Karlos Ibarguren eta Rebeka Ubera
EH Bilduko Osasun Idazkaria eta EH Bilduko legebiltzarkidea

Zer ikasi dugu?

Kolektiboki denok joan behar dugu SARS-CoV-2 birusaren transmisio katea etetera. Hau ez da batzuen edo eta beste batzuen kontua. Bakoitzak gauden tokitik eta dugun arduratik ekin ezean, ez dugu lortuko.

Abuztua. Pandemiaren bilakaera ez da ona. Eguneroko datuek aldarrikatzen dute lanean kartsu jarraitu eta tentsio maila mantendu beharra dugula. Bakoitzak bere ardura mailatik, noski, baina denok gehitu behar dugu hondar alea. Gu, gauden tokitik eta dugun arduraren baitan, saiatu gara arduradunei kezkak eta proposamenak helarazten. Horrela aritu gara urtarriletik. Azken txostena uztailaren 17koa izan zen eta bertan Osasun Sailburuari proposamen bat helarazi genion neurri zehatzekin. Gobernuarekin eta eragileekin elkarlanerako eta ardurak konpartitzeko gure eskuak luzatuta jarraitzen duelako, bide beretik jarraituko dugu hasi berri den legealdian ere.

Kolektiboki denok joan behar dugu SARS-CoV-2 birusaren transmisio katea etetera. Hau ez da batzuen edo eta beste batzuen kontua. Bakoitzak gauden tokitik eta dugun arduratik ekin ezean, ez dugu lortuko. Guztion ardura den arren, guztiok ez dugu ardura maila berbera eta Gobernuaren ardura ezin da parekatu herritarron ardura mailarekin. Zentzu horretan, transmisio katea eteteko ahaleginean, Gobernuaren ardurak dira honakoak:

Lehen Arretak covid-19 aren aurretik zituen egiturazko arazoei aurre egitea, Lehen Arreta Arnasberritzen-ekin, sindikatuekin zein gainerako eragileekin adostasunak bilatuz.

Osasun Publikoko zuzendaritza direkzio soil bat izatetik politika guztiak bustiko dituen praktika izatera bideratzea. Teorizazioetatik haratago, inbertsio eta neurri zehatzekin, gure osasun sistema egungo asistentziaren kontsumo eredutik atera eta osasunaren sustapenean eta prebentzioan oinarritzeko gai izango den osasun publiko lantalde bat behar dugu.

Aurreko bi lantaldeekin batera positiboen eta hauen kontaktuen antzematea egiten ari diren aztarnari eta kontseilu sanitarioko ekipoa indartzea. Alegia, gaixotasunaren atzetik joan ordez, birusari aurre hartzeko moduan ekipoak dimentsionatzea.

Birusaren bila joateko PCR estrategiak behar ditugu. Kolektibo zaurgarrienetako herritarrentzat protokolo berezituak landu behar dira. Irailean bertan hortxe dugu erronka nagusietako bat ikasturte hasierarekin. Arestian aipaturiko errekurtso guztiak hezkuntzara begira jarri beharko genituzke nagusiki: lehen arreta, aztarnariak, osasun publikoa, PCRak. Izan ere, agian interesgarria izan daiteke, besteak beste, behin udako mugikortasuna amaitzean, asintomatikoen identifikaziorako eta birusaren ehizarako, unibertsitate zein bigarren hezkuntzako zentroetan PCRak egitea egutegi planifikatu baten baitan.

Udalekin eta osasun eragileekin koordinazioan biztanleak prestatu eta ahalduntzeko plangintza diseinatu eta abian jartzea. Konplizitateak prestakuntzatik eta ahalduntzetik lortuko ditugu, nekez inposaketatik.

Badakigu hori dena eginda ere jendea kutsatuko dela eta horrez gain covid-19 ez diren bestelako gaixotasunek hemen jarraituko dutela. Herritar orori osasun asistentzia bermatzeko prestatzea ere bada Gobernuari dagokion zeregina.
Halaber, gaur egun Osakidetzak eta Osasun Sailak duten antolakuntza eredu, funtzionamendu eta baliabideen banaketarekin, katea etetea eta osasun asistentzia bermatzea zaila ikusten dugu. Dagoeneko gainditua eta pitzadurak erakusten dituen egiturarekin eta inertziekin jarraituz gero, nekez egingo diogu aurre geratzeko etorri den pandemia honi. Plan estrategikoetan garrantzitsuena osasun sustapena dela aipatzen den arren, egitura guztia asistentzia emateko diseinatuta dago, asistentziaren jira-biran. Alta, SARS-CoV-2 birusak aukera ematen digu –krisi guztiak aukera ere badirelako– orain artekoa zuzentzeko. Osasun Saila konturatu da osasun publikoa indartu behar dela, indartu du eta gehiago indartu beharko du. Egoki dimentsionatutako osasun publiko lantalde honek, gisa honetako pandemiak ditugunean pandemiei aurre egiteko edo oraindik hobeto, aurrea hartzeko balioko du eta pandemiak aukera ematen duen garaian, lehen arretarekin elkarlanean, osasunaren sustapena egin ahal izango du.

Eta gizarteak, zer ikasi du? Zein betebehar ditu? Gizarte guztiak ez gara berdinak. Ez da zintzoa gizarteen arteko konparaketa errazetan erortzea. Azkenaldian herrialde nordikoekin alderatzera oso ohikoa bilakatu den arren, gure ohiturak eta bizitzeko moldeak ez dira alderagarriak. Herri hauekin alderatuta kalean bizitza asko egiten dugu, bizitza sozial asko egiten dugu eta sarri aisialdia eta dibertitzearekin erlazioa duen arren ez da beti horrela eta ez da horretarako bakarrik ere. Etxe zuloetako indibidualismoan erori gabe auzora atera nahi dugu, sareak sortu, komunitate indartu auzolanean elkar zaintzeko. Hain gurea den bizimodu honi eusteko, ordea, elkar zaintzeko balioko duten ohitura berriak ere eskuratu beharko ditugu. Zenbait jokabide, ohitura aldatu beharko ditugu guztion bizitzak erdigunean jartzeko.

Ezkerreko pentsamendua dugunok bereziki, gizarte kontsumista hau aldatzeko zer egin behar dugun ere pentsatu beharko genuke. Kontsumoak bizitzako eremu guztiak, baita osasuna ere, kateatu dituen honetan, kalera irten, antolatu eta pandemia berak agortua dagoela erakutsi duen gizarte eredua berbideratzeko aukera paregabea dugu.

Bilatu