Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduko batzarkidea
Zergatik baino, zertarako jan baserritarrek ekoizten dutena?

Imajinatzen jarrita zertarako balio dezaken covid-19ak, izan dadila elikadura burujabetzaren teoriatik praktikara pauso eta prozesu sakonak emateko.

2020/03/31

Lagun on batek dio gauzak zergatik gertatzen diren baino, zertarako gertatzen diren galdetzea hobe dela. Askotan gogoratzen dut Aitziberren ñabardura hori; eta covid-19a gurera etorri denean ere, zein ñabardura aproposa den jabetu naiz.

SARS-CoV-2 izen zientifikoa du; baina, covid-19 bezala ezagutzen dugun gehiengoari datu, galdera, kezka… asko ekarri dizkigu, erantzun ziur gutxi oraindik. Harrigarria bada ere, eztabaida nagusienetakoa izan da ea jarduera ekonomikoa pertsonen zaintzaren eta beharren aurretik jarri behar ote dugun. Zaintzaren eremu horretan kokatzen ditut azken egunotan baserritarren eta elikagaien hornikuntzaren inguruan hartzen -edo ez hartzen- ari diren neurrien eztabaida. Izan ere, elikaduraz ari garenean, jarduera ekonomiko batetaz harago, bizitza sostengatzeko oinarrizkoak ditugun beharrez ere ari garelako: bai elikagaien ekoizpena, bai inguruaren zainketa, bai horniketa, bai janariaren prestaketa… bai, behinik behin, nekazaritza iraunkorraz ari bagara.

Beraz, elikaduraren eremuan, zertarako etorri da covid-19a? Bada, dauden dinamikak biluztera, bai norbanako kontsumo jokaeratan, baina bereziki kolektiboki ditugunak nabarmentzera. Elikadura kate globalak gailentzen dira egungo elikadura sistemaren ereduan. Milaka kilometro bidaiatzen duten elikagaiak eta supermerkatuetako apaletan ernetzen edo hazten ez diren horien erosketak handitzen diren bitartean, saltzeko arazoak dituzte jatetxe, taberna, eskola, haurtzaindegi, azoka edota beste zuzeneko aukerak erabiltzen dituzten baserritarren ekoizpenek. Azken urteetan zuzeneko salmenta bide eta ekimen asko sortu direla ikusi dugu, eta ordu gutxitan egoera berriak eskatzen duen egokitzapenak beste ekimen asko martxan jarri dituela irakurtzen gabiltza; herriz herri, boluntario sareen bultzadaz, elkarte eta kolektibo desberdinen eskutik. Guztiei esker egoera bideratzen dabil orokorrean. Betiko lez, baina inoiz baino gehiago, lankidetza garaia.

Ekimen hauen ezaugarri nagusia da elikadura osasuntsu eta iraunkorraren aldeko ekimen kolektiboak direla. Covid-19a erakusten ari zaigu etxean bizirauteko zenbateraino dugun komunitatearen beharra; gure interdependentzia. Ikusezinak ohi diren zaintza lanak ezinbestekoak direla sentitzen dugu, elkar-zaintzeko osasun neurriak denok hartu behar ditugula, oinarrizko beharrak lehenetsiz. Eta oinarrizko beharren artean elikadura, tokikoa, konfiantzazkoa, saretua, iraunkortasunari eta lurrari loturikoa.

Horrekin batera, covid-19ak nabarmentzen digu gure espeziaren zaurgarritasuna, izaki bizidun guztiak bezalaxe ekosistemen menpekoak garela, ekodependenteak. Sare sozialetatik jasotzen ditugu txoriak entzuteko estekak, argazki ederrak eta eredua zalantzan jartzen duten artikulu interesgarriak… Baina, ongizate birtual ikuspegitik harago, non geratu da aurreko aste eta hilabeteetan mundu errealeko aldaketa klimatikoari lotutako eztabaida guztia? Ez dago lehen orrialdeetan, eta aldi berean ekoizpen sistema intentsiboaren eta kate globaletako garraio sistemaren jarduera frenetikoaren geldialdiak CO2 isuriak murriztu ditu 2007/2008a geroztik ez bezala. Honek tokiko elikadura sistemak krisialdi klimatikoaren kontrako norabidean erabateko logika duela pentsatzera eramaten gaitu zuzen-zuzenean, dimentsio ekologikotik harago onura sozioekonomikoak ere ekartzen dizkigularik.

Aipatutakoak gertutik bizi dituzte egunerokotasunean elikagaiak ekoizteko lurrarekin harremanetan dauden baserritarrak. Hala ere, covid-19aren inguruan hartzen diren neurriak, notizietan agertzen diren kale hutsen eta balkoi beteen irudiak, adierazpenak, eraginak eta abarrak, filtro urbanotik begiratzen ditugula ere esan daiteke. Izan ere, zeintzuk dira landa eremu eta herrietan ematen ari diren arazoak? Arazo bakarra ez delako, besteak beste, nola zaintzen eta elikatzen ditugun gure herri eta hiri handiak. Elikagaien ekoizpenerako, zaintzarako eta baserrien biziraupen eta etorkizunerako –dagoeneko nahiko kolokan dagoena– beharrezkoa dugu logika urbanoetatik ateratzea eta elikadura sistemako katebegien arteko harreman orekaturako proposamenak sustraitzea. Aldaketa klimatikoaren gaiarekin bezalaxe, orain aste batzuk baserritarrak kalean ikusi genituen prezio duinen aldeko borrokan; mobilizazio eta aldarrikapen horien oihartzuna ere berreskuratzea komeni.

Beraz, koloretako betaurrekoak soinean, covid-19a krisialdi anitzen testuinguruan iritsi da, eta abiapuntuko egoera eta bizi baldintza desberdinetatik egin behar diogu aurre, non eskubideen defentsan kalitatezko elikadura bermatzea ere beharrezkoa den. Horretarako, politika eta zerbitzu publikoek elikadura gaietan esku hartu behar dute, Frantzian edota Balear Irletan ekoizpenenarekin eta elikadura erosketa publikoekin egiten ari diren norabide berean.

Egoera konplexua da zalantzarik gabe. Baina bere osotasuna eta konplexutasuna onartuz, orain hartzen ari garen neurriek bizipen kolektibo honen irteerara nola iritsiko garen ere baldintzatuko dute. Zentzu horretan, diziplina zientifiko teknikoenetatik harago, irakaspena ere bada Ekonomia zientzia soziala dela jabetzea; aukera dugu erroetara joateko eta bizitza, berdintasuna eta komunitatea oinarri dituen eredu baten alde egiteko. Horretarako, beharrezkoa dugu pribilegioak kuestionatu eta banaketa justuaren eta ongizate kolektiboaren kulturan sakontzeko.

Kostatzen da imajinatzea hau guztia amaitzean nora bueltatuko ote garen; seguraski buelta ez da ez hain bat-batekoa, ezta hain argia ere izango; eta ondorio desberdin asko izango dira. Baina, imajinatzen jarrita zertarako balio dezaken covid-19ak, izan dadila elikadura burujabetzaren teoriatik praktikara pauso eta prozesu sakonak emateko: ondasun publiko eta komunetatik iraunkortasunaren aldeko konpromiso sendoak hartzeko; tokiko elikadura estrategiak jangela kolektibo publiko guztietara eramateko; hartu-eman aberatsak zabaltzeko baserritar eta kaletarron artean; landa-herri-hirien ekoizpen eta kontsumo aliantzek inpultso berri bat hartzeko. Zergatik ez?

Artikuluak
Ana Tere Díaz
2020/05/27
Joseba Vallés Izquierdo
2020/05/27
Joxemari Olarra Agiriano
2020/05/27
Ricardo Cruz-Lopez
2020/05/27
Gutunak
Kari Ledesma Villa
2020/05/27
Pedro Mari Usandizaga Añorga | Ondarroa
2020/05/25
Victoria Vallejo Martínez
2020/05/25
Irune López Carriba
2020/05/25
Azken post-ak
Koldo Campos
2020/05/18
Fito Rodriguez
2020/05/17
Fito Rodriguez
2020/05/13