Susana Gil Orozko

Adin txikikoentzat alkoholik gabeko Ibilaldia

Azkeneko urteetan sentsazio berarekin etorri naiz etxera; azkeneko urteetan berriro ez naizela bueltatuko erabaki izan dut. Eta azkeneko urteetan, nire bizitzako urte askotan modura, berriro joan naiz Ibilaldira; zoritxarrez, azkeneko urteetan bezala sentsazio berdinarekin etorri naiz etxera: triste, edo lotsatua, edo agian, biak, triste eta lotsatua.

Ibilaldia euskaltasuna, euskara, ikastolak, gure nortasuna eta abarrekoak batzen zituen kutsu hura galtzen ari da. Horrelako ekitaldiak, gaur egun, nerabeek eta gazteek botelloia egiteko aukera paregabea bihurtu dira, oztoporik gabe, lotsarik gabe (hauek bai) eta inolako ondoriorik gabe. Ordua da instituzioek eta gizarteak; hau da, GUK, zerbait egiteko. Hainbat aukera egongo dira, baina esan beharra dago momentuz heziketak ez dituela bere helburuak bete. Agian zerbait «gogorragoa» egitea beharrezkoa da, agian legeak bete behar dira. Esate baterako, adin txikikoei alkohola saltzea debekatua dago, zergatik ez da lege ezagun hori betetzen beste nazio askotan egiten den bezala? non dago arazoa? Nork saltzen die? Non dago euren erantzukizuna? Ezin da legea bete? Benetan?

Duela ez horrenbeste urte, inork ez zuen uste izango jatetxe eta tabernetan tabakorik ez zela erreko, legez ezarri zen eta zorionez, lasaitasun osoz hartu dugun/duten egoera da. Etorkizunerako gustuko Ibilaldira joatea nahiko nuke, eta ez neurrigabe edaten ari diren adin txikiko gazteez inguratuta dagoen Ibilaldia. Horregatik, zerbait egiteko garaia da; lehenbailehen zerbait egin DAGIGUN!

Bilatu