Celia de San Vicente, Rikar Azpillaga eta Maite Sangüesa
Gure Haizea, Oteitza Bizirik eta Urbasa-Andia Bizirik

Zer dakizu datu zentroei buruz?

Ziurrenik gutxi, edo ezer ez, horien etorrera ez baita oso gardena izaten ari. Ezta adostua ere. Guk ere ez dakigu asko, egia esan. Baina lur honi maitasun eta errespetu apur bat badiogu, norbaitek hasi beharko du Nafarroan honetaz hitz egiten. Hodeiaz ari gara; izen maltzurra; izan ere, ikusiko dugunez, arintasunetik gutxi dauka.

Gaur egun erabiltzen ditugun datuentzako (jada asko direnak) biltegiratze zentroak egon badaude. Orain,  datu zentroak eraiki nahi dituzte  datorrenarentzat, hau da, adimen artifizialarentzat; «hipereskala» izeneko zentroak.

Ekainean prentsan atera zenez, datu zentro erraldoi bat eraikitzekotan dira Zizurren. Enpresa sustatzaileak kokapen hori aukeratzeko duen argudioetako bat Nafarroak duen energia elektrikoaren soberakina da.

Eta hala da; gaur egun elektrizitatea esportatzen dugu. Ordainean, gure lurraldea merke saldu diegu multinazionalei, auzokideen artean liskarrak sortu, gure ingurune naturala suntsitu eta biodibertsitatea mehatxatzen dugu... Horregatik guztiagatik dugu energia elektriko soberakina.
Baina nahikoa da zentro horientzat? Ezta hurrik eman ere. Bere potentzia eta hedapena kontuan hartuz, Zizur Nagusiko zentroak 3.000 hektarea plaka fotovoltaiko inguruk sortutako elektrizitate ekoizpenaren baliokidea beharko luke.

Norbaiti hori irudikatzea zail bazaio, Sadarrekoa bezalako 4.000 futbol zelaiko eremua litzateke, edo 2022ko sute handienetako baten erdia bezalakoa, Erreniegako iparraldeko magalera iritsi zena, Gareseraino, Mañeruibarreraino eta Etxauriko haraneraino. Irudikatu hedadura horren erdia plakaz betetako itsaso beltz gisa.

Aerosorgailuekin elikatu nahiko bagenu, 150 bat beharko genituzke. Baina ez 60 metro neurtzen duten Erreniegakoak bezalakoak. Berriez ari gara, maila handienetakoez; 200 metroko altuerakoak, bakoitzak oinarrian mila tona hormigoi dituztenak, eta beraien kable, dorre eta pista zabaleko kilometroak.

250.000 etxe ingururen kontsumo baliokidea izango litzateke. Iruñeak 82.000 ditu eta Zizurrek 6.000. Atera kontuak.

Nafarroako Gobernuaren Plan Energetikoari buruz eta jasangarritasunerako balizko bide horri buruz dugun iritzia edozein izanda ere, argi dago aldagai berri honek plan hori eta edozein plan hankaz gora jartzen duela.

Irten egiten da grafikoetatik eta, ziurrenik, muga naturaletatik... Beraz, ez dugu ulertzen nola ez den horri buruzko erakunde-adierazpenik egin.

Energiaren gaia loa galtzeko modukoa bada, azpiegitura hauek are suntsigarriagoak dira beste baliabide baliotsuarekiko: urarekiko. Milaka milioi litro edateko ur erabiltzen dituzte. Zenbat zehazki? Ez dakigu. Ez dute esaten. Udan gastatzen dute ur gehien (gutxien dagoenean, hain zuzen), eta produktu kimikoak botatzen dizkiote hozgarri gisa optimizatzeko. Lurruntzen ez den urarekin ere ez dakigu zer egiten duten, non botatzen duten, ez eta zenbat kutsatzen duen ere.

Nongo urez hornitzeko asmoa duzue? Itoitzekoarekin? Bere eraikuntzak hainbeste sufrimendu ekarri zuen urtegiko ura orain Microsoftentzat izango da?

Izan ere, ur asko dagoela esan arren, ez dugu edateko ura sobran. Gure kontsumoak soilik Ubagua bezalako ibaiak arriskuan jartzen ditu udan. Denok ikusi dugu nola zegoen Esa udazkenean. Nahikoa ez dagoenean, norentzat izango da uraren lehentasunezko erabilera?

Horretaz ere ez dute ezer esaten. Enplegua sortuko dutela baino ez dute esaten, abantailak, pribilegioak eta zergak ordaintzetik salbuetsita egotea lortzeko. Eta egia izango da lanpostu batzuk sortuko dituztela horien eraikuntzan. Baina horraino.

Norbaitek sinistuko du benetan adimen artifizialaren ezarpenak lanpostuak sortuko dituela?

Leku batzuetan dagoeneko pairatzen ari dira zentro hauen ezarketaren ondorioak, beste leku batzuetan denbora daramate dagoeneko hauen aurka borrokan eta beste batzuetan lortu dute euren gobernuak luzamenduak betetzea zentro hauen eraikuntza urte batzuetan gutxienez galarazteko.

Duela egun batzuk, Aragoin gizarte zibilak auzibide bat hasi du Amazonen datu zentroen instalazioa epaiketara eramateko... Nafarroan oraindik garaiz gabiltzala uste dugu, baina bizkortu egin behar dugu.

Honi buruz hitz egiteko, eta sortzen diren milaka galderen gainean argia jartzen saiatzeko, hilaren 28an informazio-hitzaldi bat izango dugu, Tu Nube Seca Mi Rio-ren eskutik, Iruñeko Condestable Jauregian, 18.00etan.

Bilatu