Tasio Erkizia
Ezker abertzaleko militantea

Zorionak, Ernai!

Aspaldiko partez, Maiatzaren Leheneko Bilboko manifestaziotik pozik itzuli nintzen. Eta ez bereziki jende asko bildu ginelako. Ez, zoritxarrez. Bilbon, talde polita bildu ginen, baina multzo berezirik ez. Agian, indar eta kemen berezia sumatu nuelako? Ezta ere. Zerbait oihukatu genuen, baina aspaldiko epelkeria sumatu nuen. Zer berezia nabaritu nuen, bada?

Gazteriaren presentzia. Inoiz baino gazte gehiago zeudela iruditu zitzaidan. Eta horrek biziki poztu ninduen. Gorputzean bestelako alaitasuna sentitu nuen.

Eta larunbateko manifestazioak borobildu zuen asteburua. Jendez nahiko ondo, batez ere kontuan hartuz gero zubi luze batean kokaturiko data zela. Ibilbide imajinatiboa eta oroimen historikoz beterikoa. Eta bereziki, beroa, garaiak eskatzen duen bezala, sutsua. Gazteriak bizi duen egoera sozioekonomikoak eskatzen duen gisako erantzun trinkoa. Aspaldian ohituta gauden manifestazio aspergarri eta prozesio itxurakoen joera irauliz, ibilbidean zehar ekimen errebindikatibo ikusgarriak ikusi eta gozatu ahal izan genituen. Borroka molde berrietan amesteko modukoa. Ilusioa eta esperantza pizten duten ekimen horietakoa.

Azkenengo urteetan euskal gazteriak egoera berezi bezain zaila bizi du. Gatazka armatuaren aitzakiaz gazteria izan da bereziki zigortu duten gizarte sektorea. Urte luzeetan jazarpen izugarriak sufritu ditu eta sufritzen ari da. Euskal Herriko gazteria, Garzon, Grande Marlaska edo Velasco epaileen jo puntuan egon da, eta egoten jarraitzen du. Zenbat sarekada, zenbat tortura, zenbat urte Espainiako kartzela ilunetan. Eta zein merke irten zaien sarraski horiek planifikatu eta gauzatu dituzten arduradun politikoei...!

Azken urte hauetan krisi ekonomikoa izan da aitzakia berriro ere gazteriari erasotzeko. Gazteria, emakumeekin batera, egungo krisiak zuzenen kolpatzen duen sektorea da. Gazteen %50etik gora, langabezian eta asko miseria gorrian. “Manifestakzioa”-ren hasieran, Irati Sienra bozeramaileak aski ongi salatzen zuen bezala: «Merkatua jarri dute gure bizitzaren erdigunean, bizitza jarri beharrean ekonomiaren eta politikaren erdigunean». Aipatzen zituzten «politiko putreek» lan prekarietatea eta esklabotza ontzat ematera eraman nahi dituzte gazteak. Bazterketa ekonomikoa eta lantokietako esplotazioa egungo egoeraren ondorio normalak direla barneratzera eraman nahi dituzte. Baina gazteak, bejondeizuela, injustiziaren aurka oihua altxatzeagatik, gizartea eraldatzeko erakusten duzuen grinagatik, politika egiteko molde berriak defenditzeagatik, funtsean, gazteak zaretelako erasoak jasan arren, duintasunaz aurre egiten duzuelako.

Eta zera erantsi nahi dizuet: zergatik gazteekiko obsesio hori? Zergatik polizia, epaile eta bankeroen aldetik gazteekiko fijazioa? Era guztietako zapalketa jaso arren zuek zaretelako herriaren etorkizuna, zuek zaretelako gizarte berri baterako esperantza. Kimu berriak zimeldu nahi dituzte, etorkizuna ilundu, ilusioak desagerrarazi, eta horretarako gazteen kemena eta indarra ito nahi dituzte. Funtsean, gazteria beldurtu, etsipenean murgiltzea da beraien asmo eta helburua. Bestelako gizarte eredurik eraikitzea posible ez dela eta ametsak egia bihurtzea ezinezkoa dela sinetsarazi.

Horretan datza gakoa. Gizarte eredu berria eraikitzeko gai zaretela erakustea da erronka. Kapitalismo ustelaren aldekoen sasikeria guztien gainetik, bide berriak irekitzeko gaitasuna baduzuela egiaztatzea. «Ez dago zereginik», «lan baldintza txarrak dira baina egoera horretara egokitu behar da», «eskaintzen zaiguna onartzea besterik ez zaigu tokatzen», «hemen ez badugu lanik kanpora joango gara»... gizartean oso zabaldurik dauden honelako etsipen mezuen aurrean borroka ideologikoa zabaltzea tokatzen zaizue. Borroka ideologikoa eta gazteria ilusionatuko dituen proiektu zehatzak eta egingarriak proposatzea. Herri honen historian eta zuen indarretan sinetsi eta aurrera begira apustu sendoa egitea da bidea. Zailtasunak zailtasun, mundu berri bat amestea posible izatetik aparte ezinbestekoa dela aldarrikatzea dagokizue.

Gizarte eredu berria eraikitzearen aldeko apustua egitea ez da soilik gazteriaren ardura, guztiona baizik, baina borroka molde berriak sortu eta gizartea suspertzeko bide erakargarriak proposatzea gehienbat zuen esku dago. Gure belaunaldiak desagertzear zegoen Euskal Herria suspertzea lortu du eta zuei dagokizue prozesua bururaino eramatea. Gizarte eredu berria eraikitzeko ohorea dagokizue.

Zuen esku dago etorkizuna eta egun hauetan Ernai erakundeak gazteria biltzeko gaitasun berezia erakutsi digu. Asko dugu egiteko. Gure babesa eta animo guztiak dituzue. Zuekin egongo gara baina gazteriaren lidergoa nabaritu behar dugu. Euskal gazteria, aurrera!

Bilatu