Josu Barandika Zubiaga

Xabier Rey, ez gehiagorik!

Gaur egun, urratzen diren giza eskubide bakarrak, presoenak eta beraien senitartekoenak dira.

Oso gogorrak izan dira azkeneko hamar urte hauek Xabierrentzat, bizkorra, herri minak zirikatua, askatu beharreko herrian libre bizi nahian, solidarioa izan den gazte alai honentzat. Oso mingotsak bere senideentzat eta hurbileko komunitatekoentzat. Torturatua izan ondoren, lege guztien kontra, autoinkulpatua, epaitua eta jarraian kondenatua. Preso, 1.000 kilometrora urrundua eta sakabanatua, isolatua, sufrikarioa bere hurbileko beste guztietaraino helarazita, 10 urteko torturak iraun ondoren, espetxe politika terroristaren pean, Xabierrena, ardura politiko batek eragindako heriotza izan da, ez berez datorren zerbait, erditik kenarazitako pertsona bat baizik. «Latza» izaten jarraitzen du askatasunaren bidea bizi eta izan nahi duen Euskal Herriarentzat.

Izan ere, badira Xabierrena ez ezik, beste hilotz batzuk ere Euskal Herrira ekarri izan direnak Estatu espainoleko lekutako infra-gizatiar baldintzetako ziegetatik, hala nola Kepa del Hoyorena (Badajoz) edota Arkaitz Bellonena (Puerto I), urrun joan barik ere. Ez dago inolako eskubiderik ez presoak ez eta euren senitartekoak edota euskal komunitate hau horrela azpiratuta, bortxatuta edukitzeko, ez orain eta ez lehen. Agur eta ohore, Xabier! Dolua eta samina agertzeko uneak ez ezik, zeure kezkaz hausnartzeko ere badira.

Historian oinarritzen den gatazka politiko baten aurrean gaude. Herriaren kontra altxatu zirenek gerra orokor batekin, genozidioarekin jarraitu zuten, Gernika suntsitu eta kunetak hilotzez bete zizkiguten, herriaren izena ezabatu nahian. Bere izena berreskuratzeko sortu zen disidentzia eta herri borroka bera ere birrindu nahi izan zuten era berean, 78ko erregimenean «demokraziaz» mozorrotzen saiatu zirenek, eskubideen kontrako salbuespen estatua inposatuz. Disidentziak ez ezik, euskal komunitateko herritarrak, oro har, konponketa behar zuela eta, Aieteko Nazioarteko Konferentziak bide orria marraztu zuen.

Ez zen prozedura juridiko baten epaiketa, bigarren Nurenberg batena, adibidez, ez eta beste Eskubide Unibertsalen adierazpen edota inoren inposizio bat ere. Nazioarteko beste gatazka batzuen eskarmentuan oinarritutako Euskal Herrirako bide plan bat zen. Hau da, beste batzuek euren konfiantzazko «aliatu» edota Eliza Katolikoko lagunen aldetik Euskal Herriaren izena aintzakotzat hartua izatea lortu ez zutena, orain herriko eragileek, pairatu den umiliazio, zapalkuntza eta sufrikario askoren ondorioz, nazioarteko arrazoizkoa den esku-sartzea lortu dute. Lurzoru etiko bat proposatu zitzaion eragile orori, bertoko gatazkaren arrazoiak konpontzeko, berriro ez dadin horrelakorik suertatu. ETAk, bere aldetik, proposamena onartuz, borroka armatua utzi zuen jarraian, eta sistemaren kontraesan/oztopo guztien gainetik urrats sustraizko/herrikoi zintzoak egin ditu.

Baina delako Espainian dagoen salbuespeneko erregimenaren arduradunek gerra berdinean jarraitzen dute oraindik ere: presoak bahituta, urrunduta, sakabanatuta, tortura erreal batean, erditik kentzen. Gaur egun, zapuzten diren giza eskubide bakarrak presoenak eta senitartekoenak dira, Madrilgo Gobernuaren espetxe politika terroristak eraginda. Libre daudenen mendekua, behar bada! Argi dagoena da Espainiar Estatuaren errelatoa «garaile eta garaituen» ideian, krudelkerian oinarritzen dela, ez lurzoru etikoan. Rafael Catala Justizia ministroak esan berri du Parisetik, ez dagoela «inolako elementurik beraien espetxe politika mugiarazteko». Brabo, lurzoru etikoaren eskatzaileak!

Eusko Jaurlaritzak, ordea, Aieteko bide orria onartzen du, baina beste batzuei, exijitzen ari zaie lurzoru etikoa, ETAri, urrats garrantzitsuenak egin duenari, hain zuzen ere, eta ezker abertzaleari, ez bere buruari edota erregimeneko politika terroristak oinarritzen dituztenei. Noiztik nora izan dira justuak hemen egin diren fusilamenduak, hilketa «sumarisimoak» eta abar luze bat? Hemen mundu guztiak du bere erantzukizuna, ez bakarrik ezker abertzaleak, jakina. Baina, era berean, esan behar dut inork inor salatu behar badu, nik neuk, behintzat, oso argi daukadala: azpiratuta eta suntsituta gelditu den herria dela. Gatazkaren arrazoiak konpontzeko bideak jarri beharrean, Eusko Jaurlaritza, zoritxarrez, galgak sartzen ari da abian jarri den makinari. Oso arriskugarria da Espainiar Estatuko agintarien errelatoan erortzea, «onak eta txarrak, justuak eta delinkuenteak, garaile eta garaituak» errelatoan. Izugarrizko jarrera ergela, bake bidearen kontrakoa, beldurgarria. Aurrera ekiteko, bizikidetza lortu behar da aldez aurretik, lurzoru etiko batean oinarrituta, ez moralkerietan, herriaren kontrako alderdikeria interesatuetan. Eta, hortaz, lehenengo urrats moduan kartzelak hustu behar dira. Bitartean, espetxe politika zeharo aldatu behar da, jakina, lurzoru etikoan oinarritutakoa erabiliz.

Euskal komunitateko herritarrak, berriz, aspaldiko herri izatearen borrokari jarraituz, mugimendu indartsu bat sortzen ari dira jendarte osoak bultzatu dezan beharrezkoa den bizikidetzarako lurzoru etikoa, gero hurrengo urratsak egiteko Euskal Herriak izena berregin eta berridatzi dezan. Hortaz, herrigintzan, sindikatuetan, kulturan, kirolean, ekonomian, lurralde antolaketan, politikagintzan zein nazioartegintzan ari diren eragile ugariekin, ehule lan isil bezain sendoa egiten ari dira zenbait euskal herritar. Bultza dezagun Foro Sozial Iraunkorra. Bizirik eta indartsu dagoen euskal komunitate honek, galga eta oztopo guztien gainetik, lortuko du «justizia trantsizionala», lurzoru etikoa martxan jartzea.

Xabier, Antxo, zuk ez duzu ikusiko, baina zeu ere parte izan zara, eta isuri duzun odolak geure Herriaren askatasunaren uzta ekarriko du! Azkena izan zaitez!

Bilatu