Josu Naberan
Idazlea

Zelan hitz egiten zuten lehen euskaldunek?

Euskarari buruz ez da, honezkero, misterio handirik. Jendea duela 150.000 urte hasi zen euskaraz berbetan, hotsak ahoskatzeko gai izan zenean. Orduan, batik bat bokalak erabiltzen zituen hitz egiteko: a, e, i, o, u; eta noizbehin kontsonante solteren bat: lekua (leh) edo landareria (li) edierazteko.

Galdera zehatza honetan datza: nola hitz egiten zuten lehen euskaldunek? Ez al daukazue jakin minik? Batzuetan, ipar-afrikarrak euren gauzak saltzen ikusten ditudanean, belarria luzatu ohi dut: zelan ari dira, ele-mele, erre-merre, barra-barra…? Eta duela 150.000 urteko euskaldunak, zelan? Beti bezala, iritzi desberdinak dare.

Hemengo Unibertsitatekoek (EHU/UPV) zera dioskue: lehen euskara hura «eztarrizkoa» zela, eta «R» gogorrak ahoskatzen zituztela. Kasu eginen diogu? Zeren ez baitute argumentu zipitzik ere hori esateko, euren imajinazioa salbu (edo Espiritu Santuaren inspirazioa?).

Herri indigenetan zera gertatu ohi da: memoria gutxien dagoen lekuak unibertsitateak direla. Eta Euskal Herrian ere gauza bera gertatzen da seguruenik. Askoz hobe da gure elezaharretara jotzea. Hor esanen digute «ele-mele» hitz egiten dugula, edota «bala-bala» zabaldu zela berria Mutrikun.

Are datu gehiago. Euskaldunok «jentilen» eta «mairuen» memoria gordetzen diagu. Haiek ez ziren hemengoak, kanpotarrak baizik. Sekulako indarra zuten, aparte jakintsuak ziren… Bertokoa «Samartin» baserritarra zen. Bada, begira zer dioen elezaharrak «jentilen» ahoskerari buruz: «zirbi-zarba, zirpi-zirbi, zirri-mirri eta kurri-kurri» ahoskatzen zutela. EHU/UPVek dioten gauza bera lehen euskaldunengatik. Zein dago erratuta oraingoan, UPV ala elezaharra?

Zertan gelditzen gara? Jentil eta mairu atzerritar horiek ote ziren horrela hitz egiten zutenak, ala gure arbaso zaharrenak?

Euskaldunen ahoskera beti izan da, funtsean, ahosabaikoa (palatala). Gerora, ezpainkari batzuk gehitu zituen, Saharako kulturatik hartuta (-7.000~).

Euskal Herrira «Sapiens Sapiens» etorri zenean Afrika aldetik (-45.000 urte), eztarrizkoak ekarri zituen hona: kar, kor, kur, kir… Hori istripu larria izan zen euskal neandertalaren ahoskerarentzat. Astiro-astiro erreakzionatu ahal izan zuen betiko ahoskerara: kara/gara; gara/jara; jara/hara… Harik eta lehen ahoskerara bihurtu zen arte, azkenean.

Euskararetzat jauzi erabakigarra duela 18.000 urte gertatu zen: hizkera silaba-bakarretik, bisilabazkora pasatu zen («euskal/iberiera» sortu zen).

Ordura arte, euskaldunek ez zuten erabili eztarrizkorik ez «R» gogorrik (-18.000-9.000 urtez). Duela 9.000 urte, ostera, Berebereak etorri ziren Akitaniara: –«Capsiens/Sauveterre kultura» deitzen zaio–, euren zeramika saltzera Europan.

Berbereek (Iber behereko jendeak) eztarrizkoak eta «R» gogorra erabiltzen ditu, jakina denez. Orduan bai sartu zela Euskal Herrian eztarrizko ahoskera, behin betikoz. Baina ez lehenago.

«Hori da zure hipotesia», erranen duzue. Baina kontrakoa esateko argumenturik daukanak, azal beza. Baina ez predikatu gauzak musutruk, ez arrazoirik, ez argumenturik gabe: lehen euskaldunek ez zuten erabiltzen ez eztarrizkorik (k, g, h), ez «R» bortitzik.

Are gutxiago CVC (kontsonante/bokal/kontsonante) ahoskerarik, UPVko filologoek dioten bezala.

Hala bada edo ezpada,/ Sar dadila kalabazan,/ Eta ager dadila/ Derioko plazan.

Bilatu