Ruben Iglesias, Ainhoa Larrabe
Hezkuntza mugimenduko kideak

Zutik hezkuntza euskalduna

Egunotan Espainiako Wert ministroak ezarri behar duen ‘Demokraziaren zazpigarren erreforma¸ eta hezkuntzan ematen ari diren murrizketak hainbat egunkariren portada eta iritzi trukea ekarri dituzte. Nabaria da jendartean neurri ezberdinok eragin duten kezka. Eragile, elkarte, sindikatu, mugimendu eta sektore ezberdinek gogor egin dute neurri hauen aurka. Hitzez baina, kritika maila diskurtsiboan garatu badugu ere, hankamotz geratzen ari gara gure praktika politikoari dagokionez. Azken urtean hezkuntza eremuan izandako murrizketek eta Wertek iragarritako azken neurriak dira hezkuntzak urteetan zehar pairatu duen erasoaren muina. Baina, kontziente al gara hezkuntzan dugun egoeraz? Kontziente al gara azken urtean aplikatu diren edo aplikatzear dauden neurri eta planek Euskal Herriko hezkuntza sisteman nola eragingo duten? Etorkizuneko belaunaldiak nola hipotekatzen ari garen badakigu?

Azken urteotan hartzen ari diren neurriok gordinki azaleratzen dute hezkuntzari ematen ari zaion erabilera politiko nahiz ekonomikoa. Estatuek zein Euskal Herria zatikatzen duten administrazioek jakin badakite jendarte eredu baten eraikuntzan hezkuntzak zer nolako garrantzia duen, eta apustu garbia egin dute beraien araberako hezkuntza sistema bat osatzeko bidean berau erreformatzeko. Isilpean, ttantaka-ttantaka, Euskal Herriaren asimilazioaren bidean estrategia oso eta zuhur bat garatzen ari dira. Eredu sozio-ekonomiko liberal eta patriarkala sostengatuko duten pertsonak hezi nahi dituzte, eta bide horretan ikasleak doktrinatzeko urratsak egiten dihardute. Murrizketak egoera sozio-ekonomiko estu baten aurrean hartutako neurri logikotzat aurkeztuz edo plan zein erreformak hezkuntzaren garapenaren hitzekin apaintzen badizkigute ere, guztiak estrategia berean kokatu behar ditugu: Euskal Herriaren asimilazioa.

 

Horren adibide dugu Curriculumean, lurrade nazional guztian jakintza komunak ezartzeko neurria. Edukien homogeneizazioaren aldagaia estatu zein administrazioek aspalditik hona egindako urrats txiki eta isiletan finkatzen joan da: Nafarroaren kasuan “Euskal Herria” terminoa duten testuliburuak doakotasun programatik kanpo utziz; EAEko curriculumean, Euskal Herriko edukiak Erkidegokoetara mugatuz eta abar luze bat. Werten azken neurri honek, aldiz, sabaia jo du. autonomiek beraien curriculuma antolatzeko zuten edukien %45eko tarte hori %35era jaitsiko da. Era honetan, ikasleek barneratu beharreko edukien %65 espainiar Estatuak ezarriko du. Hala ere, portzentajeez haratagoko arazoa dugu honakoa. Ez gaitezen portzentajeen eztabaida faltsuan erori, guk eskumen osoa behar baitugu.

Edukien sarraski hau gutxi ez eta hizkuntza arloan ere desgaste sakona eragiten ari dira ikastetxe guztietan eredu hirueleduna ezarri ahal izateko. Ingelesaren garrantziaz aprobetxatu eta euskarak ikastetxeetan dituen ordu kopuruak murriztera datoz eredu hauek. Trilinguismoa, TIL eta Hello gisako proiektuek euskararen berreskurapen prozesua oztopatu eta datozen belaunaldiei gure ama hizkuntza ezagutu eta menperatzeko eskubidea ukatzera datoz. Ezin aipatu gabe utzi, Nafarroaren kasuan «vascuenceren legearen» ondorioz dugun egoera: milaka eta milaka herritarri euskararen ezagutza bera mugatua zaie bizi diren zonaldearen arabera.

 

Ratioen handitzeak dakarren ikasgelen masifikazioak, irakasleen eskola orduen igoerak... ikasleen arteko ezberdintasunak areagotu eta hezkuntzaren kalitatearen beherakada nabaria ekarriko du. Zer esanik ez, maila pedagogikoan izango den atzerakadari dagokionez.

 

Unibertsitate esparruan ere egoera kezkagarria da oso. Euskal Herriaren garapenerako ikasketa zein ikerketak burutu baino, enpresa pribatuetara makurtzen ari da unibertsitatea. Ikasleak lan makina akritiko eta sumiso izatera bideratuz.

 

Guzti honek ondorio larriak ditu: euskara ezagutu gabe eskolatik atera diren eta ateratzen diren milaka gazte, desnazionalizazioa, Euskal Herriak zenbat herrialde dituen ere ez dakiten herritar andana, euskal nortasunean izandako galerak, frantsez nahiz espainol gisa hezten gaituzten curriculum arrotzak, pertsona gisa garatzen ez gaituzten pedagogia ereduak, inolako parte hartzerik gabeko hezkuntza, patriarkatua iraunarazten duen ereduak... ez al da zerrenda luzeegia?

 

 

Egoera irauli beharra daukagu. Euskal Herriak premiazkoak ditu bere biziraupen eta garapena ziurtatuko dituzten tresna eraginkorrak eta horietako bat da hezkuntza sistema propioa antolatzea.

Hezkuntza herritik herriarentzat sortzen da, belaunaldi berriei gure identitate kolektiboaren ikur diren ezagutzak, jakintzak eta balioak transmititzeko. Herri proiektua da herri baten biziraupen zein garapenaren bidean egiten dion ekarpenagatik.

Herri baten zutabe garrantzitsuenetarikoa izaki, egoera guzti hau kontuan hartuta, urrats praktikoak egiteko tenorean gaude. Hezkuntzaren aferak lehentasun sozial eta politikoa izan behar du. Herritar guztioi dagokigu parez pare dugun egoera honetaz jabe egin eta Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema Propioa garatzeko bidean urrats praktikoak egitea, euskal Estatuari bidea irekitzeko garai iritsi zaigu. Zorionez, euskal hezkuntzak ibilbide oparoa izan du eta hezkuntza sistema euskaldun zein herritarra garatzeko bidean hamaika proiektu garatu ditu. Hauei heldu eta aurrerapauso sendoak emateko unea da. Erantzukizunez, parez pare dugun egoerak eskatzen duen arduraz ekiteko garaia. Estatu zein administrazioetatik datozen aldaketen aurrean, geureari ekitea eta urrats atzeraezinak egitea behar-beharrezkoa da.

Maila nazionalean 2003an Udalbiltzak, Sortzen-Ikasbatuaz, Ikastolek eta Kristau Eskolek egindako hitzarmenetik abiatutako Euskal Curriculumaren proiektua berrartu eta azken urratsak egiteko garaia da. Interes korporatibistak alboratuz, herri proiektu gisa sortu zena herri proiektu gisa bukatu eta aplikatzeko ordua da. Euskal Unibertsitatearen egitasmoa kaxoitik atera eta mahaigaineratzeko momentua dugu.

Herriz herri zein ikastetxez ikastetxe herri eraikuntzari ekitea dagokigu; herrietako curriculumak garatuz; ruskararen normalizazioa bultzatzen duten neurriak hartu behar ditugu ikastetxeetan, Euskararen Kontseiluaren “Ikasleeleanitzak sortuz” proiektua kasu; pertsona aske eta integralak hezteko, praktika hezkidetzaileak garatuz...

Gure herriaren mesedetan egongo diren proiektuak sortu eta eraikitzeko unea da. Belaunaldi berriei euskararen ezagutza, euskal edukiak eta balio aurrerakoietan oinarrituriko heziketa emango dion Hezkuntza Sistema eraikitzeari begirako urratsak egin ditzagun. Txikitasunetik handitasunera, indarrak bilduz, lotuko dugu!

Bilatu