Josu Iraeta
Idazlea

Zer eskatzen du herriak?

Jakina da politikagintzan behin baino gehiagotan historia errepikatzen dugula, eta nire ustez, orain ere badira bide horretatik doazenak. Ez nuke nahi inor kezkatu, bide onean gaudela argia baita, eta pozik egon gintezke. Pozik bai, baina lasai ez.

Han eta hemen entzuten ari gara baikortasunez beteriko mezuak, bale ados, bazen ordua. Baikor izaera lagungarri bai baino, datorrenari aurre egiteko zangoak lurrean tinko eta burua argi behar ditugu. Horretarako, nire saioan, iragana gogorarazi nahi nuke.

Asko dira ukatzen dutenak, baino, Espainiaren historian, erregimen edo sistema politiko desberdinek izan duten eraginaz haratago, nabarmen geratzen da etengabeko zentralismoa.

Historian zehar Espainiak gehiegikeriarik handienak egin ditu penintsulako nazionalitate zahar ospetsuak, haien kulturak, hizkuntzak, ohitura politiko eta juridikoak suntsitu nahian, gaurdaino irauten duenak, ez baitugu aldaketa handirik sumatu.

Testuliburuek diotenaren aurka, Espainiaren gainbehera –herri sustrairik gabeko estatu bezala– Errege Katolikoak, 1483an, Pardo de Cela mariskalari «erresuma baketzeko» lepoa moztu ziotenean, hasi zen erakusten bikote kriminala, mendez mende, inposatu zaigun centralismoa.

 Estatu zentralista bezala gobernu mota guztiekin saiatu baita eta denekin egin du porrot. Hala nola Austriarren monarkia zesaristak, Borboien absolutismoak, Karlos III. despotismo ilustratuak, monarkia sasi demokratiko-konstituzionalak, eta tartean, nola ez, militar altxamenduak.

Egunero ikusten ari gara PPren gobernuak urteetan «oxigeno» ezberdinez indarberritu ditun «piztiak» ez dutela demokrazia parlamentarioa ezagutu nahi.

Alderdi politiko hau bera baita, erregimen zaharretik eratorri eta oraingoan txertatu eta barrutik zulatzeko asmoz. Argiago esanda, PP bera baita erreakzioaren indarraren buru, orain bultzaka dabiltzanen «irakasle», beti zelatan, edozein eraldaketarako aukeraren aurka.

Historia beltz beldurgarri hau lotu ezinezkoa da demokraziarekin. Horren ondorioz dator Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko egoera. Egokia litzateke Espainiarentzat bere historia berrikustea, garai bateko «Inperiora» itzuli eta aztertzea gainbeheraren arrazoiak, horietatik asko, egun indarrean daudenak.

Estatu espainol deitzen diogun horri benetako oinarriak agerian utzi ondoren, eta balizko trantsizio berri baten aurrean omen gauden honetan, 1978koaren antzera, Estatu espainolarekiko harreman esparru berria benetan nahi dugunok, ikusten dugu, berrogei ta bost urte geroago, orduko berberak ari direla agertokia prestatzen.

Nire ustez, Jose Antonio Agirre (lehendakari) eta Indalecio Prieto (sozialista), duela mende erdi burutu zutena, berrargitaratu nahian dabil EAJ.

Alderdi honek badaki, askok dakigun bezala, PSOEren gobernuak ez duela,
bere aurretikoek ez zuten bezala, sinesmen demokratiko nahikoa, euskal herritarren borondatea, aske eta demokratikoki adierazitakoa, ontzat eman eta errespetatzeko. Argiago esanda, ez da gai estatu eredua agortua dagoela barneratzeari, aurre egiteko.

Dena dela, ez dut aurreikusten EAEko datozen hauteskunde autonomikoak baino lehen gauzatuko denik garrantziko hitzarmenik. Gaurko panorama politikoak ez du gomendatzen, Lakuan datorren gobernuan partaide izan daitezkeenei, hurbilketa argirik agertzea, alderdikeriak helburuak mugatu baititzakete.

Urkullu jaunaren alderdiari dagokionez, etorkizuna zalantzan ikusten hasiak direla esan beharra dago. Betidanik, Madrilen agintzen duenaren plateretik jaten ohituta daude, baina gaur ez ditu lehen zituen indarrak, eta udaberriko emaitzak behartzen ba dute, PPrekin adosten dituenak ez dira gozoak izango.

EAEren barruan gauzak ez dira berdinak izango, eta lehen nioen bezala, J.A. Agirreren jokoa berrargitaratu nahian dabiltzanez, EAJ, maitale ezberdinekin oheratuko ote Madrilen eta Lakuan?

Ez da ezer baztertu behar, jakina baita inguru horretan azpijoko trebeak beti izan direla, eta orain ere bai. Horregatik nioen pozik egoteko arrazoiak bai, baina lasai ez. EAJ barruan «gaur ere» uste bai dute, egungo estatutuari ukitu ikusgarri batzuk emanez eta Madrili begira «tinkotasun» lagunartekoa mantenduz, azken bozka jarioa moteldu litekeela, eta horrela Ajuria Eneako maizterra mantendu. Zuek, irakurle maitagarriak, nola ikusten duzue?

Joan den larunbatean Bilboko Autonomia karrikan ikusitako jendetzak, pentsatzen dugu iritsi dela ordua EAJk gaindi ditzan erregionalisten eraginak. Euskal Herriaren eraikuntzaren etorkizunari buruz, jarrera anbiguoan jarraitzen baitu, eta Euskal Herriak ezin du oinarritu bere etorkizuna Moncloan dagoen «maizterraren» arabera. Edo bai?

Bilbon ikusi nahi zuenak, ikusi zuen, gaurko egoera iraultzeko borondate nahikoa ba dagoela. Horrek esaten digu, benetako eta beharrezko helburuak ekintza politikoarekin lotu behar ditugula. Guztia egingarriagoa izango baita, etengabe buruari nor garen eta zer nahi dugun galdetzen ibili gabe.

Lortuko bagenu elkarretaratzea, oinarrizko helburuaz osaturiko plataforma batez, inolako inposiziorik gabe, sustrai sendoko egitasmoa eskutan dugula, Euskal Gizartearen gehiengo kualifikatu baten izenean, hainbeste maite dugun txoria, gurea izango zen.

Gogoratzen duzue, nola, duela hamarkada batzuk, milaka ahotsez oihukatzen genuen «zer eskatzen du herriak? Askatasuna». Ba hori.

Bilatu