Ione Josie
Kontseiluko kidea

Zure boza euskararen aldekoa izan bedi

«Egitarauak berak hizkuntza politika bat finkatzen du, hots, euskararen alde deus ez agertzea ere hizkuntza politika egitea da, euskararen kontrakoa. Horrez gain, komunikazio euskarrietan euskarari ematen zaion lekua garatu nahi den hizkuntza politikaren isla da, eta koherentziaz jokatu behar dute.»

Hauteskundeen zurrunbilotik ihes egitea zaila zaigu aste hauetan. Hautagaiak gai ezberdinen inguruan posizionatzen entzun ditugu… baina, iruditzen zait, euskarak, leku arras guti duela kanpaina honetan. Egitarauetan eta gainerateko komunikazio euskarrietan kasik agertzen ez den gaia da. Haatik, herriko etxeek ardura handia dute gure hizkuntzaren normalizazioan, eta, euskaraz bizi nahi duten herritarrek ere bozkatzen dutela erraz ahanzten dela iruditzen zait.


Baiona, Donibane Garazi eta Mauleko 11 zerrenden programak eta komunikazio euskarriak behatzen baditugu, euskararen erabilera murritza dela kontura gaitezke, egitarau gehienak frantses hutsean dira, edo euskarazko laburpenak edo izenburuak agertzen dira euskaraz, modu oso desorekatuan. 11 egitarauetatik bi dira bi hizkuntzak orekaz agertzen dituztenak (Beñat Elkegaraien Maule Aitzina eta Xabi Larren Donibane Erne). Beste batek kasik orekaz erabiltzen du, baina, frantsesa nabarmenagoa da (Jean-Claude Iriarten Baiona 2014). Beste zortzi kasuen artean, lau dira sar hitzak, izenburuak, tartekako laburpenak euskaraz ere eskaintzen dituztenak (Henri Etcheto, Mixel Etchebesten Agir ensemble pour Mauléon, Alfonse Idiarten Donibane Garaziko Geroa Elgarrekin), batek ere egitaraua frantsesez du eta webgunean euskarazko itzulpena proposatzen du (Jean Rene Etxegaray). Azkenik, beste bost zerrenden egitarauak frantses hutsean dira: Sylvie Durrutyrena, Serges Noguesen Front de gauche, Louis Labadoten Union Citoyenne edota Mathias Davanten Mauléon pour tous.


Orokorra da proposamen konkreturik ez egitea. Bik estatusa aipatzen dute, hau da ofizialtasuna/koofizialtasuna (Serges No- gues, Front de gauche, Beñat Elkegarai, Maule Aitzina). Horrez gain, euskal kultura eta hizkuntza edota hizkuntzaren praktika «sustengatuko», «balorizatuko», «garatuko» dituztela iragartzen dute Serges Noguesek, Mathias Davantek, Jean Rene Etchegarayek, eta Sylvie Durrutyk. Beste hautagai batzuek irakaskuntza, haurtzaindegia edota gau eskolak dituzte proposamen nagusi gisa, hala nola, Henri Etchetok «euskarazko irakaskuntza sendotuko edota Luma haurtzaindegia sustengatuko» duela iragartzen du. Labadotek «gau eskolara joanen diren herritarrendako doakotasuna» proposatzen du, Etxebestek ere herritarrak laguntzea proposatzen du, baita Elkegaraiek ere. Bik soilik EEP aipagai dute, hauek dira, orain arte auzapez zirenak, Idiart eta Etxebeste. Horrez gain, Elkegaraiek eskolatik gain diren ekintzendako begirale euskaldunak atzematea eta komunikazioa ditu aipagai.


Bi zerrendek neurri zehatzak proposatzen dituzte, hizkuntza politikaren aipamena eta planen garapena ardatza dutelarik. Jean-Claude Iriarten Baiona 2014k hizkuntza politika baten oinarrizko arloak jorratzen ditu, hezkuntza, 0-3 urte bitarteko hezkuntza, epeak eta baliabideak dituen plangintza, bere aurrekontu propioa duen euskara zerbitzua eta herriko etxeaz kanpoko batzordea, helduei euskara urririk ikasi ahal izateko baliabideak, euskararen erabilpen publikoa, motibazio kanpainak, diru laguntzetan hizkuntza irizpideak finkatzea, Bai Euskarari ziurtagiriarekin elkarlana, eta langileen formakuntza. Xabi Larren Donibane Erne zerrendak ere langileen formakuntza, herriko dokumentu administratiboak eta seinaletika euskaratzea, euskararen bulegoaren sorrera, norbanakoak euskalduntzeko diru-laguntzak, eta batzorde herriko etxeaz kanpoko.


Alta, herriko etxeetan hizkuntza politika ausartagoak egiteko ez da eragozpenik eta, bozkatu aitzin, euskararen sustapena eta garapenaren alde ekiteko, zein neurri konkretu, zein motako hizkuntza politika, zein helbururekin, zein eperekin, zein neurgailurekin onartuko duten galdegin nahi diet hautagaiei. Garaia da, proposamen hauek fintzeko, eta herritarrei zehaztapenak emateko. Egitarauak berak hizkuntza politika bat finkatzen du, hots, euskararen alde deus ez agertzea ere hizkuntza politika egitea da, euskararen kontrakoa. Horrez gain, komunikazio euskarrietan euskarari ematen zaion lekua garatu nahi den hizkuntza politikaren isla da, eta koherentziaz jokatu behar dute. Euskaraz bizi nahi duen jendarte zabal bat bada herri honetan eta euskaraz bizitzea ahalbidetuko duen programaren alde bozkatzea da euskara normalizatzeko urratsa ematea. Orduan ez ahantz, igandean, euskararen aldeko boza eman ezazue!

Bilatu