Josu Zalbidea
STEE-EILASeko kidea

Zergatik itxi nahi dituzte hiru haurreskola Gasteizen?

Joan den astean berri txar batek astindu gintuen haurreskoletako hezitzaileok: datorren ikasturtean Haurreskolak-Partzuergoko hiru haurreskola itxi nahi dituzte: El Pilar auzoko Almudena Cid, Lakuako Txirinbil eta Abetxukoko Virgen Blanca. Hala balitz, haurreskola hauetako sehaska gelako haurrek, ezin izango dute irailean ikastetxeetara itzuli beren hezitzaileekin. Udalak eta Haurreskolak-Partzuergoak jarri duten aitzakia merkeak matrikulazioaren jaitsiera eta zerbitzuaren berrantolaketa beharra dira. Gure iritziz, ordea, arazoa gaurko egoera ekonomikoarekin zerikusi zuzena duen kuoten garestitasunean datza.

Datorren ikasturtean, beraz, 0-2 urteko umeentzako eskaintza publikoan 125 plaza gutxiago egongo lirateke eta 20 hezitzaileek beren lanpostuak utzi beharko dituzte (13-k beste ikastetxeetan birkokatuak izango dira, gainerakoei kontratua amaituko zaie, eta udaletxeko lau langileen plazak amortizatuak izango dira). Abetxukoko Virgen Blanca haurreskola itxiz gero, gainera, auzo oso bat 0-2 eskaintza publikorik gabe eta euskarazko eskaintzarik gabe geratuko litzateke, aukera bakarra eskaintza pribatua izango delarik.

Udalak eta Eusko Jaurlaritzak egiten duten eskola-planifikazioa irizpide ekonomikoetan soilik dago oinarrituta, eskolaratze beharretako datu zehatzen inolako aurreikuspenik gabe. Ondotxo dakigu haur hezkuntzan hainbat auzoetan zenbat ume geratu diren plazarik gabe.¿Noiz irekiko dituzte Haurreskola berriak, eskaerarik ez dagoenean?

Matrikulazioaren jaitsiera, haurreskolen prezio altuaren ondorio zuzena da. Egungo egoera dela eta, kuota hauek familia askorentzat ordainezinak dira. Era honetan, Administrazioak eskola publikoetarako sarrera erraztu beharrean, zailtzen du egunetik egunera, 0-2 zikloa eskaintza pribatura bideratzen dituzten politikak aurrera eramanez. Eskola kontzertatuak, estrategikoki eta matrikulazioa erakartzeko asmoz, publikakoak baina merkeagoak diren plazak eskaintzen dituzte, angileen lan baldintzak kaskartuz, besteak beste. Bitartean eskaintza publikoaren ikasturte honetarako igoera 5% izan da. Familiek 5 orduengatik 160 euro ordaindu behar dituzte eta 208 euro 5-8 arteko ordutegiagatik. A ze prezioak krisi garaietarako! Gainera ikasturte honetatik aurrera, familia guztiek maiatzean ordaindu beharko dute iraileko kuota osoa. Familia gehienek beren etorkizun laborala ezagutzen ez dutenez, logikoa da arriskatu nahi ez izatea, eta beste eskaintzak desberdinak aukeratzea.

STEE-EILAS sindikatutik familien egoera ekonomikoan eragina izateaz gain, eskaintza publikoaren etorkizunean eragina duen egoera hau salatu nahi dugu, aukeren berdintasunean eta giza kohesioan ondorio kaltegarriak izango dituelako.

Bilatu