Aritz Soloeta Garmendia | Otxandio

Abortuaz eta beste

Ideologia bat gizarte aurrean biluztarazteko, berauk izan ditzakeen ondorio suntsitzaileak azaleratzea ezinbesteko baldintza da. Bestalde, zaila da aldi berean argudio hau erabiltzeaz batera konpromisu bat ezkutatzen dela uste ez izatea. Abortuaren auzian adibidez, aurka agertzen diren herritar zein erakundeen argudioak gizartean onartuak direla uste izan da, ordainetan herritarrek abortua egiteko eskubidea egoeraren larritasunaren menpe dagoela onartu dutelarik (bortxaketa, txirotasuna…).

Hala benetako bataila, eta ez emakumeei abortatzeko eskubidea onartzen dien legeari dagokiona baizik eta gaiaren inguruko eztabaidari dagokiona, beste parametro batzuetara eraman beharko litzatekeela ulertu beharra dago.

Egun, begi bistakoa da atsekabeak, traumak, bekatu-zorrak eta besterik adierazten ez dituzten iritziak eztabaidatik kanpo geldatu direla eta abortuak, erantzukizun osoz hartu beharreko erabaki zail baten irudia hartu duela herritarren irudimenean.

Beraz, eztabaida honetan abortatzeko faktore nagusiak gaztaroa edota zaurgarritasuna izan ez diren emakumeen ahotsak behar dira. Gaiaren inguruan sortu daitezkeen sentimendu ezberdinak artikulatu eta errespetuan oinarritutako parametruetan artatzeko gai izan behar gara.

Izan ere, zaurgarritasun soziala, gehiegikeriak eta gaixotasunak bezalako faktoreetan itotzen da eztabaida maizegi, ondorioz emakumeek beraien gorputzaren inguruan erabakitzeko eskubide osoa dauketela behin da berriz ahaztuz.

Bilatu