Larraitz Ugarte Zubizarreta
Abokatua

Zuri-beltzeko GARA

Orain, komunitate honek ulertu behar du parekoentzat basakeria hau konplexurik gabe egitearen neurriko garrantzia badu GARA ataka larrian jartzeak, guretzat are garrantzitsuagoa izan behar dela proiektu honi eustea eta bide ematea

Zuri-beltzeko GARA jaso berri dut postontzitik, umeak eskola-kirola egitera eraman ondoren. Ez naiz GARAren zuri-beltzera ohitzen. Ez dut ohitu nahi. Larunbat goiza da eta nire sukaldeko mahaiaren parte den papera, tolestuta, niri begira dago, GAUR8 astekariari astinaldi bat noiz emango diodan galdezka ariko balitzait bezala. «Periodikua» nire herrian askorentzat “El Diario Vasco” da, besterik ez balego bezala. Nire etxean, baina, «periodikua» GARA da, horrek esan nahi duen guztiarekin. Naiz.eus da goizean esnatzerakoan egiten dudan lehen klika eta GARAko PDFa deskargatzen dudan lehen irakurgaia. Garai batean Egin Irratiaren albistegia iratzargailutzat nuen bezalaxe, “Egin”-a besapean izan arte goiza bere horretan hasten ez zen modu berean. Behar bat da nire bizitzan, must bat, ogia eta “periodikua” baitira oraindaino ongizatea ematen didaten oinarrizko zerak. Eta etsipenaren etsipenez haserretzeko gaitasuna ia galduta dugun herri honetan haserrea sentitu dut berriro GARAko arduradunek nire periodikua kinka larrian dagoela esan didatenean.

Nire periodikuak bizitzan eman didanari erreparatu diot egun hauetan. Gogoan daukat gazte ginelarik “Egin”-eko errotatibara joan ohi ginela perretxikoen inguruko bilduma bat egiteko fitxak periodikuan sartzera. «Gure» periodikuagatik edozer egiteko prest euskal gazteok. Ondo pasatzen genuen, geure sentitzen genuen. Argazkiak eskatzera, herrian aldizkaritxo bat argitaratzeko. “Gaztegin”-en sorrerak eman zigun arnasa… «El periódico de la guerra» deitzen zioten nire herriko pseudointelektualek, “El País” «egunkari neutroa» irakurtzen zuten bitartean… En fin…

Itxiera, amorrua, mina. Denbora errekorrean atera zen “Euskadi Información”. Denon ahaleginarekin, komunitate sentimendu horrekin sortu zen GARA. Bitartean, egun eskandalizatzen diren hainbaten onarpen tazitu edo esplizituari esker, “Egin” haren ondorioak euren gorputzean pairatu behar izan dituzten pertsona konprometitu eta familia zoragarriak kartzeletako bisitetan ezagutzeko zortea izan dut.

GARA. Kalitatezko produktua iruditzen zait beste ezer baino lehen eta egunero produktu bat egitea ez da erraza, maiz jendeak besteen lana gutxiesteko duen joera moderno horrekin, kontziente izan ez arren. Horixe da GARAko Emaitzen Kontuko lehen lerroburua. Bigarren, herri honen argazki osatu bat egiteko gai izan da urte hauetan guztietan. Jendeak «berea» edo zuzenean «bera» ateratzen denaren arabera baloratzen badu ere gertaeren kronika ondo egina dagoen. Hirugarrena, hau guztia bere lehiakideak baino bitarteko gutxiagorekin egin du. Eta hau ez da tontakeria. Gipuzkoako Foru Aldundian egon naizen lau urteetan periodikuaren beste ikuspegi bat izan dut, osatuagoa, errealagoa. Eta alde guztietatik Bildu gobernutik kendu nahi zuten kazetari frankotiratzaileez inguratuta egon garenean hor egon dira beti, gure bertsioa entzun eta plazaratzeko prest, baliabide eskasia talentu handiarekin eta borondate hobearekin ordeztuz. Laugarrena, modernizazioari eta sektorearen krisiari aurre egin dio baliabide publikoen erabilera anekdotikoarekin, beste medio batzuek jasotzen dituzten laguntza maila obszenoekin konparatzen badugu. Komunitatearen sostengu erdia militantea-erdia sinestuna izan da proiektu hau aurrera eramateko giltza eta orain ere hala izango dela argi utzi digute GARAko arduradunek.

Orain, duela ia hiru urte zutabe hau hilero idazten hasi nintzenetik, badut komunitatearekin harreman propio bat. Mota guztietako pertsonak etortzen zaizkit nire azken artikuluaren iruzkina egitera. Kalean, Whatsappez… Polita da GARA osatzen dugun familia handi honen hartu-emana sentitzea. Familia, komunitate handia osatzen dugula ikusi dut gainera.

Jarraipen ideologikoa omen dago “Egin” eta GARA enpresen artean. Eta hau nahikoa ei da justizia erabat perbertitua dagoen estatu honetan. Finean, “Egin” izan zen bezala, GARAren aurkako espolioa gure komunitatearen aurkako enegarren gerra kapitulua da. Gure komunitateak ere beharrezko baititu medio propioak, beharrezko baititugu gure betaurrekoekin gertaerak deskribatzen dituzten kazetariak, beharrezko gure iritziekin bat egiten duten iritzi emaileak, pentsatzen dugun hori hitzetan jartzeko gai diren gizon-emakumeak. Beharrezko dugulako txio batek inoiz eskainiko ez duen sakontasunarekin patxada hartu eta pentsaraziko diguten artikulu mardulak, erreportaje luzeak edota zutabe brillanteak. Eta eskubidea dugulako bat ixten badigute beste bat eraikitzeko. Proiektu komun partekatu bat behar dugu eta ezin dut imajinatu hori gabeko  gizarte eraldatzailerik. Komunitatea gauza ederra baita. Ez al duzue gertutasun eta sinpatia bat-bateko bat sentitzen hondartza batean alboko toallako familiak GARA duela ikustean? Horixe da niretzat beste ezer baino lehen komunitate sentimendua. Orain, komunitate honek ulertu behar du parekoentzat basakeria hau konplexurik gabe egitearen neurriko garrantzia badu GARA ataka larrian jartzeak, guretzat are garrantzitsuagoa izan behar dela proiektu honi eustea eta bide ematea.

Ez naiz GARAren zuri-beltzera ohitzen. Ez dut ohitu nahi eta ziur naiz komunitate hau osatzen dugunok ez garela geldi eta zain egongo GARA berriro gorriz tindatuta ikusi arte.

Bilatu