Ainara Maya Urroz

Zer da generoa?

Ni pertsona bat naizen aldetik, egin dezakedan ekarpena gizarte honi da neure hainbat tasunetik, maskulinotasunaren bideaz gain, femeninotasuna hartzea, eta emetasunez busti dezadan hazi arra, gizarte ederra loratzeko eta fruituak emateko.

Zalantzek barne-tsunamia eragiten didate ene gorputz zehaztugabe eta kaotiko honen barneko ur betezko ozeanoan, eta genero-ikasketek ez naute erakartzen. Izan ere, zer da genero-indarkeria edo zertaz ari gara generoaz ari garenean? Gizartea bitan zatitzea? Zail egiten zait hori egitea, batez ere euskaraz ari naizelarik, euskaraz ez baitago generorik.

Azken urteotako esaldia «ez da ez» litzateke gure «gizarte» honetan, hainbat eta hainbat gertaera tragikoren ondorioz; «jendarte» ere erran nezakeen, baina gizarte hitza neuk behinik behin ez dut gizonarekin soilik lotzen, baizik eta pertsona-multzo baten gisa hartzen dut. Izan ere, zer da gizon edo emakume izatea? Nago arazo guztien iturria pertsona etiketatzetik datorrela, eta dena bitan zatitu behar gaitz patologikotik, eta eskemak apurtu behar dira, baita feminismoan ere, batez ere feminismoan dugu giltza emetasunez bustiz hazi ar baztertzailea. Nire artasuna eta emetasuna barneratzetik dator aterabidea korapilo honetan, bizitza honetan hartzea eta ematea funtsezkoa baitira edozein harreman sanoetan.

Emakumeok «ez» erran arren, ez da erraten ezetzik, eta orduan gizonezko batzuek «bai» soilik entzuten dute. Beharbada pertsona anitzen multzo hau aldatzen hasi nahi badugu, hizkera aldatu behar dugu, eta slogan edo leloak eraldatu, geu aldatuz ingurukoa aldatzeko. Adibidez, herri euskaldun aunitzetako sarreratan «Herri honetan ez da eraso sexistarik onartzen» irakurri dut; eta bertzelako erasoak bai, onartzen ditugu? Hori da ene zalantza. Badakit gaur egun dugun arazo larri itsu eta gorra gizon batzuek emakume batzuenganako bortizkeria irrazionala dela, baina ez dakit halako lelo eta esaldi ezkorrek zerbaitetan laguntzen duten. Bertzelako lelo batzuk beharbada eraginkorragoak izan daitezke, hala nola «herri honetan elkarrenganako errespetuaren alde gaude» edo «herri honetan tratu onaren alde gaude». Halako lelo baikor berritzaileak sustatu beharko genituzke, benetan mundu hau hobetzeko, aldatzeko. Izan ere, oroitzen naiz ETA erakunde armatua indarrean zegoen garaian, hainbat udaletxetan ETA EZ jartzen zuela, eta orduan burura etortzen zitzaidan hitz bakarra ETA zen; ni poETA izanik, proETA baten aldeko jarrera hartzera bultzatzen ote ninduen lelo horrek?

Txantxak alde batera, eta burua erabiliz, ekiteko eta sortzeko garaia dugu, nahiz eta eskuak loturik ditugun. Hala ere, Gure Esku Dago egiten dugun guztiaren emaitza, gure esku baitago hitzak erabiltzea eta hitzak isiltzea. Gure esku dago ozen eta irmo erratea zer nahi dugun eta zer ez dugun nahi, eta gure esku dago bitartekoak jartzea herri oso baten nahia betetzeko, baina horretarako moldeak aldatu behar ditugu, eta ekiteko erak birplanteatu. Gure esku dagoen gauza bakarra da, beharbada, gutxienez egunero jaiki eta irribarre batez gure helburuen nahiz ametsen gibeletik abiatzea, errealitatea biziz eta ametsak konplitzeko bidea eginez. Irribarrearen iraultza susta dezagun, bada.

Aurtengo nire esaldia honako hau da: «Ezina ekinez egina»; ezaren bidez baietza sortuz, beharbada, eta «bai» eta «ez» hitzen artean «agian» baten edo batzuen ñabardurak egon daitezkeela ohartzea. Ni pertsona bat naizen aldetik, egin dezakedan ekarpena gizarte honi da neure hainbat tasunetik, maskulinotasunaren bideaz gain, femeninotasuna hartzea, eta emetasunez busti dezadan hazi arra, gizarte ederra loratzeko eta fruituak emateko. Beste mundu bat posible delako, eta emetasunaren bidetik, egiteko beste modu bat badelako, eta ez delako zilegi gizartea gizon eta emakume artean soilik banatzea tartean hainbat ñabardura egonik. Artez eta moldez beste modu batzuk asmatu behar ditugu, sormenez beterik.

Bilatu