Martxel Toledo Garmendia, Girizia pilota saila

Adiorik ez Antxin! Jarraitu orain arte bezala

Juan Ezkerro «Antxin» oiartzuarra eta palista orain egun batzuk zendu da 58 urte betetzen zituen egun berean. Urte askuan Girizia pilota sailako pilotaria, delegatua, monitorea eta hainbat lan egindakoa joan zaigu bat batean. Gorputzez ez hain handia baina palista bikaina eta txapeldun handia. Pertsona bezala berriz, jatorra, lagilea eta eredugarria izan da ezagutzeko sortea izan dugunontzat. Beti irrifartsu eta beti prest laguntzeko. Hutsune handi utzi du gure artean eta batik bat pilota eta pala munduan.

Bat bateko agurrean, etxeko familia eta inguruko lagunekin batera, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gizpukoa osotik etorritako bere lagun pilotari palistak egon ziren. Xumea, hunkigarria eta jendetsua izan zen eta bertan antzeman genuen zein maitagarria izan den eta oraindik izaten jarraituko duen gu guztiontzako.

Adiorik ez Antxin! Jarraitu orain arte bezala, pilotan jolasten eta gozatzen. Eta eskerrik asko izan zaren bezelakoa izateagatik. Beti egongo zara gure artean eta gure oroimenean.

Bilatu