, dozenaka hildako eta Nicolas Maduro Venezuelako Bolivartar Errepublikako presidentearen eta bere emazte Cilia Floresen bahiketa eragin zituena, salatu eta gure gaitzespena adierazi nahi dugu.
Inperioaren ekintza basati horrek nazioarteko edozein arau, itun edo zuzenbide urratu du eta independentziaren garaietatik Venezuelaren aurka atzerritik egindako erasorik handiena izan da. «Narkotrafikoaren aurkako borroka» aitzakiatzat hartuta, AEBk ontzi, hegazkin eta tropa militar ugari hedatu zituen duela hilabete batzuk Venezuelako kostaldetik gertu, eta ehun hildako baino gehiago eragin zituen ustez droga trafikoari lotutako txalupen aurkako erasoetan. Exekuzio sumarioak izan ziren, nazioarteko zuzenbide humanitarioa urratu eta mespretxatzen dutenak.
Ondoren, Venezuelako petrolio ontzien bahiketa eta Trumpek berak itsas pirateria ekintza horiek asumitzeko egindako adierazpenak izan ziren AEBren asmoen adierazle argiena, eta asmo horiek agerian geratu ziren, beste behin ere, Donald Trumpek Venezuelari eraso militarra egin ondoren eman zuen prentsaurrekoan: gerra petrolioagatik da.
Ziur gaude Latinoamerikako nazioen aurkako Ameriketako Estatu Batuen inperialismoaren eraso militar zuzenaren fase berri baten hasieran gaudela, gaur egun Venezuelan zentratua, Latinoamerika eta Karibe bere atzeko patio gisa ikusten dituen Monroe Doktrina ilunean oinarrituta, eskualdeko herrialdeen subiranotasuna ahuldu nahi duena.
Gu, hainbat hamarkadatan Venezuelan errefuxiatu edo deportatu gisa bizi izan garenok, Venezuelako eskuin muturreko sektoreek eta AEBn eta Europan dituzten aliatuek herrialdera itzularazi nahi duten «demokrazia» haren (1959-1998) errealitatearen lekuko izan ginen. Herri sektoreen bizi kondizioen hobekuntzak eta inperialismoarekiko mendekotasunaren aurrean independentzia eskatzen zituzten ezkerreko sektoreen aurkako jazarpenaren lekuko, hilketak, desagertze behartuak eta espetxeratzeak barne. Ikasleen aurkako errepresioaren lekuko, beren ikastokietan duintasuna edo garraioaren doakotasuna aldarrikatzeagatik; nekazarien aurkako errepresioaren lekuko, lan egiteko lurra erreklamatzeagatik. Accion Democratica (sozialdemokrazia) eta Copei (demokrazia kristaua) alderdiak estatu alderdi gisa boterean txandakatzen zituen hauteskunde iruzur iraunkorraren lekuko izan ginen. Interes truke horrek gutxiengo aberats bati bakarrik egiten zion mesede, herri sektoreak marjinaltasunera eta erabateko pobreziara kondenatzen zituen bitartean, eta inperialismoaren eta korporazio multinazional handien interesak nazio osoarenaren gainetik jartzen zituen.
Azken hamarkadetan eta Hugo Chavez komandantearen etorrerarekin, ilusioa, itxaropena, duintasun antiinperialistaren berpiztea eta hobekuntza sozialak partekatu genituen herriarekin, baina, era berean, herrialdearen jabe zirela uste zuten eliteek sustatutako eta armadako sektore atzerakoi batek gauzatutako estatu kolpea (2002) pairatu genuen haiekin, baita elite horiek eragindako petrolio etenaldi kriminala (2003) eta hainbat urtez elikagai eta medikamenturik gabe utzi gintuen inperioak inposatutako eta oposizio aberrigabeak bultzatutako blokeo kriminalaren ondorioak ere. “Operación Salida” delakoa ere jasan genuen, eraso faxistak, erailketak, Maduroren aurkako atentatuak eta inbasio saiakerak mertzenarioekin. Faxisten erasoa eta blokeoa garaituta, oraindik herrialdeari ondorio ekonomiko eta humano larriak eragiten dizkion arren, inperioak estrategia berri bat markatu du Venezuelari zuzenean eraso eginda eta presidentea bahituta.
Herrien burujabetza eta autodeterminazioa berriz ere arriskuan dagoela jakitun, oraingo kasuan Venezuelako Bolivartar Errepublikan, Euskal Herriko herriari urgentziazko deia egiten diogu nazioen independentzia suntsitzeko saiakera inperialen aurka erne egoteko, elkartasuna adierazi eta mobilizatzeko. Latinoamerikan, Venezuelako Bolivartar Errepublikak kontinente osoaren duintasuna irudikatzen du gaur egun, aske izan nahi duen herri baten borondatea adierazten du, egunez egun historiak kolokan jartzen duen hegemoniari eusteko behar dituen baliabide naturalak eskuratzeko gerra eta suntsipena erabiltzeko zalantzarik ez duen inperio dekadente baten aurrean.
Aldebakarreko eraso militarraren, Nicolas Maduro presidentearen eta Cilia Floresen bahiketaren eta eraso berrien mehatxuaren aurrean, ezin dugu, eta ez dugu nahi, isilik geratu. Gehiegi zor diogu herri horri eta, Hugo Chavez komandanteak esaten zuen bezala, «maitasuna maitasunarekin ordaintzen da». Hori dela eta, euskal solidarioei dei egiten diegu Latinoamerikan eta bereziki Venezuelan gertatzen den eraso militarraren eta yankien injerentziaren aurkako salaketa hau gurekin partekatzeko eta mobilizatzeko.
Gaur egun, historiako une aztoratu eta nahasi hauetan, inoiz baino indar handiagoa hartzen ari dira Chavez komandanteak Venezuelako herriari esandako hitzak 2012ko abenduaren 8an, Maduro proposatu zuenean bere ondorengo gisa prozesu iraultzailearen eta Gobernuaren buru: «Ez dira faltako egoera zailak aprobetxatzen saiatuko direnak, kapitalismoa, neoliberalismoa, berrezartzearen ahaleginari eusteko, aberria suntsitzeko. Ezin izango dute. Zailtasun berrien aurrean, iraultzaile guztien erantzuna: batasuna, borroka, bataila eta garaipena! Gaur aberria dugu eta gertatzen dena gertatzen dela, edozein egoeratan, aberria izaten jarraituko dugu».
*Sinatzaileak: Lorentzo Ayestaran, Juanjo Aristizabal, Axun Arana, Erramun Sagarzazu, Juan Carlos Arriaran, Arturo Cubillas, Iñaki Etxaniz, Lourdes Aierbe, Luis Roncero, Josu Huerta, Oier Egidazu, Iñaki Dominguez, Josune Elorza, Joxe Ignacio Arruti, Maria Angeles Artola, Kepa Viles, Bittor Galarza, Anartz Aranbarri, Joxe Arbelaiz, Zigor Orbe, Jose Angel Mutiozabal, Koldo Saralegi, Xabier Arruti eta Koldo Zurimendi.