Asier Fernández de Truchuelo Ortiz de Larrea

Zu euskalduna zara?

Konplexuak kentzeko garaia heldu zaigu geureak diren kultura eta zena aldarrikatzeko ordua, herriaren duintasuna. Euskaldunok geure modura bizitzeko grina daukagu, geure ohituren eta usadioen arabera, geure hizkuntza inongo oztoporik gabe erabiltzeko aukera izanda.

«El vascuence y el castellano son incompatibles dígase lo que se quiera, y si caben individuos no caben pueblos bilingües. Es éste de la bilingüidad un estado transitorio» (Miguel de Unamuno y Jugo, 1888)

Bilbotar idazleak egin zuen adierazpenarekin bete-betean asmatu zuen, elebitasunez hitz egitea XIX. mendean edota XXI. mendeko gauden lehenengo laurden honetan ezinezkoa zaigu, euskarak prantsesa naiz espainola dituzten aukera berak ez zituen eta ez ditu lortu. Garai haietan hizkuntzen arteko aldea nabarmena bazen ere, gaur egun eta euskararekiko lorpenak lortu arren, hobekuntza handirik ez da nabaritu. Ikusitakoa ikusirik eta egin diren ahalegin guztiak kontuan harturik nahikoak ez direla izan aitortu beharra dago, euskarak bere lehiakideak ezin izan ditu garaitu ezta parekatu ere.

Dena irudipen hutsa da, «ezagutzak gora egin du, inoiz izandako euskaldun kopururik altuena», ospatzekoa benetan?! Sasi euskaldun ugari sortu ditugu (hala ere ehunekoari begiratuko bagenio ziurrenik geure txaloak malkotan bihurtuko ziren), arnasguneetan berriz atzera egiten du (hobe gutxi deus ez baino). Eskoletan, unibertsitateetan... bere lekua irabazi arren ezinezkoa izan zaio dagokion ohorezko postua bereganatzea, garai bateko ospea berreskuratzea, Euskal Herriko aberriaren herri hizkuntzan bihurtzea.

Egoera uste baino larriagoa da, esan genezake hiztunen kopuruak gora egin duen arren kalitateak okerrera egin duela. Hala izanik suspertzeko hiztunen grina nahikoa ez izatea gerta liteke. Hizkuntzei izaki biziei bezala gerta lekieke iraupena beraien eskuetan ez izatea, kanpoko laguntza behar izatea bizirik ateratzeko.

Euskal Herri bezala ezagutzen ditugun lurraldeetan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea, Euskal Hirigune Elkargoa) urtetan zehar euskararekiko joera ezberdina izan da eta gaur egun ere ezberdina da:

-Erakundeen laguntza (ikusi denez ez nahikoak).

-Tolerantzia (Erakundeen onarpenik gabe eta bere garapenerako inongo laguntzarik gabe).

-Bere kalterako eginiko legeak (hizkuntza eremuetan banandu bere garapena geldiarazteko).

Euskarak bizirik iraun dezan gura badugu ahal diren laguntza guztiak eskaini beharko zaizkio, diru laguntzak, bere ikasketa erraztu, erabilera saritu, azken finean bere aldeko bereizketa positibo bat eta bide batez gizarte osoari euskaran murgiltzeko aukera eskaintzea.

Hartu beharreko neurriak gogorrak diruditen arren argi daude:

-Ikasketa doakoa izatea (ikasketak egiteko aukerak erraztuz, lan orduetan behar ezkero).

-Kalitatezko hedabideak sortu, euskaraz hutsean igorriko dutenak.

a) Arrakastako filmak eta marrazki bizidunak euskaratu.

b) Telebistan edota irratian mintzo diren guztiak (berriemaileak, elkarrizketatzaileak, elkarrizketatutakoak lehiakideak...) euskara garbia erabiltzeko derrigortasuna.

c) Euskalki ezberdinak bultzatu eta ikusarazten dituzten programak.

b) Euskal kultura eta zenak sustatu eta berreskuratzeko baliabideak izan, batasun nazionala eragiteko, probintzialismo eta erregionalismoen gainetik ezer gutxi laguntzen diotenak azkenengo helburuari.

-Euskara interneten bultzatu.

-Administraritzan egin beharreko kontratazio berrietan euskararen ezagutza eskatu, ez meritu bezala baizik eta ezinbesteko baldintza bezala. Aldi berean bi urteren buruan ezagutze ona lortzen ez zuten funtzionarioek beraien egoera galduko zuketen.

-Hedabideetarako adierazitako neurri berak irakaskuntzan ezarri beharko ziren.

a) Kalitatezko maisuak eta euskaraz bikain moldatu beharko direnak.

b) Behar ezkero fonetika eta logopedia ikasketak, zeini ez zaio bitxia egiten ingelesa entzutea gaztelaniazko doinuaz?

c) Euskal eskoletan euskal zena babestuko da.

-Politikariak euskaldunak izan beharko dira eta aberri hizkuntza erabili.

Baten batek idatzitako guztia erokeria galanta dela pentsatuko du, gizarte gehiengoaren eta aurrerapenaren kontra egitea dela, guztiz ezinezkoa dela. Era berean Euskal Herriko kaleetan prantsesez nahiz espainolez elebakarreko hiztunak egotea ez omen du inor harritzen, hizkuntzen arteko diglosia agerian uzten duen beste datu bat.

Konplexuak kentzeko garaia heldu zaigu geureak diren kultura eta zena aldarrikatzeko ordua, herriaren duintasuna. Euskaldunok geure modura bizitzeko grina daukagu, geure ohituren eta usadioen arabera, geure hizkuntza inongo oztoporik gabe erabiltzeko aukera izanda. Voltairek 1756. urtean esan zuen bezala euskaldunok Auñamendietako bi aldeetan dantzatzen eta abesten genuen herria ginen. Euskaraz abesten genuen eta zortzikoak dantzatzen genituen, ez gaur modan dauden «flamingotxo»-a edota «euskañol fusion» («kosmobaldarra» bezala ezaguna ere), biak identitate konplexu batzuen ondorioa.

Hizkuntza bizirik mantentzeko hizlarien gogoa ezinbestekoa da, hitz egiten ez den hizkuntza hiltzen den mintzoa da. Horrexegatik euskaldunok batzeko garaia heldu da, lobby euskaldun bat sortzeko garaia, geure eskubideak babesteko. Jarraitu beharreko pausuak:

-Euskal kultura erosi eta erabili.

-Bozkatu alderdi euskaldunei, hautagai euskaldunekin, geureak diren ohiturak, egiturak,… aldarrikatuko dituztenak.

-Kontratatzeko garaian euskaldunei lehentasuna eman.

-Erosketak euskara darabilten dendetan egin.

Euskaldun elebakarra izanik bizitza osotasunean egiteko aukera daukazunean, artikulu bat euskaraz idaztearekin nahikoa denean Euskal Herrian bizi diren guztiak ulertuko dutelako, euskalduna ote zaren galdetu beharra ez duzun egunean, orduan bakarrik elebitasunaz hitz egin genezake.

Bilatu