Aitor Irigoien Odriozola
Enpresen Antolaketa Zuzendaritzan lizentziaduna

Yellowstone Parkeko hegaztia

Zuentzat, gugatik egindako eta irakatsitako denagatik

Etxetik milaka kilometrora ginen. Aljeriako desertuaren erdian, duela 40 urtetik ia 200.000 saharar erbesteratuta bizi diren errefuxiatu kanpamentuetan. Goiz hartan bertako eskolara joan ginen, eskola materiala entregatzera. Horretan ginela, haur baten marrazki koloretsuak atentzioa piztu zidan. Itsasoa, basoa, zelai berdeak, loreak… marraztu zituen (juxtu inguru hartan ez zegoen dena). Eta goialdean, ondorengo esaldia zeukan idatzita, gazteleraz: «La felicidad se encuentra en la belleza de la naturaleza».

Zer pentsatua eman zidan horrek. Izan ere, natura, edertasun iturri izateaz gain, ezagutzarena edo jakintzarena ere badela uste dut. Gizakiok, errespetu oro galduta, gero eta gutxiago begiratzen diogun arren. Urtetik urtera gero eta gehiago kaltetzen, ustiatzen dugun arren. Haatik, naturari arreta pixka bat jartzea nahikoa izan ohi da, ezaguera horren adibide asko ikusteko; eta gure txikitasunaz jabetzeko.

Une hartan duela pare bat urte irakurri nuen berriaz oroitu nintzen, munduko natur parke zaharrenetakoan, AEBetako Yellowstone izenekoan, gertatukoaz: bertan sute handi bat jazo zen. Itzaltzea lortu zutenean, erretako gunean kalteak zenbatzen ari zirela, basozain batek kiskalitako hegazti bat topatu zuen, hilik, zuhaitz baten ondoan. Harrituta begiratu zion, nahiko postura arraroan baitzegoen, hegalak gorputzaren inguruan itxita. Ez zirudien ihes egiten edo zerbaitetan harrapatuta hil zenik. Jakin-minez, makilaz ukitu zuenean, erabat txundituta geratu zen: hiru txita txiki atera ziren amaren hegalpetik, bizi-bizirik! Jakitun sute hartan ez zirela ihes egiteko gai izango, zuhaizpera jaitsi eta bere hegalen azpian babestu zituen. Hala, bere bizia eman zuen, kumeengatik.

Hunkituta, begiak bustita, amaitu nuen lehen aldiz gertakari horren berri izan nuenean. Eta horretaz berriro oroitzean ere, antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Eta gurasoekin akordatu nintzen, desertu idorreko berotik etxeko epelera bidaiatuz.

Hainbeste iskanbila, liskar, talka eta iritzi kontrajarri (batez ere, nerabe garaian) izandako gurasoekin. 17-22 urte nituen garai hartan sarri ibiltzen baikinen txakurra eta katua bezala, bakean baino gehiago sestran. Gaupasak, kontzertuak, parranda ostean jokatutako futbol partidak, janzteko modua, politika kontuak, eskolako grebak, manifestazioetako korrikaldiak… A ze urteak! Orain, atzera begira, beldurra ere ematen didatenak, orduan inondik ikusten ez genuen arriskuarengatik bereziki…

Baina, era berean, txikitatik gaur egun arte gurasoekin bizitako une eta momentu ahaztezinak gailentzen zaizkit. Eta horrekin geratzen naiz. Beti ondoan laguntzeko prest agertzea, erakutsitako eta emandako dena, eskainitako maitasun guztia, egunero elkarbanatutako bizipen txikien handitasuna… Sarri pentsatu izan dut hamaika disgustu eragindakoa naizela gurasoei; baina, era berean, emandako pozak zertxobait handiagoak eta ugariagoak direla iruditzen zait…

Asko, izugarri eman izan digute gurasoek; horretaz gain, edo juxtu horregatik, hainbat eta hainbat gauza egiteari utziz. Gogotik saiatu arren, gugatik egindako dena eurei bueltatzea ia ezinezkoa egingo zaigulako. Eta uste dut hori behar eta merezi bezala baloratzen, eskertzen ez dugula beti asmatu, ez garela horretarako gai izan. Orain euren lan eta sakrifizio guztia ez ikustea ezinezkoa iruditzen zaidan bezala, momentu batzuetan, beharbada, hori bera ikustea egingo zitzaidalako ezinezko… Bizitzaren xelebrekeriak.

Duela gutxi Pako Aristiri entzun nion esaten bizitzari ez diola ezer eskatzen, ez zaiolako eskatu behar, eman eta eskaini baizik. Gurasoekin antzeko zerbait gertatzen zaigula esango nuke. Asko eta etengabe eskatu ohi diegula. Beste inor baino zorrotzago eta estuago hartuaz. Jokabide perfektua exijituaz une oro, akatsik txikiena ere onartu gabe, akatsak egiteko eskubidea izango ez balute bezala. Funtsean, gu bezalaxe, pertsonak direla ahaztuaz. Euren egitekoa ahalik eta ondoen egiten gogoz saiatzen diren pertsonak, norbere gauza on, akats zein gabeziekin.

Gurasoen artean denetarik dagoela esango dute batzuek. Noski, denean bezala… Ez dago ingurura begiratu edo berriak irakurri besterik. Baina, egutegi batean irakurri nuen esaldiak zioen modura: «Zailena ez da zuhaitz bat landatzea edo seme-alaba bat izatea; zuhaitza egunero ureztatzea eta seme-alaba urtetan heztea baizik». Eta heztea opariak egitea eta gauzak erostea baino askoz lan zailagoa eta neketsuagoa da. Ez da haurrari nahi duen guztia egiten uztea, edo bere ekintza guztiak defendatzea, justifikatzea. Egunero berarekin egotea, eta maitasuna ematea baizik, behar denean errieta eginez, mugak jarriz eta bere akatsak errekonozituz…

Bakoitzari berea aitortzea garrantzitsua, eta bidezkoa, dela iruditzen zait. Eta horixe da, hain zuzen, testu honen helburua. Gurasoei, gurekin egindako lana aitortzea eta eskertzea. Eta ahalik eta ondoen egiten saiatzen diren guraso guzti-guztien esfortzua baloratzea. Mila esker Yellowstonekoa bezalako «bizitzako suteetatik» gu babesten egindako denagatik.

Bilatu