Manex Gurrutxaga
EHKSko kidea

Zupiria, Ezker Abertzalea eta Mugimendu Sozialista

Soka luzeko gaia izaten ari da txosnetako debekuarena. Bilbo eta Gasteizko betoak maila publikora jauzi egin zuen aspaldi, ehunka artistak babesa eman baitiote debekuaren aurkako mezuari. Ezaguna da, era berean, gainbeheran dagoen EAJren gisako alderdi zaharkitu batek, taktikoki bada ere, Mugimendu Sozialistaren zabalpenean ezker abertzalearen ahulgune bat identifikatu duela. Kontrolatzen ez duen erpin bat, EH Bilduren proiektuaren hutsuneak azaleratzen dituena. Ez gaitezen nahastu, EAJk ez du MS batere maite. Egiturazko aurkari bat identifikatzen du MSrengan, urte osoan zehar daramaten kriminalizazio kanpainak erakusten digun modura. Baina bien bitartean, ezkerraren baitako etsaitasunak probestu nahi ditu, espazio honen inguruko itxura gatazkatsu eta fidagaitz bat proiektatzeko. EAJk ezker abertzalearen buruzagiak eta soziologia ezagutzen ditu, badaki non egin dezakeen mina. Badaki bere ezkerretik egindako kritikak oso gaizki eramaten dituela ezker abertzaleak, gutxienez bi arrazoirengatik: 1. Herri mugimendua blindatzea garrantzitsua delako zentralitate politikora jauzi egin bitartean, 2. Ezker abertzaleko militantzia, baita buruzagien zati bat ere, saiakera iraultzaile batetik datorrelako. Horrek guztiak asko eragiten du ezker abertzaleak Mugimendu Sozialistarekiko daukan portaeran. Oraintxe aipatutako bi aldagaiak oso presente daude Bilboko Konpartsetan bultzatutako debekuan eta Gasteizko Txosnetan. Zauri ireki bat dago eta EAJ odola usaintzen ari da. 

Horretara datoz pasa den asteko Bingen Zupiriaren hitzak, bera ere betoaren aurka dagoela ziotenak. Egoera are eta gehiago nahastu nahi du Zupiriak, ezkerra bere artean etsaitu nahi du. Eskola zaharreko antikomunista sutsua baita Zupiria. Ohiko galdera inbertitu dezagun une batez: zer egin dezake Mugimendu Sozialistak egoera honetan? Salaketa egiten jarraitu behar dugu, ez daukagu beste aukerarik. Askoz okerragoa baita gaia ezkutatzea debekua pairatzen duenarentzat. MSren gisako mugimendu gazte batentzat gauza hauek garrantzitsuak dira, gure lekua egin eta gure jarduna normalizatzea ezinbestekoa delako. 

Nire iritziz, ezker abertzaleak gauza bat egin behar du: Mugimendu Sozialista normalizatu eta debekuei eta ukapen estrategiari amaiera eman. Uste dut ezker abertzalearen oinarriaren zati handi batek bere egin duela perspektiba hau, ulertzen baitute bizikidetza nahitaezkoa dela. Ez hala zuzendaritzek, Mugimendu Sozialistarengan arriskua identifikatzen baitute: espazio politikoa lehiatzeko arriskua, eta baita militantziaren zati handi bat ezkerrera mugitzekoa ere, iraganean Ernain gertatu zen bezala. Bidegurutze batean daude horrenbestez: edo ezkerrera espazio politiko bat egituratzen ari dela onartu eta honekin bizikidetza eta harreman kritikoa aurrera eraman edo ukapen estrategiarekin jarraitu. EAJ oso eroso dago bigarren hautu horrekin, jakin baitakite Mugimendu Sozialistak bidea egiten jarraituko duela eta kontraesanak iraungo duela. Izan ere, hautu sozialdemokrata egiteak bere segida du: ezkerrera alternatibak jaioko dira, erreformismoarekin kritiko direnak. 

Gure partetik, perspektiba komunistan hedatzen jarraituko dugu. Auzi sozial bakoitzari klase perspektiba eta ikuspegi komunista txertatu nahi dizkiogu. Horrenbestez, sozialdemokraziarekin kritiko izaten jarraituko dugu. Hori horrela izanda ere, faxismoa eta kapitalismoa lehen lerroan borrokatzea da gure egiteko nagusia. Ulertzen dugunez ezkerreko eragileon arteko elkarrizketa beharrezkoa dela, irekita gaude hitz egitera. Elkarbizitza derrigorra baita Euskal Herriaren gisako herri txiki batean, jadanik hainbat herri eta auzotan gertatzen den modura. Epe luzera lan egiten jarraitu nahiko genuke eta bidean topo egingo dugu behin eta berriz. Goazen inori komeni ez zaizkigun gatazkak itzaltzera. Bada garaia. 


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen. 

Bilatu