Joseba Garmendia
EHUko irakaslea

Zaintzaren krisia eta ekonomia feminista

Ekonomialari batzuek agerian utzi dute zaintzaren krisian barneratzen ari garela, emakumeek gero eta zailtasun gehiago dituztelako zaintza eskari hazkorrari erantzuteko

Europako beste herrialde askok bezala, gure herriak datozen hamarkadetan izango duen erronka nagusienetakoa bilakaera demografikoak eragingo dituen eraldaketa eta beharrei aurre egitea izango da. Eustatek 2031. urterako aurreikusitako agertokiek inoiz ezagutu gabeko alderantziko piramidea marrazten dute, non pertsona gehiago dagoen adin tarte nagusietan ume eta gazteak baino.

Datu adierazgarri batzuk ematearren, 16 urtetik beherako aurreikusitako biztanleria 1970eko hamarkadaren erdia izango da, eta gaur egun baino %12 gutxiago. Haur eta gazteen beherakada hori irakaskuntza sisteman aspalditik nozitzen ari da. Beste muturrean, 65 urte gorako biztanleria gaurko 465.000 pertsona izatetik 616.000 izatera igaroko da, hau da, %32 gehiago.

Laneko adinean dagoen tarteari dagokionez gaurkoa baino %7 gutxiago izango da. Azterketa batzuek adierazi dute datozen urte eta hamarkadetan urtero 15.000 pertsona gutxiago egongo direla lan merkatuan txertatzeko eta 55 urtetik gorakoen pisu erlatiboa 2031n %26,4 izatera igaroko dela, 2001ean %16 zenean. Gehiago sakonduz, aurreikuspenek diote gaurdanik populazio aktiboan irteera gehiago dagoela sarrerak baino, 64 sarrera 100 irteerako, eta indize hori egonkor mantenduko dela datozen hamarkadan. 1975. urte inguruan 200 sarrera 100 irteerako zen proportzioa.

Laburbilduz, 16 urtetik beherako biztanleria populazio osoaren %13 izango omen da 2031n, gaur baino 3 puntu gutxiago; 16 eta 64 urte artekoena %58,8, gaur baino 5 puntu gutxiago; eta adin nagusikoen pisua %28,2 izango omen da, gaur baino 7 puntu gehiago.

Trantsizio demografiko honen inguruko eztabaidan gai jorratuenak jaiotza-tasa nola igo, familia-politikak, arlo produktiboan izango duen eragina, migrazioen fenomenoa eta pentsioen iraunkortasun finantzarioa izan ohi dira. Gutxiago aipatzen da egoera horrek ekarriko duen zaintzaren erronka. Gai horri lotuta etorkizuna berrasmatzeko helduleku emankorra ekonomia feministak eskaintzen digu.

Ekonomia feministak, egitasmo emantzipatzaile eta eraldatzailea den heinean, gizonezko eta emakumezkoen arteko ezberdintasunak aztertzeaz gain, helburu gisa generoaren eraketa sozial patriarkala desegitea du. Ikerketa feministek oinarrizko lau ekarpen nagusi plazaratu dute. Lehenik, gerturapen neoklasikoaren oinarrian dagoen arrazionaltasun, maximizazio berekoia eta armadura teorikoan funtsezko unitatea den homo economicus deituriko aktoreari kritika zorrotza egin dio. Ironikoa gertatzen da nola Adam Smithek merkatuko produkzioaren esferan norberekeria ezartzen zuen funtzionamenduaren oinarri gisa, eta, aldiz, etxeko esparruan emakumeen altruismoa. Bigarrenik, lan merkatuetan generoaren arabera jazotzen diren diskriminazioak aztertu egin ditu. Hirugarrenik, politiko ekonomikoak generoaren arabera neutralak ez direla frogatu du eta genero-ekitatea ebaluazio irizpide eta helburu gisa proposatu du. Azkenik, errentaren fluxu zirkularraren marko tradizionala zabaldu egin du etxeko esparruko erreprodukzioaren esfera txertatuz eta honek produkzioaren esferarekin dituen harremanak generoren ikuspuntutik azalaraziz.

Azken ekarpen horretan sakonduz, etxeko lanen esparruak pertsonen mantenu fisikorako ondasunen ekoizpena (elikadura, higienea, osasuna…), haur eta pertsona helduen hezkuntza edota zaintza, afektuen eta gizarte-harremanen kudeaketa barneratzen ditu besteak beste. Historiak erakutsi digu zaintza-lanak merkatuaren bidez eskaintzea zaila gertatzen dela, garapen teknologikoa ondasunen eta hainbat zerbitzuren ekoizpenean produktibitatea handitzeko gai bada ere, nekez handituko baitu pertsonen zaintzarako zerbitzu zuzenetan. Lan faktoreak intentsiboak diren zerbitzu horiek zaindariaren eta zainduaren arteko harremana eskatzen dute eta teknologiak eragin murriztua eduki dezake, zerbitzuaren kalitatea okertu nahi ez bada. Bestalde, soziologia feministak nabarmendu duen bezala, zaintza ez da merkantzien ekoizpenerako lanarekin parekagarria, sentimenduak eta emozioak barneratzen dituelako.

Zaintzen izaerari buruzko ekarpen hauek argi uzten dute merkatuaren bidez nekez bideratu daitekeela zaintzaren estaldura, eta Administrazioak kudeatzen duen Ongizate Estatuaren, familien eta gizarte-ekonomiako esperientzia komunitarioen ardura behar lukeela esparru horrek. Datozen hamarkadetako trantsizio demografikoak zaintzarako esfortzuaren hazkunde nabarmena ekarriko du, eta ongizate sistema honen formulazio kontributiboa –zahartzarorako errentak kotizazioetan oinarritzen dituena– sendotzea desiragarri dela aurrekontu publikoetatik baliabideak bideratuz eta zerbitzu berriak eskainiz era unibertsalean. Are gehiago, etxeko lanagatik kotizatu ez duten emakumeen mendekotasuna zuzendu nahi bada. Ikusteko dago, Administrazio Zentralaren eskuduntza esklusiboa den heinean, zein norabide jarraituko duten: pribatizatze eta indibidualismoarena (norberak bere zama, alegia) edo gizarte-programa publiko eta komunitarioak sendotzea; eta nola eragingo dion gure gizarteko aspirazio eta beharrei.

Amaitzeko, ekonomialari batzuek agerian utzi dute zaintzaren krisian barneratzen ari garela, emakumeek gero eta zailtasun gehiago dituztelako zaintza eskari hazkorrari erantzuteko. Eskari hori handitu egingo denez, zaintza lanak pertsona ororen artean partekatzeko esfortzua biderkatzea ezinbestekoa izan beharko litzateke, eta gure gizartearen helburu gidatzaile gisa bizitzaren iraunkortasuna jartzea hazkunde ekonomikoaren gainetik.

Bilatu