Ikoitz Arrese Otegi
EH Bilduren Hezkuntza Idazkaria

Whatsappean, “6. mailako gurasoak”

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eroso dago egoerarekin. Egun dugun apurrarekin konformatu egiten da. Ez ditu gauzak aldatu nahi. Ez du Europako herrialde aurreratuenen hezkuntza sistemen kalitatera eta inklusiora hurbiltzeko anbiziorik. Orain arte bizitako ustezko oasian bailego jarraitu nahi du.

Gero eta gehiago dira eskoletako gurasoen whatsapp taldeak. Ikasturtea hasi bezain pronto, behin klaseak ikaslez lepo bete direla, gurasoek taldea sortzen dute. Elkar ezagutu gabe ere, telefono zerrenda hartu eta baten batek taldea sortzen du: 6. mailako gurasoak. Gai asko heltzen dira kurtsoan zehar bertara: bidaietara eraman beharreko arropen kezkak, etxerako lanen zerrenda, guraso taldeko bilera deialdiak, grebetako kartelak, bideo ergelen bat... Hori guztia heltzen da whatsapp taldeetara. Baina kasu askotan, konturatu gabe bada ere, ikasleen gaineko gehiegizko kontrolerako edota gurasoen harrokeriarako gune bilakatzen dira ere.
Kasu honetan, Keled-ek galdera hauek bidali ditu taldera:

- Zenbat diru emango diot Hakîm-i gaurko ibilaldira eramateko? Zenbat emango diozue zuek?
Taldeko askok mezua irakurri badute ere, erantzuten lehenengoak ez izateko zain daude.

Berehala erantzun du Edurnek, ordea:

- Nik 3’6 euro emango dizkiot. Asko igo diot paga azken urteetan. Honekin nahikoa  eta soberan du. Ez dadila kexatu!

Ohikoa du Edurnek jarrera hori. Lehenengotarikoa da erantzuten eta gehienetan bere erabakiak defendatzeko izaten da. Normala da hori, izan ere, urte askoan Edurnek bere alaba Eiderri emandako pagarekin oso ondo moldatu baitira. 2009tik, ordea, amak alabari ematen zion dirua asko murrizten joan da. 4,3 euro ematen zizkion lehen. Orain 3,6 euro.

4,3 eurorekin ederto pasatzen zuen Eiderrek, bere klase-kideei ematen zieten kopuruaren antzerakoa jasotzen baitzuen. Batzuei 5€ ematen zizkieten, beste batzuei 5,8 euro; bazen 6,5 euro jasotzen zuenik ere, gela guztiaren inbidia zena.

Afera ez da zenbat jasotzen duen batak edo besteak. Inportanteena ez da paga kopuru bat ematea edo beste. Soilik. Kontua diru hori erabiltzeko gaztetxoak izango duen ohitura, kultura eta heziketa egokian datza. Zenbat baino, nola da gakoa. Edurnek Eiderrekiko ardura guztia galdu du. Gainera, urtero zentimo batzuk gehiago eman izan dizkionez, kexatzeko eskubiderik ere ez dio ematen:

- Iaz baino 10 zentimo gehiago eman dizkizut oraingoan. Ez zaitez kexatu! Esan ohi dio amak.

Baina Eider konturatu da. 2009an 4,3 euro zituen eta horrekin gauza asko egin zitzakeen, beste lagunen antzera. Gaur 3,6 euro jasotzen ditu soilik eta gainera asko garestitu dira berari horrenbeste gustatzen zaizkion izozkiak. Lehen txiklea, izozkia eta komiki bat eros zitzakeenean, orain izozkia eta txiklea besterik ezin ditu erosi. Komiki zaharrak behin eta berriz irakurtzen jarraitu beharko du. Gelako besteak, bitartean, komiki ezberdinak, fruta freskoa, pala berriak eta konpaserako minak dituzte motxilan. Eskerrak Eiderren lagunak eskuzabalak diren eta berarekin partekatzen dituzten gauzak. Bestela, isolatua gelditu liteke eskolako patioan.

Egoera hori, ordea, ez du ikusi nahi Edurnek. Bere ustez nahikoa da alabari ematen dion paga eta ez dio igoko. Gainontzeko gurasoek egin duten esfortzua egiteko prest ez dago Edurne, eta alabari ematen dionarekin konformatu egiten da, eroso dago horrela. Whatsapp taldean, hori bai, poz-pozik idazten jarraitzen du eta harro segitzen du esaten Eider ondo moldatzen dela berak ematen dionarekin, kexati hutsa dela, umekerietan dabilela beti. Beste gurasoek eta eskolako orientatzaileak ohartarazi diote, hala ere, bere alabaren hoberako paga igo behar diola eta kurtsoko batez bestekora hurbildu dadila.

Demagun orain 6. mailako gurasoen whatsapp taldea ez dela existitzen, eta Europako hezkuntza sistemen behatoki bat dela; Edurne Cristina Uriarte sailburua dela eta Eider EAEko hezkuntza sistema. Hori da hain zuzen ere gure hezkuntzak duen egoera eta errealitate gordinaren metafora. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eroso dago egoerarekin. Egun dugun apurrarekin konformatu egiten da. Ez ditu gauzak aldatu nahi. Ez du Europako herrialde aurreratuenen hezkuntza sistemen kalitatera eta inklusiora hurbiltzeko anbiziorik. Orain arte bizitako ustezko oasian bailego jarraitu nahi du.

Hori gutxi ez, eta 2009tik hona gure sistemak pairatutako murrizketak ez ditu alboratu nahi sailburuak. 2017-18 aurrekontuetan, oraindik orain, 2009an baino diru gutxiago inbertituko da hezkuntzan: 60.000.000 euro gutxiago. Bitartean gure ikastetxeetako ratioak igo dira, irakasleen behin-behinekotasuna ez da txikitu, eskolek dituzten azpiegitura beharrak handituz doaz etengabean, jantokietako menuen kalitatea beheraka doa, unibertsitate plana bera ere ez da bete, hezkuntza inbertsioa Europako batez bestekoak gomendatzen duen %5era igotzeko borondaterik ez du sail honek… Azken egunetan jakin dugu, gainera, sexu-bereizketa ahalbidetzen duten 6 ikastetxeri 13.000.000 euro oparituko dizkiela Uriartek. Hezkuntza sisteman ikasleen arteko desoreka eta arrakala handitzen doan honetan, sailburuak beste alde batera begiratzen jarraitzen du, autokonplazientziaz.

Egoera gordin hau aldatzeko mobilizazioetan murgilduta dago gehiengo sindikala. Lan-baldintzak hobetzetik harago, hezkuntza murrizketak etetea eta kalitatezko hezkuntza aldarrikatzea dute xede. Hezkuntzan inbertitzea herri ikasia eraikitzeko etorkizunean inbertitzea dela sinesten dugulako, EH Bildun mobilizazio hauek babestu, aldarrikapenak gure egin eta gauzatu daitezen gure esku dagoena egiteko konpromisoa hartzen dugu.

Pasatu dezagun whatsapp talde guztietatik: abenduaren 12an, lan-baldintza duinen alde eta hezkuntza burujabetzaren alde, greba!

Bilatu