Nerea Sanchez, Jose Manuel Arias, Estibaliz Zelaia
Gazteluko 21 gurasoren izenean

Zergatik ez mantendu Gaztelun burbuila?

Gazteluko gurasook argi adierazi nahi dugu ez dugula tratu bereziturik eskatzen. Egoera berezi honek bide berriak urratzea eskatzen duela uste dugu. Are gehiago, honelako proposamenek herri txiki guztientzako gauzagarriak izan beharko luketela uste dugu.

Herri txiki bat burbuila bat da, bere horretan, zorionerako eta zoritxarrerako. Oraingo egoera honetan burbuila izateak hainbat abantaila eman dizkigu, besteak beste, orain artean covid-19ak ez duelako ia eraginik izan Gaztelun.

Baina ikasturte berria hasi da, eta herriko haur bakoitza bere eskolarako bidean abiatu da. Horietako zenbait berrogei minutuko autobus bidaian (inguruko herrietako haurrekin batera)eta besteak, autoetan. Eskolan, beste hainbat herritako lagunekin elkartu dira, protokoloz beteriko ikastetxe handi batean, eta hor etorri da covid-19aren eragina bete-betean herrira, haur batek positibo eman baitu. Orain artean burbuila batean bizi ostean, orain bat-batean burbuila apurtu, eta herriko haur ia guztiak etxeetan bakandurik geratu dira. Hamar egunez etxean konfinaturik, PCR probak egin, eta hamaikagarren egunean berriro ere eskoletara. Noiz arte, ordea? Noiz arte ibiliko gara herriko haur guztiak bakantzen? Ez ote dago beste aukera hobeagorik?

Bai, noski. Herri txikiek bestelako aukerak eskaintzen dituztela sinistuta, abuztuko arratsalde batean herriko haurren gurasoak elkartu, eta egoera hau gerta zitekeela jakitun, alternatiba bat bilatzen saiatu ginen. Herrian badira Udalarenak diren hainbat lokal egoki: garai bateko eskola, eta gaur egungo ludoteka dena, edo udaletxe beheko lokalak. Gune hauek oso egokiak lirateke gure haurrek bertan eskolak hartzen jarrai lezaten, eta horrela, herriko burbuila mantenduz kutsadura katea eten ledin.

Proposamen hau bideratzeko orduan, lehen kontaktua Hezkuntza Sailaren Gipuzkoako lurralde ordezkariarekin egin genuen, eta telefono bidez jakinarazi zigun tankera horretako edozein proposamen irailean lantzea erokeria zela. Erantzun honen aurrean, proposamena zuzenean Hezkuntza Sailari bideratu genion, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburu berriari, hain zuzen, eta gure harridurarako Gipuzkoako Hezkuntza lurralde ordezkariak, Gema Gonzalez de Txabarri Mirandak, erantzun digu berriz ere, baina oraingoan idatziz, hau esanaz: «Pandemia hasieratik Osasun agintaritza izan da eskolen antolamenduan arauak eta berezitasunak ezarri dituena. Hezkuntzak horiek bete baino ez du egin. Gazteluko kasuan, Gipuzkoako beste herri, ikastetxe eta ikasleekin erabili diren irizpide berberak erabili dira, denentzat baitira neurri berean aplikagarri». Erantzun honen aurrean Gazteluko gurasook argi adierazi nahi dugu ez dugula tratu bereziturik eskatzen. Egoera berezi honek bide berriak urratzea eskatzen duela uste dugu, eta hortik gure eskaria. Are gehiago, honelako proposamenek herri txiki guztientzako gauzagarriak izan beharko luketela uste dugu; autobus eta autoetan bidaia luzeak ekidin, herri ezberdinetako haurren topaketak murriztu eta, azken finean, herri txikiak burbuila gisa funtziona dezaten ahalbidetzen duelako. Zailtasun administratibo eta teknikoetatik haratago, osasuna erdigunean jarri, eta halako proposamen praktikoak martxan jartzea beharrezkoa ikusten dugu.

Ikasturtea hasita egonda ere, Gaztelurako egiten dugun proposamena erabat gauzagarria dela iruditzen zaigu. Hau guztia esanik, Gazteluko gurasook prest gaude elkartzeko, eta egon daitezkeen alternatiba ezberdinen inguruan eztabaidatzeko.

Bilatu