Juan Luis Mugertza Unanue

Ahoa zabaltzeko ordua

Espainiaren egoera inoiz ez da ona izan, baina azken bolada honetan txarrera egin du nabarmen, eta ez du ematen sendabide ona topatuko duenik epe laburrean, behintzat, nahiz eta demokrazia-farmakoak Europar Batasuneko merkatu beltzean erosteko sekulako laguntza izan. Kataluniako aferak desorekatu egin du, oso, eta ez omen dakite zer egin bizi-ohitura okerrak zuzentzeko. Gurean, sekulako aukera galdu genuen katalanekin bat egiteko, eta Espainiaren heriotza-agiria sinatzen laguntzeko, baina mutu gelditu ginen. Ahoa lehengoan Madrilen batutakoek (ez hainbestek) eta Pedro Sanchezek zabaldu zuten, eta argi eta garbi esan ziguten, zer nolako errezeta erabiliko duten autodeterminazioari aurre egiteko. Izan ere, laster hauteskundeak izango dira, eta, gurean ez bezala, espainiarrek badakite, dagoeneko, aukerako osagileek zer nolako tratamendua erabiliko duten. Gu, bitartean, itxaron zerrendan, ez dakit noiztik, jakin gabe gure osasun egoera nolako den, ezta aurrera egiteko aukerarik dugun ere. Ez da nahikoa autonomiarena, ausartzen ez baldin bazara gaixoari egia esaten. Geuk ere espainiarrek bezala, jakin nahi dugu autodeterminazioaren inguruan ahoa zabaltzen ez duten politikari horien sendabidea aurrera egiteko nolakoa izango den. Ala beldur dira diagnostikoa esateko, eta gaixoak medikuz aldatzeko?

Bilatu