Maider Alustiza Lasa

«Zer moduz» gehiagotan galdetu behar

Hala egin beharko nuke, baina ez dizut oraingoan hitz egin senideok pairatzen ditugun etengabeko giza eskubide urraketa sistematikoei buruz

Epaiketari buruzko azken elkarrizketa irakurri berri dut. «Zer moduz?» dio lehen galderak. «Ondo! ala kontatzea nahi?» Ba begira, kontatuko dizut:

Hamaika urte ondoren, biziraupena eta defentsa mekanismo orori heldutako tsunamian surfean aritu ostean, gezurretan arituko nintzaizuke ondo soil bat jaurtita. Kontakizun judiziala zein kokapen politikoak edan ditut hedabide ezberdinetatik. Oilo ipurdia larru azalean torturak entzundakoan, amorrua, inpotentzia... zinez gogorra.

Urte berean bigarren atxiloketa zein espetxeraketa izan genuen 2010ko apirileko hura. Bosgarrenaren atarian oraingoan. Espetxeratu zutenean partekatu zidan etengabeko galdeketez gain bost egunez jan, edan eta lorik egin gabe egon zelarik laugarren egunean ospitalera eraman zutela. Hamaika urte ondoren, bere burmuinak oztopatutako pasartea berreskuratuz, komisaldegiko ziegan umeen eta nere argazkiak erakutsi eta mehatxuak egin zizkiotenekoekin egin zuen oka. Entzundakoan ohartu nintzen nire garunak ere blokeatu zuela ezaguna bezain mingarri nuen eta bere deklarazio judizialean jasoa dagoen pasarte hura.

Beste hainbat bezala hilotz aterako ote zuten jakin gabe, zer kontatu seme alabei? Umeen galderei erantzunik ez zuen ama nintzen; noiz? non? zergatik? Ez dakit maite. Anaiaren etxean egin behar izan genuen lo, guardia zibilak etxea hankaz gora utzi, guztia txikitu eta lapurtu ostean. Hori da epaiketa honek dakarkiguna egunotan. Baina bizitzak jarraitzen zuen, pureak, pardelak, lana... Nekea, tristura, kezka aste honetan berbizitako oroitzapenak.

Etxeko postontzian Guardia Zibilaren txosten mardula topatu nuen. Abokatuen datuak, jarraipenak, komisaldegian eman beharreko tratua... zer da hau? zer egin? Bidea atzera begira eginaz, abokatuei eraman eta audientzia espainiarrean aurkeztu genuen. Hurrengo egunean prentsa oharra argitaratu zuten: “la Guardia Civil acusa a la esposa de uno de los acusados de hurto de documento”. Poliziaz jositako etxe hartan, hiru orduz bi guardia zibilek armaz apuntatzen ari zitzaizkidala... Oraingoan bai super woman! Irailaren 7an joan behar dut epaiketan deklaratzera, senarra han egongo denez, seme alabak hemen utzi eta antolatu beharko ditugu eskolako beraien lehen egunean.

Bi hilabetera eman ziguten lehenengo aldiz telefonoz hitz egiteko aukera. Hiru hilabetera lehenengo bisa umeekin. Lau urtekoak ez zuen sinisten aita bizirik zegoela. Nire gogoaren kontra, kristalaren atzetik bisita egitera eraman nuen bizirik zegoela ikus zezan. Aita ikusi eta lokutoriotik atera zen korrika, 'nondik joaten da berarengana? bere onetik ateratako animalia gisa atzera eta aurrera irteera bila korrika ibili ostean onartu egin zuen ez zegoela aita besarkatzeko biderik. Oraindik ere gogoratzen dudan bakoitzean barrena hausten ari zaidanaren oihartzuna datorkit. Aste honetan hitz egin du horri buruz lehenengoz, 'guztia beltza, argirik gabe zegoela gogoratzen dut' esanaz. Hilabetera, gure semearen gorputzak gaixotasun arraro bat garatu zuen. Besoa atrofiatu eta paralizatu egin zitzaion. Gerta zekiokeen gauzarik onena besorik gabe geratzea omen zen. Medikuz mediku, tratamendu gogorra, eskolarik gabe,... telefonoz kontatu behar izan nion guztia senarrari; nola kontsola ne zake telefonoz bestaldeko negar hura... mina, nerea, berea, haurrarena,... Injustizia honekiko lau urteko haurraren erreakzio bortitza.

Politikan lanean luze aritu eta bost seme alaba erditu ostean, behingoz urte luzetako ikasketen emaitza martxan jartzeko hautua egin eta 2009 osoan zehar nire ametsa zen enpresa eraikitzen aritu nintzela ere kontatuko dizut. Proiektu profesionala garatu eta autosufizientzia ekonomikoa. Emakume bezala hobe ulertuko nauzu irakurle. Hasi eta hilabetera eraman zuten. Bakarrik, espetxe politika den monstruoaren aurrean: familia zaintzan, senarraren zaintzan, 1800km hamabost egunero, motxilak, paketea... eta bizitzak jarraitzen zuen, erosketak, pureak, pardelak, biberoiak,... Akabo proiektua.

Abenduaren 3an atera zuten espetxetik, 24an hil zen bere aita bihotzeko gaitzak jota.

Hilabete gutxira diagnostikatu zidaten bizitza baldintzatu didan artritis reumatoidea.

2016an, hirugarren espetxealdian, hilabetez ospitalean, hiru ebakuntza, hil hala bizikoa bat, ZIUan hilzorian larri, zainetatik sartutako morfinak lausotu ezin zuen heriotza desiatzerainoko mina ezagutu nuen. Bapatean, seme alabak utzi behar izan nituen, dispertsatuta. Aita espetxean gaizki. Ama ospitalean hilzorian. Ez genuen elkar ikusi hilabetez. Bizitza motza geratuko zait garaian lagundu gintuzten guztiak eskertzeko. Nire egoeraren larritasunean oinarrituta eta 'familiaz okupatu zedin' askatu egin zuten, hala zioen epailearen idatziak bederen. Etxean elkartu ginen berriz ere zazpirok. Hitzekin ezin konta nezake elkartze hori zer izan zen. 13/13 epaiketaz ari naizenez, hurrengorako utziko dut, ez baita ipuinetako istorio polita muturreko isolamenduak hautsitako pertsona zein familia elkartu zenekoa eta urteetan sufritutako ondorioak.

Egun, seme alaba eredugarri zein zoragarriekin naturan libre bizi gara zazpirok. Gaixotasuna gainditu eta 15 urteko musikari aparta dugu garaian 4 urterekin gorputzak gelditu zuen semea. EHko txistulari txapelduna, gaitasun handien ondorioz ikasturte bat salto egin duen etorkizuneko orkestra zuzendari maitagarria eta horrela jarrai nezake bostekin.

Epaiketa honetan, hamabi urteko espetxeraketaren mehatxupean, bizirautetik bizitzera pasatako biktima familia honi, berriz ere bizirautera pasako ote garenaren mamua berpiztu zaio. Aita Madrilen dagoen bitartean beldur guztiak itzuli eta Damoclesen ezpatak bere horretan darraiela erakutsi digu. Espetxera ez bai doa pertsona bakarra, familia osoa espetxeratzen baita.

Hala egin beharko nuke, baina ez dizut oraingoan hitz egin senideok pairatzen ditugun etengabeko giza eskubide urraketa sistematikoei buruz. Oraindik ehundaka senidek horrela jarraitzen duela jakiteak bihotza uzkurtzen baitit. Lerro hauen bidez, nire besarkada beroena eta maitasun guztia espetxea pairatzen duen senide orori. Baita injustizia politiko eta humano berri honen aurrean epaiketa honetan dauden 15 haur eta familiei ere.

Milaka senide dago gure herrian «zer moduz?» gehiagotan galdetu beharko litzaiokena.

Bilatu